Zentrifugo, zentripeto


Eskaera iritsi zitzaigun pasa den astean gurekin elkarlanean diharduen hedabide baten aldetik: mundu akademikoko jendearekin mahai-ingurua egin gura dute, eta galdera zehatz hauek planteatu dizkigute:

–  Zer pentsatzen duzue gure produktuez? Non izan daitezke gure balio erantsiak?

–  Zelan antolatu behar lirateke lan-dinamika berriak?

Galdera horiek entzutean egunotan esku artean darabildan liburu bat etorri zitzaidan akordura: Henry Jenkinsen Convergence Culture. Where Old and New Media Collide (2013). Hedabideon azken boladako joerei erreparatuta, egun gailentzen ari den ezaugarri nagusia konbergentzia dela dio Jenkinsek, baina berba horri maiz eman ohi zaion zentzu murriztailea dezente zabaltzen du MITeko Comparative Media Studies Program-eko ikertzaile ohi honek: beraren ustez, konbergentzia ez da mugatzen hainbat hedabide plataforma teknologiko bakarrean biltzera; remix kulturari, hartzaileek jasotako mezuei zentzu berriak eman eta berauek eraldatzeko izan dezaketen botereari erreparatzen dio berak, besteak beste. Izan ere, Jenkinsen arabera (2006:17), konbergentziak eduki-ekoizleen eta hartzaileen arteko harremana errotik eraldatu du: “It doesn’t just involve the mobile companies getting together with the film companies to decide when and where we watch a newly released film. It also occurs when people take media in their own hands.”

Egunotan ikusten ari garen mugimendu batzuk Jenkinsek iradokitako paradigma-aldaketa horren logikan kokatu beharrekoak direla begitantzen zait: Youtube ordainpeko kanalei ateak zabaltzen, erabiltzaileek sorturiko eduki geroz eta ugariagoak, Youtuber-en fenomenoa (eskerrik asko estekagatik, Goio)…

Fenomeno horiek guztiek, bistan denez, ahuldu egiten dituzte aparatu mediatiko indartsu eta zentralizatuak. Punk mugimenduaren hasiera garaiak oroitarazten dituen do it yourself leloa indartzen ari den garaiotan, komunikazio arloa demokratizatzen ari ote zaigu, horrenbestez? Gurago bai, horrela balitz, baina… “at the same time, there has been an alarming concentration of the ownership of mainstream commercial media, with a small handful of multinational media conglomerates dominating all sectors of the entertainment industry” (Jenkins, 2006: 18).

Nolanahi dela, bada bi polo horiek uztartu  guran dabilenik. Axel Bruns-ek (2013), berbarako, Pro-Am egitasmoak ditu hizpide, profesionalak eta amateurrak biltzen dituzten egitasmoak, alegia: “(…) a combination that is more than likely to be centered around Pro-Ams as pivotal points of connection between these different worlds.”

Uztarketa horrekin asmatuz gero, euskarazko hedabideek zer irabazi dezente izan dezaketela iruditzen zait (Flandrian Het Belang-ek egiten duenaren ildotik).  Unibertsoa bera gobernatzen ei duten indar zentrifugo eta zentripetoak ere, azken batean, ez dira elkarren etsai, elkarren osagarri baino, eta bien arteko eguneroko konbinazioak mugitzen du mundua…

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu