Robotizatu gabeko kazetaritzaren etorkizunaz


Txosten interesgarria argitaratu du aurten Reuters Institutuak, kazetaritza digitala (erredundantzia da agian…) oinarri hartuta: Reuters Institute Digital News Report. Tracking the Future of News. Aldaketa bizian jarraitzen duen mundu baten argazkia aurki daiteke bertan, datu ugariz hornitua. Aldakaten adierazgarri modura aipatzen ditu txostenak, besteak beste, albisteak kontsumitzeko baliaturiko telefono aurreratu eta tableten erabilera hazkorra, kontsumo multiplataformarako joera, albisteen truke Sarean ordaintzeko prest dagoen geroz eta jende-multzo handiagoa eta marka handiek oraintsu arte izan duten monopolioaren amaiera: AEBetan jendeak albiste bila marketara, hedabide ezagunetara jotzen duen bitartean, geroz eta handiagoa ei da berrien xerka bilatzaileetara edota sare sozialetara doazenen kopurua.

“In France and Germany”, dio txostenak, “search engines are the most important gateway –used about twice as often as in the UK. In Brazil, social media are the top-ranked gateway for our urban-based online sample (60% said it was one of the five most important ways of finding news). The same is true in Spain (45% social media compared with 40% for search). Japanese consumers, by contrast, are more likely to get news from aggregators and portals, followed by search.”

Kinka honetan, Frantzia, Alemania zein Japoniako joera horiek gogoan iltzatuta nituela, Reutersen arabera erredakzioetan gertatzen ari den fenomenoak eman dit atentzioa: “Most news organisations are reconfiguring their workflows for the multi-platform age –trying to drive more output to more platforms with the same number (or fewer) journalists.”

Gogoan dut zelan iragarri zuen Luistxo Fernandezek bitartekaritzarik gabeko kazetaritza 2004an, Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuan, artean telekomunikazio enpresak eta Interneteko bilatzaile eta batzaileak kazetaritza munduan muturra sartzen ia hasi berriak zirela; gerora apurka-apurka gorpuztuz joan da profezia hori, kasu batzuetan erredakzioak ia-ia kazetariz husteraino (The Huffington Post-en eredu kritikatua da joera horren erakusgarririk behinena).

Reutersen txostenean ageri den ondorioetako bat (“clearly, news brands still matter but a strong name and long heritage is no longer enough”) etorri zait burura, bestalde, Amazon-eko CEO Jeff Bezosek aurten The Washington Post 250 milioi dolarretan erosi duela jakindakoan. Susmoek aise egin dute habia bazterretan (izango zuen eraginik akaso Amazon baitako lan-dinamikei buruz kaleraturiko informazioak), baina Bezosek kazetaritzaren etorkizuna bermatzeko proposamen-sorta batekin erantzun du.

Ikusiko dugu zer bide egiten duen mundu tradizionalaren eta eredu berrien arteko uztarketa horrek. Oraingoz, jakin badakiguna da soilik Interneten jardunda ere posible dela robotizazioaz harago joan gura duen kazetaritzaren aldeko apustua egitea, izan norbere eskualdean, izan probintzian, izan esparru zabalagoetan, Banaketa- eta inprimatze-kostuak saihets daitezke gainera horrela, eta, negozio-ereduaren inguruko eztabaidak gorabehera, geroz eta gehiago dira dirurik galdu barik horrela dihardutenak (eta, bizi ditugun garaiak bizi ditugula, hori bada zerbait).

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu