ETB1en irudi berriaz


Ikasturte berriarekin batera telebista kateek haien programazioa aurkeztu dute, telebista saio berriak parrilan jarri eta audientziaren erreakzioak ezagutzeko garaia izaten da-eta iraila eta abendua bitartekoa. Aro berri honetan, arreta jarri diogu Euskal Telebistaren lehenengo kateari.

EITBren zuzendaritza berriak hasiera-hasieratik erakutsi zuen ardura euskarazko eskaintza indartzeko eta hedatzeko, eta jakin badakigu ahalegin bereziak egin zituztela pasa den ikasturtean eragile eta adituekin, kezkak eta nahiak partekatzeko. Hausnarketa horretatik bideratu dute plan estrategiko berria, Deiak aditzera eman duen moduan. Erronken artean aipatzen dira, kalitatezko informazioa ematearen beharra, garai berrietara egokitu beharra eta euskarazko eskaintza indartzearen beharra.

Ez da, beraz, asmo hutsean geratu zuzendaritza berriaren nahia, eta aurtengo euskarazko programazio berria horren adierazle da. Udan jada hasi ziren Etb1-en irudiari astindua ematen, spot jostari batekin. Musikarekin asmatu ez bazuten ere (adi letraren kutsu sexistari), euskarazko katearen irudi moderno eta berritua aditzera eman zuten bideo promozionalarekin, Etb1, denok batera! lelopean. Haren ondoren ezagutu genuen euskarazko programazio-taula eduki propioz betetzearen asmoa, eguerditik hasi eta prime-time ordura arte, eta ikasturtearen hasierarekin sorpresa atseginez jaso dugu uzta berria.

Saio berrien artean denetarikoak ikusi ditugu; batetik, telebistaren ohiko ereduei jarraitu diotenak, Jaime Otamendik aurkeztutako Airean magazina, esaterako. Bestetik, estetika freskoagoarekin sortu diren saioak ere badaude, tartean, Tumatxak, euskal musikarien gaineko erreportaje saioa.

Programazio eraberritua eta zabala, beraz, Etb1en atsegin handiz ikusi duguna. Hala eta guztiz ere, ausartzen naiz esatera ez direla gehiegi arriskatu telebista saioen formatuei dagokionez. Izan ere, eta plan estrategikoan aipaturiko erronkak bergogoratuz, garai berrietara egokitzea bada Eitb-ren desafio bat, eta pantailaratu diren saioek ezer gutxi eskaintzen diote eredu multimediari eta parte hartzaileari.

Kalitatezko informazioa eskaintzea ere bada beste erronketako bat; horri jarraiki, Etb1eko albistegiak erreferente bihurtzeko bidean oraindik ere lan handia egiteko dagoela iruditzen zait. Horretarako, informazioaren erreferentzialtasunaz eta lurraldetasunaz hausnartzeaz gain, Gaur Egunek programazioan betetzen duen tarteaz edota gaztelaniazko informatiboen menpekotasunataz sakon eztabaidatu beharko litzateke. Horrekin batera, estreinatu berri den Euskal Herria Zuzenean saioak mesede gutxi egiten dio kalitatezko informazioari, badauka-eta prentsa horiaren kutsu gehiago.

Euskarazko eskaintza indartzen hasi dira, beraz, eta pozik eta baikor nago eman diren pausuen aurrean. Bidea, baina, hasi besterik ez dute egin, eta tentuz jarraituko ditugu haien pausuak, nahi baino, behar dugun euskarazko telebista-eredura hurbil ahal izateko.

 

Iruzkin 1 dago

Zurea gehitu
  1. 1
    Eneko Bidegain

    Guztiz ados Amaiarekin. Lurraldetasunari dagokionez, atzerapausoa izan da Iparraldearen Orena kentzea. Teorian, ez da logikoa Iparraldeak bere leiho berezia edukitzea; albistegi nazionalean sartu behar lirateke Iparraldeko berriak. Zoritxarrez, ez daukate tokirik, oraindik ere ez, eta Euskal Herria Zuzenean saioan ere ez. Beraz, lurraldetasunak galdu du.

+ Iruzkin bat laga