Fagorreko komunikazio inkomunikatiboa


Fagorreko bazkideak kalera atera dira euren egonezina eta haserrea adieraztera. Gutako askori deigarri egin zaigu, aldi berean, Fagorreko  langile eta ugazaba direnak kalera atera izana, eurak orain arteko prozesuan zerikusirik izan ez balute moduan. Zaila zaigu hau ulertzea, kontutan hartzen badugu, kooperatibetan bazkideak hartzen dituztela erabakiak (erabakirik garrantzitsuenak behintzat bai). Bazkide batzuen adierazpenek agerian utzi dute egungo kooperatibismoak bizi duen ahultasun bat: bazkideen gehiengo batek ez du bizi kooperatiba norbere proiektu gisa. Fagorreko gertaerek komunikazio gardenaren (ezaren) inguruan hausnartzeko bide ematen dute.

Gardentasuna oso tresna indartsua da bizitzako esparru guztiak eraldatzeko. Esparru pertsonalean, laboralean edo politikoan, harremanak iraultzeko indarra daukan tresna da. Eta  edozein proiektu (pertsonal, laboral edo politiko) solido eta sendo sortzeko beharrezkoa da konfiantza eta konfiantza izateko lehen oinarria harremanak egiatik eraikitzea da.

Kooperatibek duten izaera demokratikoak eskatzen du gardentasunez jokatzea.  Gardentasunak badu kolektibo batengan eragiteko indarra; konfiantzak eta inplikazioak gora egiten dute erakunde gardenetan eta behera berriz, erakunde opakotan. Eta eragin hori sortzen du, ez soilik informazio gardena jasotzen dutenengan, baizik eta baita, informazio hori ematen dutenengan ere. Irekiak diren pertsona eta erakundeak ere, indartu eta hazi egiten dira. Kontrara jokatzen dutenean berriz, txikitu eta beldurtu egiten dira.

Gardentasuna lotzen du Rawlins-ek (2009) sinesgarritasunarekin, konfiantzarekin, erantzukizun sozialarekin eta etikarekin eta guzti hau dago estuki erlazionatuta, kolektiboaren inplikazioarekin. Autoreak erlazio estuan jartzen ditu gardentasuna eta konfiantza. Zenbat eta irekiagoa eta gardenagoa izan erakundea, orduan eta kolektiboaren/herritarren konfiantza eta inplikazio handiagoa lortuko da. Konfiantza ereiten duenak, konfiantza jasotzen du trukean.

Egun, bai kooperatibetan eta baita gizartean ere, bizi dugun hozte demokratikoak eskatzen du,  informazio osoa eta egiazkoa jasotzea. Soilik bide horretatik lortuko da herritarren konfiantza eta inplikazioa areagotzea; demokraziaren berreraikitzea. Regenerazio demokratikoa etorriko da, erakunde irekiago eta gardenagoak berregitetik.

Bai enpresa munduan eta baita politikan ere, informazioa sarritan ezkutatzen da; bai ona dela uste delako edo informazioa izateak boterea areagotzen duen ustearekin, eta, beraz, informazioa pilatzeak eta ez demokratizatzeak botere posizioa indartzen duela uste izaten delako. Nolabait, informazioa ezkutatzea boterea kontzentratzeko modua da. Baina kontrako efektua ere sortzen du: boterea edo informazioa ez bada demokratizatzen, nekez lortuko dugu jendearen inplikazioa.

Inplikatuta gauden auziei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea daukagu. Eragiten diguten kontuei buruz jakitea eskubide bat da eta baita eragindako pertsonak duen obligazio bat ere. Erabaki zuzenak egoki hartzeko bai herritarrek (maila politikoan) bai bazkideek (kooperatiban), informazio gardena jasotzeko eskubide/obligazioa dute.

Fagorrek urtetan bazkideei begira izan duen komunikazioa gardena izan bada, kosta egiten da bazkideen kale agerraldia ulertzea. Horrela izan ez bada, berriz, ulergarria da euren haserrea.

2 iruzkin daude

Zurea gehitu
  1. 1
    Joxema Bergaretxe

    Kaixo Ainhoa!

    Nik ulertzen dut ostegun arratsaldeko agerraldia, baina ez komunikazio gardenaren faltaren ikuspegitik bakarrik, baita pertsonaren eta komunitatearen ikuspegitik ere. Bat-batean oraingo egoerak komunitate baten partaide izatetik bakardadera eta etorkizunean non izango zaren ez jakitera eramaten zaitu.

    Kooperatibako partaide izateak proiektu pertsonala eta komunitarioa bat egiten ditu arlo askotan eta hori apurtu egin da bat-batean.Manifestaldi horretan izan ginen pertsona batzuk enpresa proiektuaz gain bizipen eta esperientzia komunitario bat ere badoala adierazi nahi izan genuen.

    Ondo izan.

  2. 2
    Ana Altuna

    Kaixo Ainhoa, estando de acuerdo con todo lo que dices, intento ponerme en la situación de una socia o socio que habiendo recibido la información y habiendo confiado en que era cierta, confiando en que cada uno en su puesto aporta lo mejor de ella o de el, encontrarse ahora en una situación de incertidumbre sobre su futuro laboral, con cargas económicas, y cada una o uno con su situación personal,… y la verdad es que entiendo la necesidad que tienen de salir a la calle y expresar su enfado.

    Estoy segura de que poco a poco irán dirigiendo mejor sus capacidades encaminandolas a mejorar su situación y/o aceptandola de otra forma. En resumen, sabiendo que no es la forma más adecuada de reaccionar, por ser trabajador/a y propietario/a de tu cooperativa, no puedo decir que no les entiendo.

+ Iruzkin bat laga