Benetako istorio batean oinarrituta


“La tarea de la ficción es la persecución de la verdad, no de los hechos”. Oakley Hall.

Coen anaien Fargo filma (1996), Carter Burwell-en musika ederra lagun, testu honekin hasten da:

THIS IS A TRUE STORY *
The events depicted in this film took place in Minnesota in 1987.
At the request of the survivors, the names have been changed
Out of respect for the dead, the rest has been told exactly as it occurred.

Coen anaiek testu hau sartzerakoan ondo zekiten “istorio errealean oinarritutakoa” etiketak ikuslearengan sortzen duen lilura. Ikusleak gogoko du ikusten duen obra zerbait erreala bezala barneratzea. Fargoren kasuan, ordea, kontutan hartu behar da ñabardura bat: filma fikzio hutsa dela eta Minnesotan, 1987an ez zela horrelako ezer gertatu.

“Benetako gertaera batean oinarritutakoa”  etiketa fikzioan asko erabili den arren, susmoa dut azkenaldian berarekin inoiz baino gehiago topo egiten dudala. Azken garaiko filmen errepaso azkar eginda sarean, Argo, The ButlerDiana, Captain Phillips, Lo imposible, 12 years a slave… eta beste pila bat azaleratzen dira esfortzu asko barik.

Ematen du barneratuta dugula errealitatea kontsumitzeak funts gehiago duela fikzio hutsa kontsumitzeak baino. Egia eta gezurra parez-pare jarrita, ez dago lehiarik. Ikuslegoaren gehiengoak egia nahiko dugu, plus bat ematen digulako. Ez dira gutxi ezta ere pentsatzen dutenak istorioak asmatzen ibili beharrean, errealitate kontatzea askoz mamitsuagoa dela. “Zinea, kasurik onenean, bizitzaren kopia bat da” esan zidan ezagun batek aurrekoan eta ni zer erantzun ez nekiela gelditu nintzen.

Badaude baita egiaren zaindari rola jolastera dedikatzen direnak eta ez dietenak bat bera ere pasatzen uzten oinarri erreala duten filmeei. Etiketaren lilurak badu bere ifrentzua, hots, benetakoa den horri eskatzen zaion zehaztazun morala(?). Baina, noraino da zilegi eskaera hori egitea? Noraino da posible gertaerak aldatzea? Nola kontatu bizitza bat bi ordutan, egia eraldatu gabe? Errealitateak argumentua ematen du, baina hori gero bi ordutara ekartzea, ikuslearen interesa mantendu asmoz, ez da batere erreza. Mark Twainek zera esaten omen zuen:

“Fikzioa eta errealitatearen arteko diferentzia? Fikzioak koherentzia izan behar duela”.

Egia eta gezurarren lehia honek itolarria sorrarazi izan dit behin baino gehiagotan, nik neuk askotan pentsatu izan dudalako egiazko istorio batek funts gehiago duela guztiz fizkiozkoak diren istorioak baino.

Dena den, horrelako pentsamenduak ditudanean, Fargoren hasiera etortzen zait burura eta lasaitu egiten naiz. Filmaren lehen segundu horiek itxi egiten dute nire baitan “erreala” hitzak, fikziozko obra bati lotuta dagoenean, sorrarazten didan eztabaida amaiezina.

Coen anaiak ez dira kokiltzen eta gezurra lotsagabe esaten dute (hau istorio erreal bat da)… behin eta berriz (bizirik irten zutenak eskaturik izenak aldatu dira). Amaierako esaldia ere azpimarratzekoa da (beste guztia zehatz-mehatz, gertatu bezala kontatu da) Labur esanda, Coen anaiek gozatu ederra hartzen dute ikusleari adarra jotzen.

Engainu baten bidez, Coendarrek hankaz gora jartzen dituzte fikzioak errealitateari zor dion ustezko zehaztasun morala eta ikusleak gai honekiko dituen uste sendoak. Gezur lotsagabea erabiltzen dute egi batera iristeko, hau da, “errealitatean oinarrituta” etiketa artefakto narratibo bat gehiago da eta, fikzioak, egiazko istorio bat kontatu arren, fikziozko arauak jarraitu behar ditu koherentzia bat lortu nahi badu.

Ikuslearen interesa bi orduz mantentzeko egileek elementu narratibo desberdinak erabili beharko dituzte (tramak eta azpitramak, pertsonaiaren gatazkak, suspentsea… ) eta ikusleak berak erabaki beharko du oinarri errealeko etiketa horrek zenbaterainoko garrantzia izango duen istorioa disfrutatzerako orduan.

Egi edo gezur, zerbait narratzen ari garen momentutik, badirudi fikzionatzen ari garela. Azken batean ez al dugu benetako Historia bera ere literatura bezala narratzen? 

* Hau istorio erreal bat da /Film honetan antzeztutako  gertaerak Minnesotan, 1987an jazo ziren/ Bizirik irten zutenak eskatuta, izenak aldatu egin dira/ Biktimei zor zaien errespetuagatik, beste guztia zehatz- mehatz, gertatu bezala kontatu da.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu