Zinematik unibertsitatera


Zer idatzi jakin ez, eta aurreko astean irakurritako bi gogoeta hona ekartzea deliberatu dut. Bata zinemaren ingurukoa da, besteak unibertsitatea du hizpide, baina, batak zein besteak, egoera baten erretratua egiten dute, nik uste.

Jean Michel Frodon zinema historialari eta kritikari ezagunak idatzitakoa da lehena. Ohi bezala, egunkari, aldizkari, irrati, blog eta gainerako euskarri guztiek urteko kultur uzta ‘onenaren’ berri eman dute azken asteotan, zerrenda modura eman ere. Urteko pelikula onenak, urteko disko onenak, urteko liburu onenak,… urteko letania onenak urterik urte. Kanonaren gainean gogoeta aberats askoak idatzi izan dira gurean, Idurre Alonso lankideak besteak beste, eta ez naiz horretan gehiegi luzatuko, baina kuriosoa da ikustea, beste behin, nola zerrendagile guztiak bat datozen berenak osatzerako garaian, nork bere bezeroari begira (ez da posible horrenbeste lagun bat etortzea zerrendetan, edozein dela ere argitalpena).

Hortxe kokatuko nuke Frodonen gogoeta. Hark ere bere zerrenda osatu du, noski, nahiz eta haiekiko fede handirik ez azaldu, eta haien izaera normatibo eta efektu konformista salatu dituen. Bere hausnarketan dio, gutxi gorabehera, zerrenda bat osatzea nork bere buruari hitz egiteko modu zifratua dela, besteekin konpartitzeko asmoz egina, eta besteek irudika gaitzaten guk nahi edo desio nahiko genukeen bezala: “Componer una lista es una manera cifrada, pero con esperanza de compartirla, de hablar de uno mismo tal como deseamos ser percibidos por los otros”. Alegia, zerrendaren bitartez ‘biluztu’ egiten gara besteen aurrean, baina ez, seguru asko, garen moduan agertzeko, besteei begira baizik, haiek osa dezaten guri buruz geuri gustatuko litzaigukeen irudi jakin bat, besteek gutaz irudikatzea desio nahiko genukeena lortzeko.

Bigarren gogoeta, Pako Etxeberria EHUko irakasle eta Aranzadi elkarteko mediku forentseari egindako elkarrizketa batetik atera dut, Joxe Aranzabali esker jasoa. Honela dio Etxeberriak elkarrizketa horretan, unibertsitatean eta bereziki ikerketaren alorrean azken aldian zabaldu den lasterketa eroa dela eta:

“Nire lanak gizarteari positiboa den zerbait ekartzen dionean, asko disfrutatzen dut. Eta hau, arrazoi sinple batengatik esaten dut. Unibertsitatean bada joera bat norberaren curriculuma argitaratutako artikuluen arabera neurtzeko. Irakasle asko honekin txoratzen dira. Beraiei beste guztiak berdin die baldin eta aldizkari batean, bide batez inork irakurtzen ez duen aldizkari batean, ‘paper’ bat argitaratzen badute. Gainera, obsesio honek gizartearentzat garrantzi gutxi izan dezakeen lan bat egitera bultzatu ditzake. Interes gutxi izan dezakeen zerbait burutzera, hain zuzen ere. Artikuluekin curriculum bat hobetzeko obsesio horrek asko kezkatu eta haserretzen nau. Badira irakasle batzuk beren curriculuma bi arratsaldetan egiten dutenak eta hori ez da egokia. Curriculuma puztea baino, hobe da gizarteari ekarpen bat egitea”.

Gironako Unibertsitateko irakasle batek idatzi zuen behin, Michel Foucault bera ez litzatekeela egun akreditatuta egongo unibertsitatean klaseak emateko, ez zituelako ikerketa artikuluak argitaratuta aldizkari zientifiko indexatuetan. Ez dakit seguru, baina uste dut horrek ere zer pentsa eman beharko ligukeela.

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu