Eta zuk, zergatik partekatzen duzu?


Bideo bat iritsi zitzaidan bart whatsapp bidez; gustatu eta klik eginez, lagun talde bati bidali nion. Interneten gabiltzanon artean, nork ez du horrelakorik egiten?

Hain dago hedatuta edukiak partekatzea (berdin dit albistea, txistea edo dena delako bideoa izan), hain da ohikoa berauek zabaltzea, ezen birusarekin parekatu duten. Eduki biral izenarekin bataiatu dituzte, batetik bestera pasatzen diren edukiak, hitzetik hortzera bezala, internetek eskaintzen dituen bide anitzetatik zabaltzen diren  edukiak.

Zer da, baina, partekatzen duguna? Eta, harago joanda, zerk bultzatzen gaitu partekatzera? Birusa bailitzan, eduki hori zabaltzera? Galdera hori erantzutera dator Computers in Human Behavior aldizkariak joan den azaroan argitaratutako artikulu bat.

National Science Foundationeko kide Rossana E. Guadagnok eta bere taldeak ikerketa bat egin zuten aztertzeko zerk egiten duen bideoa “biral” bilakatzea. Emozio desberdinak eragiten dituzten bideo sorta bat erakutsi zieten unibertsitateko gazteez osatutako laginari: barregarriak,  maitagarriak (umeak protagonista dituzten bideoak), nazkagarriak, edota haserrea sorrarazten dutenak. Eta tartean, emoziorik sortzen ez duten bideoak sartu zituzten, bideo neutroak, ikerlarien hitzetan.

Ikerketaren emaitzarik nagusiena da, emozioa sorrarazten dituzten bideoak (izan emozio positiboak zein negatiboak) direla gehien partekatzen eta zabaltzen ditugunak, eta emozio positibo eta negatiboen artean, positiboak direla gailentzen direnak.

Jokaera honek ba omen dauka bere izena psikologian: kutsadura emozionala. Izan ere, termino honen arabera emozioak gaisotasun bat bezala hedatzen dira, eta horregatik jokaera kutsakortzat hartzen dira. Kutsadura psikologikoak eragin sozialen baitan ulertu behar dira; izan ere, psikologia sozialaren arabera, pertsonok ingurukoei begiratzen omen diegu erabakitzeko jokaera bat aproposa den ala ez.

Medikuntza eta psikologia terminoen laberintoan sartuta, ahaztu zait Komunikazioa ardatz duen blog baterako idazten ari naizela. Klik baten edo “atsegin dut” baten atzean dagoen arrazoietariko bat izango da sozialki onartua izateko guztiok daukagun beharra. Nire barrenean miatuz gero, identifika nezake motibazio hori. Haatik, testu hau idaztera eraman nauen artikuluaren egile Eric Jaffe-k dioen bezala: gauza bat da jakitea eduki baten arrakasta –ikusia izateko, eta ondoren, hedatua- emozioa sorraraztean dagoela; gauza bat da pertsona bat klikatzera bultzatuko duten emozioak ulertzea,  eta guztiz bestelakoa, dena delako emozioz betetako eduki hori sortzea.

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu