Interneteko sare sozialak audientzia ikerketetan: abiadurari aurre egin ezinda


Urtarrilaren 21etik 24ra egin zen Bilbon Komunikazio eremua, Komunikazioaren Ikerketarako Espainiako Elkarteak antolatutako nazioarteko batzarra. MUko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatetik hainbat lagun bertaratu ginen, batetik, burutzen ari garen hainbat ikerlanen aurkezpenak egitera, eta bestetik, ezagutzera zertan den Espainian komunikazioaren inguruko ikerketa-lana. Ikerketa-eremua hain zabala izanik, zazpi azpigaitan banatu zen jardunaldia. Nik eman nituen bi egunak ikerketa tesiarekin lotura zuzena zuen audientzia ikerketen sailean. Interes handiarekin jarraitu nituen audientzia ikerketen saileko aurkezpenak, eta atentzioa eman zidan ikerketa askotan Interneteko sare sozialak zirela ikergai nagusia; besteak beste, honako ikerketak aipatu ziren: nerabe etorkinak eta identitatearen eraikuntza sare sozial birtualetan, sare sozialen garrantzia 15M mugimenduaren informazio-kontsumoan, Interneteko sare sozialen bitartezko harremanak eta arriskuak, eta abar. Aurkeztu ziren ikerketa gehienen landa lanak 2011an edo 2012an eginak ziren, eta gutxi batzurenak 2013an.

Hedabideen eta audientziaren arteko harremanak aztertzerakoan, beraz, sare sozialek, eta Tuentik bereziki, presentzia nabarmena izan zuten jardunaldietan. Ez da gauza berria hori, izan ere, ikerketa askok, gureak tartean, sare sozialen garrantziaz hitz egin dute; hala ere, esanguratsuena iruditu zitzaidan, Interneteko sare sozialak zirela lan askoren ikerketa-objektua edo erdigunea.

Jardunaldien aste berean Espainiako El País egunkariak argitaratu zuen albistea, esanez, Tuentik 6 hilabetean %58 erabiltzaile galdu dituela. GlobalWebIndex aditua da Interneteko merkatu ikerketetan, eta haien datuen arabera, Tuentik sekulako beherakada jasan du, beste herrialde batzuetako sare sozialei gertatu zaien antzera. Whatsapp bat-bateko mezularitza-aplikazioaren arrakastaz jabetuta, urte hasieran aurkeztu zuen Telefónicak (Tuentiren akziodun nagusiak) mugikorrerako app berria: Tuentiren erabilera posible denak baztertu, eta lagunekin txateatzeko aukera eskaintzen du aplikazioak, Whatsapparen eta sortu berri den Telegram-en antzera. Aplikazio berri horrekin audientziaren kontsumo-ohitura berrietara egokitzeko ahalegina egin bazuen ere Tuentik, esfortzuak eta diru-inbertsioak ez du balio izan Whatsapp aplikazioari aurre egiteko.

Facebook-i ere antzerako etorkizuna opa diote Princeton unibertsitateko ikerlariek, horien arabera, hiru urte barru %80 erabiltzaile gutxiago izango du-eta sare sozialak. Bitxia da John Cannarellaren eta Joshua A. Spechleren lana, izan ere, parekatu dituzte sare sozialen arrakasta- eta gainbehera-faseak, epidemiak hedatzen eta desagertzen diren abiadurarekin: azkar zabaldu eta polikiago, baina arin ere desagertzen dira denak.

Horra hor, bi errealitate, tempo eta iraungitze-data desberdinekin: akademia eta merkatua. Unibertsitateko ikerlariok komunikazio-ohitura eta fenomeno berriak ulertzeko eta deskribatzeko egiten dugun lana nekeza izan ohi da, eta argitara eman orduko, zaharkitua geratzen da ikerlan oro, merkatuak hartu duelako beste norabide bat. Ez da erronka makala, beraz, errealitate gaurkotuak deskribatzea, komunikazio-eremu berrien aurrean aurkitzen baikara etengabe.

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu