Dena prest…. ekin film laburrari!


Abian da ikasturte berria Ikus-entzunezko Komunikazioa graduan, eta berarekin batera proiektu berri bati ekin behar diote 4. mailako ikasleek Proiektua: Film Laburra materian.

Laugarren mailako ikasleak taldeka antolatzen dira idatzizko istorio bat ikus-entzunezko bilakatzeko, aurreko urtean Gidoigintza materian beraiek idatzitako gidoi sorta bat abiapuntu hartuta,. Erabaki asko, hamaika buru-hauste eta beste horrenbeste arazo eta erronkei erantzun beharra tokatzen zaie urtero-urtero.

Esan bezala, materia bat gainditzeko ezinbesteko baldintza da ikasleentzat taxuzko film labur bat egitea. Baina notaz harago doa lan hauen ibilbidea eta oihartzuna. Izan ere, graduaren beste materia baten baitan antolatzen du ikasle talde batek Huhezinema, Euskal Film Laburren jaialdia, eta bertan atal eta sari sorta bereizi bat daukate  Mondragon Unibertsitateko ikasleek egindako lanek.

Film laburra egiteaz gain, ikus-entzunezko baten promoziorako gaur egun ezinbestekoak diren edukiak sortzen dituzte ikasleek, hala nola, film laburraren making ofa, trailer-a eta webgunea (azken hau lauhileko berean daukaten Ikus-entzunezkoen Sistemaren Egitura materiaren baitan).

Film laburra proiektua garatzen ari diren bitartean Aktore  Zuzendaritza izeneko materia ere jasotzen dute, eta ezinbesteko laguntza bilakatzen da ikasleentzat berau, aktoreekin grabazioan lan egiterako orduan. Izan ere, urtero-urtero aktore profesional askok prestutasun handia azaltzen dute ikasle talde baten film laburrean musu truk parte hartzerakoan. Ikusi besterik ez dago joan den ikasturteko lanetan parte hartu zuten aktoreen zerrenda: Isidoro Fernandez, Itziar Ituño, Esther Uria, Martxelo Rubio, Itziar Aizpuru, Tessa Andonegi, Erika Olaizola, Iraitz Lizarraga, Egoitz Lasa eta Felix Arkarazo, besteak beste.

Hona, joan den ikasturteko hiru film labur aipagarri:


Anonymous (Egileak: Ainhoa Garcia, Odei Esnaola, Janire Zubizarreta, Andrea Lopetegi, Ander Larrañaga) MU saria fikzio onenari jaso zuen Huhezinemako aurreko edizioan.


Positibatzea (Egileak: Amaia Badiola, Itsaso Etxebarria, Itsasne Bermudez, Maite Salaberria, Maria Ayerbe). Huhezinema 2014ko edizioan aipamen berezia jaso zuen.


Hitzetik Heriora (Egileak: Beñat Flores, Maider Juaristi, Aitana Duque, Naia Laka, Ruben Cuesta eta Aiala Albarran).

Huhezinema, baina, ez da erakusleiho bakarra film labur hauentzat. Egile batzuk ahalegin berezia egiten dute euren lana ikustarazteko, bai Interneten publiko egin eta sare sozialen bitartez berau zabalduz, baita lehiaketetara aurkeztuta ere. Horren adibide da duela bi ikasturteko Etxehuts film laburra.


Etxehuts (Egileak: Kepa Matxain, Ander Bolibar, Oihan Vitoria, Mikel Iraola eta Jokin Uribeetxeberria).

Proiektua amaitu eta urtebetera film laburrak lau sari irabazita zituen, tartean Lekeitioko 36. Zine Bilerako film onenaren saria amateur sailean.

Hauek izan dira orain arte ikasleek egin izan dituzten film laburren adibide gutxi batzuk. Orain ikasturte berrikoen txanda da. Aste honetan ereingo dute proiektuaren lehen hazia, garatuko duten istorioa aukeratzearena, alegia.

Ekin gogotsu lanari…, eta bidai on!

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu