Hutsarteak desagertu dira


Ikus-entzunezko Komunikazioko bigarren mailako ikasleekin hasi berri dugu ikasturtea, eta hasierako ariketen artean bidali nien honakoa: pelikula baten hasiera asmatu behar zuten. Tankera honetako lanak eskatzea interesgarria iruditzen zait, batetik, ikasturte hasieran ikasleen maila ezagutzeko erabilgarriak direlako, eta bestetik, haien sormen gaitasuna proban jartzeko aitzakia aproposa direlako. Hemen daude adibide batzuk:



Oro har, teknologia oso presente dago haien fikziozko lanetan, eta horrekin batera, badago errealitatetik oso hurbil dagoen praktika bat: telefono mugikorraren erabilera hutsarteetan. Zer pentsatua eman didate ikasleen lanek, eta nire eta ingurukoen ekintzak aztertzen hasi naiz “zain” nagoen bitartean, eta ausartzen naiz esatera hutsarteak ez direla existitzen honezkero.

Internet mugikorretara iritsi denetik bizitzako errutina txikienetan ere presente dago mugikorra: autobus geltokian zain gaudela, hipermerkatuko hilaran gaudela, norbaiten esperoan… oinez ere aritzen gara txateatzen; pentsa kontuak zer diren eta, New Jersey bezalako hirietan debekatu egin dute mugikorraren erabilera oinez zoazela.

Baina, zer egiten genuen lehen, teknologiak gure bizitzako tarte guztiak bete aurretik? Ezer egiteko ez genituen tartetxo horiek desagertu dira, eta horiekin batera pentsatzeko, imaginatzeko eta amets egiteko geneuzkan momentutxoak. Akaso hori bada gutxien aztertu den alderdi ezkor bat teknologiarena: besteengandik hurbilago bizi garela, baina gugandik urrutiago.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu