Ner Taldea eta partaidetza


Egungo kudeaketa ereduek helburu dute kolektibo inplikatu bat lortzea; enpresek nahi dute langile motibatua izatea, enpresari bere onena eskainiko dion langile kolektiboa izatea, alegia. Horrek enpresaren errentagarritasun ekonomikoan eragingo du onerako eta langilea bera ere, errealizatuago egongo da zentzu guztietan.

Asteon, gaiari buruz jardun dute Javier Goienetxek, Erkoop.-eko Zuzendari Nagusiak eta Jon Agirrek, Ampo Kooperatibako Lehendakari eta Ner taldeko kideak. Ikuskera desberdinak mahai gaineratu dituzte.

Lehenaren hitzetan, kooperatiba izaerak berak dakar bere baitan partaidetza, ezer egin beharrik gabe ia-ia. Hala ere, aitortzen du kooperatibismoa krisian egon ez arren, kooperatibista izaera egon daitekeela krisian. Behin hau esanda, garbi du ez dagoela kooperatiba baino eredu hoberik.

Ner Taldeko kideak berriz, partaidetzan sakondu beharra dagoela dio. Txikitatik landu beharreko balio bat dela eta hezkuntzak ere pisu handia duela horretan. Euren kooperatibetan eredu aldaketak eragin du partaidetza maila igotzea. Bazkide zein langileen protagonismoa eta erabaki ahalmena handitu ahala, beraien motibazioa eta ilusioa ere hazi egin dela dio. Beti ere, ahalegin eta inplikazio maila horrek, jakina, izan behar duela proportzioan dagokion konpentsazioa ekonomikoa ere. Lan prozesuan langilea ahaldundu egin behar dela eta horrek langilearen beraren esfortzuan eragin zuzena daukala. Beste hitz batzuetan esanda, langilea, erosotasunetik ateratzen duela eta enpresako ikuskera osoari batzen zaiola, bere esfortzuaren emaitza, osotasunean ikusteko aukera eskainiz.

Ampon pasa dira hiru komertzial izatetik, berrogei izatera; alegia, kolektibora zabaldu dute, kanpora joan eta bezeroak lortzeak dituen zailtasunak eta dakartzan onurak bizitzeko aukera. Orain gehiago dira, lana ekartzearen garrantziaz jabetu direnak. Eta ondorioz, kolektiboaren zati handiagoa jabetu da lan horren garrantziaz, funtzio nagusi horretan inplikatzearekin batera.

Jendearen inplikazioa eta partaidetza ditugu erronka nagusi, bai enpresan eta baita gizartean ere.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu