Irizpideak eta diru iturriak


Gutxitan gertatu da hainbesteko zalaparta euskarazko komunikabideentzako diru-laguntzak esleitzearen ondorioz. Komunikabide horiek funtsezkoak dira euskararentzat, eta, zoritxarrez, kinka larrian bizi dira betidanik. Ez dago komunikabiderik, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika Sailburuordetzatik jaso duen euro bakoitza behar ez duenik. Eta ez dago komunikabiderik, murrizketak jasan ditzakeenik. Arazoaren muina, beraz, diru zakuan dago. Eztabaida irizpideen ingurura ekartzeak arrisku bat dauka: zeharka (eta batzuetan zuzenean), tokiko komunikabideen eta komunikabide nazionalen artean, bata bestea baino garrantzitsuagoa dela iradokitzea.

Edozein herritan daude bi motako komunikabideak: nazionalak eta tokikoak. Euskarak ere biak behar ditu, eta biak indartsu. Neurgailu edo adierazle franko hartu behar lirateke kontuan: zenbat irakurle, entzule edo ikusle dauzkaten; zenbat aletan banatzen diren, ale bakoitzak zenbat irakurle dituen, zenbat bisita dauzkaten webgunean, zenbateko mugimendua sortzen duten Twitterren eta Facebooken, zenbat eduki sortzen duten, zenbat gai lantzen duten, eduki bakoitza sortzeak zenbateko lana eta gastua eskatzen duen eta abar.

Eta badago beste adierazle sorta bat, Mondragon Unibertsitateko Hezikom ikerketa taldean aztertzen ari garena: komunikabideen errentagarritasun soziala. Zein balio sozial sortzen dute euskarazko komunikabideek? Ekonomian, arlo sozialean, hizkuntzan, hezkuntzan, lurralde kohesioan, gizartearen ehuntzean, hiritartasuna sakontzean eta beste hainbat arlotan daukate eragina, eta hori neurtzea funtsezkoa da. Gure hipotesia da aitortzen zaien baino anitzez balio sozial handiagoa dutela euskarazko komunikabideek.

Hori horrela izanik, ez litzateke bakarrik Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren ardura euskarazko komunikabideak diruz laguntzea; ez da, soilik, hizkuntza kontu bat. Euskarazko komunikabideek aitortza handiagoa behar dute, eta aitortza hori dator baita ere beste diru zaku batzuk zabaltzetik. Izan daitezke beste diru laguntza batzuk, baina publizitate instituzionalean ere aldaketak beharrezkoak dira. Ez da ulergarria euskarazko komunikabideek publizitate instituzionalaren %2 bakarrik jasotzea. Horrek sortzen duen kezka ez da ekonomikoa bakarrik: erakusten du nolako pisua eta garrantzia aitortzen zaien komunikabide horiei. Begi bistakoa da euskarazko komunikabideen pisu soziala %2koa baino anitzez handiagoa dela, eta hori agerian uztea izanen da errentagarritasun sozialari buruzko ikerketaren emaitzetariko bat.

Errentagarritasun soziala neurtzeko tresnak mesede eginen dio sektoreari, agerian utziko duelako garrantzia daukala. Tresna egonkorra izanen da, berrikuntza eta onurak ekarriko dituena. Halaber, eragin soziala handitzeko helburuak finkatzen eta bideak zehazten lagun lezake. Ikerketa proiektu hori aurkeztuko dugu abenduaren 10ean, Aretxabaletako campusean, Gertuko Komunikabideen 2. Jardunaldian.

Urtez urteko diru-laguntzen esperoan eta urte bukaera arteko urteroko zalantzan egotea baino egokiagoa izan daiteke lau edo bost urteko hitzarmen programaren aukera: sektorearen aspaldiko eskaera da hori, eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ere pausoak iragarri zituen norabide horretan iaz MUren Aretxabaletako campusean, Gertuko Komunikabideen 1. Jardunaldian. Puntu horren inguruko adostasuna, beraz, desiragarria ez ezik, lorgarria ere bada, eta mesede galanta egingo lioke euskarazko komunikazio-eremuari. Horrek erran nahi du sektorearen, administrazioaren eta unibertsitateen arteko harreman, elkarrizketa eta elkarlanetatik, aterabide iraunkor bat adostu behar dela, diru iturriei, adierazleei eta helburuei dagokienez, eta bakoitzak bere ardurak hartu beharko dituela.

Argi dagoena da euskarazko komunikabideen lanak eta eraginak are aitorpen handiagoa merezi eta behar duela. Egindakoaren aitorpenaz gain, euskara normalizatzea nahi bada, indar handiagoa egin behar da, denen partetik, euskarazko komunikabideak izateko Euskal Herriko liderrak, komunikabideen esparruan.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu