Gabon zaharreko kanpaiak eta publizitatea


Zuetariko asko konturatuko zineten Urtezahar-gauean Euskal Telebistako lehenengo eta bigarren kateetako kanpaietako irudiak berberak izan zirela; izan ere, aurten lehenengoz eman ditu gaztelaniazko kateak Gabon zaharreko kanpaiak euskaraz, ‘Zuek hor eta gu hemen’ eta ‘No es país para sosos’ saioen aurkezleekin. Bada, bai, gogoan edukitzeko moduko egitatea. Gutxik, ordea, gogoratuko duzue kanpaiak jo bezain pronto zein iragarki eman zuten segidan. Gau horrek, alabaina, izaten du kutsu erromantikoa, eta edukitzen dugu ohikoa ez den laisez faire bat kanpaiekin batera datozen iragarkiak ikusi eta haiekin gozatzeko.

Soberan ezagutzen dute telebistek gau horretako magia, eta jakin badakite etxean dauden familiak hari begira egongo direla; urrea balio dute, beraz, hamabien bueltako minutuek telebistan eta horrela kotizatzen dira publizisten artean. Hori horrela, marka gutxik izaten dute aukera tarte horretan haien iragarkia ordaindu ahal izateko, prime time ordua baino hamar aldiz gehiago balio baitu Gabon zaharreko gauak, eta aurten, dirutza hori Laboralkutxak ordaindu du ETBn.

Telebisten diru-nahiak sortu du demasako kaltea Espainiako telebista autonomiko baten, izan ere, Canal Surren hamabi kanpaiak eten zituzten tartean sartu ziren bi iragarkik. Horrenbestez, hari begira zeuden familiek ezin izan zituzten hamabi mahatsak jan (horren adierazle da interneten birala egin den honako bideoa) eta programa zuzendariak dimisioa aurkeztu behar izan zuen bi egunera. Hankasartze horren ondorioz ere, kalteordainak jaso ditu Coca Cola etxeak, haren botilaren irudia baitzegoen Canal Surreko kanpaien ondoan. Coca Colaren irudiak, beraz, zeresana eman du Espainian, ez bakarrik Andaluziako gertaeragatik; izan ere, Madrileko Puerta del Solen zuzenean ekoiztu zuten iragarki bat, kanpaiak jo baino bost minutu lehenago eta horrenbestez, Espainiako telebista kate guzti-guztietan ikusi zen Coca-Colaren spota kanpaiak jo aurretik. Ondorengo iragarkiak Pepsirentzat (Lays patatekin) eta Aquariusentzat izan ziren.

Beste herrialde batzuetan, baina, ohitura izaten da etxetik kanpora atera eta lagunekin Urtezahar-gaua festan ospatzeko, eta kaleak eta plazak bete ohi dira kanpaiak entzun eta gauari hasiera emateko. Horren berri idatzi zuten orain bi urte Wall Street Journalen, honako infografiaren bitartez.

amaia

Infografiak Times Squaren 2012ko Gabon zaharrean zeuden iragarleak erakusten ditu, eta aipu honek jasotzen duen moduan, demasako dirutza irabazten dute neoizko kartel erraldoietan iragartzen diren etxeek: “Every New Year’s Eve, of course, much of that investment pays off for Toshiba, TDK, Dunkin Donuts, Anheuser-Busch, Sony and the Dow Jones news ticker, as their signage gets primetime incidental TV exposure all over the world as millions tune in for the ball drop.”

Gabonzahar gaueko panoramak, beraz, ematen digu informazio esanguratsua mundu mailan agintzen duten markak zeintzuk diren jakiteko, honezkero ez baditugu ezagutu behintzat.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu