Pertsonen eta autoen arteko harreman berria? 20-30 segundo dituzu ikuslea limurtzeko


Pasa den astean, Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioko Magazinean egon ginen Euspot euskarazko spot lehiaketaren laugarren edizioa aurkezten. Antolatzaileokin batera, iazko irabazletariko batzuk –Mondragon Unibertsitateko ikasleak– egon ziren Gasteizko estudioan. Solasaldi entretenigarria izan zen eta joandakook gustura egon ginen Euspoti eta, oro har, spot-ei buruz hitz egiten. Han esandakoak entzuteko interesa izanez gero, hemen dago eskura Manu Etxezortuk gidatzen duen saioaren grabazioa (01:10:00 minututik aurrera).

Captura de pantalla 2015-02-02 a la(s) 15.29.56

Ezkerretik eskubira: Jon Campo (Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikaslea),Garazi Ayesta (ikaslea), Goio Arana (Mondragon Unibertsitateko irakaslea), Arantzazu Lagunilla (Arteman Komunikazioko arduraduna) eta Ibai Iregi (ikaslea).

Aurtengoa lehiaketaren laugarren edizioa da, eta esan daiteke, badoala poliki-poliki koskortzen 2012an, Aretxabaletako Udalak, Arteman Komunikazioak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak elkarrekin abian jarritako spoten lehiaketa.

Aurrekoekin alderatuta, oraingo edizioak baditu aipagarriak diren berritasun batzuk. Batetik, musikaren aukeraketan eta kudeaketan asko erraztu dira kontuak. Hala, lehiaketako parte-hartzaile guztiek aukera izango dute debaldeko musika piezak hartzeko Audionetwok bildumatik. Alegia, erabilera libreko musika edo spoterako propio egindako kantuak erabiltzetik aparte, lehiakideek eskura izango dituzte musikari profesionalek egindako makina bat kantu. Bestetik, gaiaren proposamenetik kendu egin dugu spota “euskararekin” lotzearen derrigortasuna: parte hartuko duten spotek euskaraz izan beharko dute baina, ez euskarari buruzkoak. Gainera, aurtengo proposamena da irekiagoa da; alde horretatik, ihes egin dugu “benetako” iragarki komertzialek derrigorrezkoa duten zehaztasunetik eta zorroztasunetik. Aurtengo gaia: Autoak eta pertsonak (elkarbizitza orekatua). Iragarkiaren sorkuntza eta beroi borobilduko duen leloa, parte hartzaileek kontura!

Gaia fokatzen laguntzeko, hurrengo azalpena gehitu diogu aurtengo proposamenari:

Autoak nonahikoak bilakatu dira gure gizartean; hainbeste, gaur egun sarritan autoek oinezkooi, pertsonoi, protagonismoa eta lekua kentzen dizkigutela. Horretxegatik, hainbat herri eta hiritan pertsonen aldeko hautua egiten hasi dira aspaldian, hala nola autoaren erabilera mugatu, oinezkoendako gune gehiago egokitu, beste mugikortasun mota jasangarriagoen erabilera bultzatu eta garraio alternatiboak sustatu… Hala ere, jakin badakigu inguratzen gaituzten autoak ez direla egun batetik bestera desagertuko; horregatik, autoen eta pertsonen arteko elkarbizitza da indartu nahi dena, beti ere, pertsonen mesedean. Nola iragarri 20-30 segundoko spot batean hain premiazkoa dugun auto eta pertsonen arteko harreman berri hori? Horra aurtengo erronka!

2015eko apirilaren  24ra arte dago aukera lanak entregatzeko. Sari banaketa, bestalde, maiatzaren 7an egingo da Aretxabaletako Arkupe aretoan. Sariak? Hauexek:

  • Spotik onena: 1.000 euro.
  • Publikoaren saria: 500 euro.
  • Mondragon Unibertsitateko ikaleen spotik onena: 500 euro.
  • Gazteen saria (14-18 urte): 250 euro.

Aurtengo eta aurreko edizioen gaineko informazio guztia: euspot.eu

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu