Zuek hor!!


Aitortu beharra daukat. Nire profilagatik bete betean sartzen naiz ETB1en audientzia potentzialaren taldean: EAEn bizi naiz, euskalduna naiz, euskaltzalea, eta euskaraz bizi naiz. Eta, hala ere, ez dut ETB1 ikusten.

Telebista bakarra daukagu etxean (hala izaten jarraitzea defendatzen dut, gainera), eta gutxitan esertzen naiz bakarrik telebista aurrean. Bikotekideak ez daki euskaraz, eta ondorioz zokoratuta dauzkat euskarazko kateak. Erru guztia albokoari botatzea, baina, ez da oso elegantea, eta aitortu beharra daukat, baita ere, azken urteetan ez dudala atxikimendu handirik sentitu euskaraz eskaintzen den programazioarekin, edota ohitura faltak ere eraman nauela berau gertutik ez jarraitzera.

Tarteka, baina, suertatzen dira telebista aurrean bakarrik esertzen naizen gauak. Eta halakoetan (erdi interesagatik, erdi deformazio profesionalagatik), klik, sakatu egiten dut ETB1eko botoia urrutiko agintean. Bart izan nuen horietako gau bat. Alkain eta konpainiaren Zuek hor!! saioa hasi berria zen, eta ikustea erabaki nuen. Eta gustura ikusi ere.

Asteroko saioa da Zuek hor!!, asteazken gauetan emititzen dena, prime timean. Bi gonbidatu eramaten dituzte saiora, eta umore eta freskotasun handiko elkarrizketa fikziozko pertsonaien sartu-irtenekin tartekatzen dute. Antena3eko El hormiguero etorri zitzaidan gogora, baina ez euskarazko saioa gutxiesteko, baizik eta Pablo Motosen saioak lortzen duen entretenimendu sentsazioaren pare jarri nuelako nik sentitu nuena Zuek hor!! ikustean, eta asko poztu ninduen horrek. Badago fikziozko pertsonaiaren bat, edo saioaren atalen bat asko gustatu ez zitzaidana, baina oro har, oso programa duina iruditu zitzaidan, bete betean lortzen duena, gainera, bere helburua: entretenimendua, alegia.

Hemen dago ikusgaia otsailaren 25ean emititutako Zuek hor!! saio osoa, Jon Maia bertsolaria eta Jon Maya dantzaria gonbidatuekin

Saioa agurtzeko Alkainek esandako hitzak ekarri gura ditut hona: “zuek ikusten ez bagaituzue, munduan beste inork ez gaitu ikusiko”. Hau da, euskaldunok ikusten ez badugu, nork ikusiko du?. Egia borobila bezain sinple, eta era berean, gordin hau lotu nahi dut Uztaro aldizkarian argitaratutako artikulu batean idatzi nuenarekin:  “Euskal Telebista etengabeko borrokan ari da kateen arteko audientzien lehian datu onak lortzearen, eta bere sorrerako helburuetariko bat den euskararen normalizazioaren artean. Euskarazko telebistak zail du lehiatzea, eta hein batean ametitu egiten zaio beste kateekin alderatuta audientzia-datu txikiagoak lortzea, baina audientziaren mamua beti dago hor”.

Honekin ez naiz euskarazko entretenimendua kontsumitzeko militantzia aldarrikatzen ari, pentsatzen dudalako entretenimendua eta derrigorra kontzeptu kontrajarriak direla, baina euskarazko eskaintza kalitatezkoa denean, zergatik ez? Alkainen hitzen azpi-mezuak dioen bezala: Gu (programa egiten dugunok) hemen gaude, eta zuek?. Edota ideiari buelta emanez:  “Hor dago Zuek hor!!, eta gu, non gaude?

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu