Dokumentatzeko denbora


Komunikaldia bukatu ondoan, hizlarien eta irakasleen arteko bazkarian, beste gai askoren artetik, prentsaurreko eta aurkezpenen gaia atera zen. Film baten aurkezpen-prentsaurrekoa izan berria zen, eta zuzendariak kazetariei galdetu omen zien zenbatek ikusi zuten film hura. Bakar batek ere ez. Bazkarian bildutako batzuei harrigarria iruditu zitzaien: nola joan daiteke film bati buruzko prentsaurrekora, zuzendariarekin hitz egitera, filma aurretik ikusi gabe? Batek erantzun zion kazetariek ez zutela errurik: filma oraino ez zen zinemetan ikusgai, eta filmaren ekoizleek aski zuten proiekzio bat antolatzea kazetari haientzat.

Funtsean, gaiaren muinean zegoen film, liburu edo disko berri bati buruzko kazetarien dokumentazio lana. Artikulu edo elkarrizketa bat egin behar denean lan berri bat egin duen zuzendari, idazle edo musikari batekin, logikoa da kazetariak aurretik dokumentazio lana egitea. Kazetaria ezin da joan galdetuz: “zertaz da zure lan berria? Zer kontatu nahi izan duzu?”. Suposatzen da elkarrizketa baino lehen liburua irakurri duela edo filma ikusi.

Maiz ez da horrela izaten, ordea. Kazetariek aurkezpen andana bat izan dezakete astean, eta nondik izanen dute astia liburua lehenago irakurtzeko? Gainera, aurkezpena edota elkarrizketa egiten den eguna izaten da, maiz, lan berria jasotzeko egun bera.

Lan txukunena egiteko, kazetariak epe bat behar du filma ikusi edo liburua irakurtzeko, egilearekin elkartu baino lehen. Ez da horrela izaten. Baina epea izanik ere, ba al dauka astirik? Prentsak gero eta baliabide murritzagoak dituenean, kazetarien lan karga gero eta handiagoa da. Eta horrek eragina badauka erreportaje edo elkarrizketen sakontasunean eta kalitatean.

Aurre-dokumentazio lan minimo bat egin ohi da. Baina sakontzeko astirik gabe, zaila da elkarrizketa interesgarri eta original bat ateratzea. Askok galdera berak egin ohi dituzte, nahiz eta erantzuna jakin, beste komunikabide batek jadanik idatzi baitu. Baina galdera egitera behartuak sentitzen dira (“badakit galdera egin dizutela, baina hala ere egin behar dizut…”). Elkarrizketa hori jende askok irakur lezake: artistaren zaleek segur irakurriko dutela, eta haientzat berehala ezagun da kazetariak gaia eta artista ezagutzen dituen ala ez.

Informazio kantitate handia heltzen zaigu, prentsak gaiak landu eta landu behar izaten ditu, baina kantitate beharrari baliabide murritzak gehitzen bazaizkio, nekez eskainiko da kalitatea. Irakurle, entzule edo ikusleari ezin zaio azaleko lanketa bat eskaini, ordea. Sakondu behar dira. Zerbitzu hori eskaini behar dute komunikabideek. Komunikabideei eta kazetariei berei ere badagokie horretaz gogoetatzea, baina gizarteari eta erakundeei ere bai, denen erantzukizuna baita (eta denentzat onuragarri) prentsak baldintza egokietan lan egitea.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu