Eskua kokotean


Lehen aldia zen atxiloketa batean horrenbeste kamera eta kazetari ikusten zituela. Bera esperientziadun polizia zen, baina horrelako pertsona ospetsu baten bila joatea ez zitzaion inoiz tokatu. Horregatik, atxilotuaren etxea arakatu ostean, bera eta beste polizia kide batzuk atxilotua bere etxetik ateratzear zeudela, urduri jarri zen.

Atxilotuaren portaletik irten aurretik, operazioaren arduradunak , banan-banan, azken instrukzioak eman zizkioeten guztiei. Berari zegokiona erraza zen. “Zu kopiloto joango zara atxilotuaren kotxean”. Berak mekanikoki  buruarekin baiezkoa egin zuen.

Eraikuntzako behebarrua ireki zuten. Soinean zeraman motxila ondo jarri, kolkotik zintzilik zuen polizia plaka bere lekuan zegoela eskuarekin ziurtatu eta atxilotuaren atzetik abiatu zen kotxerantz.

Erabakita zuen begirada ez altxatzea, kamerei kasurik ez egitea. Ez zen  zaila izango, metro gutxi batzutako ibilbidetxoa zen. Bide erdian, ordea, instintiboki, eskua atxilotuaren bizkarrean jarri zuen. Eta atxilotua kotxean sartzeko makurtzen ari zela, ideia bat etorri zitzaion burura: eskua atxilotu famatuaren kokotera eraman zuen eta kotxean sartzen lagundu zion.  Ia “kontuz buruarekin”  bat atera zitzaion, baina azkenengo mikrosegunduan ez esatea erabaki zuen. Hona hemen momentua jasotzen duen bideoa.

http://www.rtve.es/alacarta/videos/noticias-24-horas/rodrigo-rato-detenido-registro-su-casa/3093640/

Handik minutu gutxira whatzap pilo bat jasotzen hasi zen. Senideek, lagunek eta ezagunek telebistan eta Interneten bideoa bolo-bolo zebilela esaten ari ziren. Eta bideo denek azpimarratzen zuten era batera edo bestera, polizia batek Rodrigo Ratori eskua kokotean jartzen zion momentua.

Nahita egin zuen galdetzen ziotenean, berak ez zekien oso ondo zer erantzun.  Lankideek esan zioten, txantxetan, ikusi zituen film poliziako guztiak kutxatu zutela eta hobe lukeela Chicagora joan bizitzera. Hasieran grazia egin zion bere keinu ia instintiboa denon ahotan egotea. Hurrengo orduetan ordea, larritzen hasi zen. Irudia behin eta berriro erabiltzen ari ziren albistegietan eta tertulia saiotan. Kate batetik bestera salto eginda ere, hortxe zegoen, bukle eternal batean, bere eskua Rodrigo Ratoren kokoteari atxikita. Eta kazetariek ustelkeria eta degradazioaren irudi behin betikoa ikusten zuten horretan, berak bere egoera pertsonala okertzeko arrisku handia ikusten zuen.

Norbait deika zebilen mugikorrera. Pantailari so egin eta aurpegia okertu zuen. Komisaldegiko burua zen.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu