Maiatzeko loraldia eta aurrera begirako gogoetak


Loraila ere esaten zaio maiatzari hilabete honetako lore-eztandari erreferentzia eginez; aurten lore-eztanda Bilbora aurrerapenez (apirilean) iritsi den arren, Nafarroan maiatzean bertan ere izan da loraldirik:

  • Batetik, hilaren erdialdean emisioei ekin die Nafar Telebistak: NTB1 katea Nafarroa osoan ikusiko da Lurreko Telebista Digitalean (LTD), eta elebiduna izango da. NTB2k, berriz, soilik Iruñerrian emitituko du, euskara hutsean. Julian Iantzi eta Anabel Arraiza aurkezleak arituko dira, besteak beste, komunikabide berrian.
  • Hamaika Telebista bera ere garai berean Iruñerrian emititzen hasi da LTD bidez (hasieran behinik behin, Donostiako emisioa ikusi ahalko da Nafarroako hiriburuan).
  •   Xaloa Telebistak, horrez gain, hilabete batzuk lehenago ekin zion bere eragin-eremua Baztan, Bertizarana eta Malerrekatik Iruñerrira hedatzeari.
  • Iragan abenduan, halaber, ETB Nafarroan ikustearen aldeko mozioa onartu zuen Nafarroako Parlamentuak (aukera horretaz galdetuta, bestalde, hara zer erantzun zion José Javier Esparza UPNren lehendakarigaiak Diario de Noticias egunkariari abenduaren 21ean: “En mi pueblo gente muy normal [geurea da azpimarra] me ha pedido que hagamos algo para que se pueda ver. Y no me parece mal. Si hay respeto todo es posible. Ha sido un error por parte de quien ha querido contar otra Historia, porque no nos integra. Y eso se tiene que acabar. Y si acaba, entonces será todo mucho más normal. No solo ETB, también otras muchas cosas. Por nuestra parte vamos a ir en esa dirección.”

Baiki: pozgarria da lehen kasik aukerarik ez zegoen lekuan orain aukerak loratzen ikustea eta Euskal Herriko euskarazko telebisten eskaintza osatuz doala egiaztatzea. Dena beharko da, hala ere, egia berdaderoa baita beste arlo batzuetan euskarazko komunikabideak euren eragin-eremuetan audientziak sendotzen ari diren bitartean (erreparatu adibidez CIESek maiatz honetan bertan kaleraturiko datuei, zeintzuen arabera  Euskadi Irratiak 149.000 entzule dituen –inoizko markarik onena- eta Gazteak 119.000), telebistan kristalezko sabaia ezin hautsita jarraitzen duela euskarak, salbuespenak salbuespen; egin kontu 149.000ko langa horretatik urrun antzean daudela sorpresarik positiboenen audientziak ere: Herri txiki, infernu handi-k, berbarako, %3,1eko ikusle-kuota du batez beste (30.000 ikusle baino gehiago, 40.000 kasurik onenean);  Soinu ehiztaria-k, berriz, 61.000 ikusle lortu ditu bere saiorik arrakastatsuenean.

Gai konplexua da, inondik ere. Telebista egitea oso garestia dela esaten dit beti produkzio-kontuetan urte asko daramatzan lagun batek (badakigu zelakoak diren euskarazko saioen batez besteko aurrekontuak euren lehiakideenekin alderatuta), masa kritikoa behar dela ere badakigu, eta arlo horietan euskara beti izango da desabantailan. Egin beharreko ezinbesteko apustu politikoaz gain, beraz, beste arlo batzuetan ere adimena zorroztu beharra dago desabantaila horiei aurre egiteko. Ez dira ideia berriak, lehen ere aipatuak ditugu: post honetan, berbarako, Flandriako adibidea gogoratu genuen, eta genioen hango “cooperation between knowledge centres, companies and government funding institutions” behar genuela hemen ere. Interesgarria da, horri gagozkiola, Ingalaterrako Mediacity-ren adibidea, bertara bildu baitira hedabide indartsu zenbait (BBC eta ITV, besteak beste), unibertsitatea (University of Salford) eta beste zenbait eragile.

 

Beste liga bat da hori, bistan denez, baina hemen ere sinergiak sustatzea dagokigu. Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduan, gure txikian, Goikolab komunikazio-laborategia ari gara eratzen apurka-apurka, Goiena eta beste zenbait eragileren laguntzaz. Aurtengo ikasturtean, esate baterako, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, EITB, Mondragon Unibertsitatea eta Bilbo Hiria irratiarentzako proiektuak lantzen dihardute bertan gure ikasleek Design Thinking-aren bidetik eta aditu eta profesionalen laguntzaz.

 

Ahalegin xumea da, baina norabide bat markatzen du, bere xumetasunean. Arlo horretan sakondu guran joango gara ekainean Pompeu Fabra Unibertsitatera, han antolatu duten Shaping The Future of Newsmedia kongresuko “Challenges on J[ournalism]-Education” panelera, indarrean datozen joerez jabetu eta janztera (“Schools as media labs” , “How universities face the challenge of the changing media market” edota “J-Education trends and best practices” dira, besteak beste, jorratuko diren ildoetako batzuk). Panel horretan emango dugu, hain justu,  Goikolab-en eta bertako lehen ekitaldiko emaitzen berri. Bigarren labealdiak emanikoaren berri izan gura duenak, berriz, ekainaren 19 goizean du hitzordua Aretxabaletako campusean, egun horretan burutuko dugun Kimu Berri sariketaren baitan (hemen iazko ekitaldiari buruzko informazioa) aurtengo uzta ezagutzeko aukera izango  baita.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu