Youtuberra izan nahi dut


Urtero, ikasturte berriaren lehenengo egunean, Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko ikasle hasiberriei galdetegi txiki bat bete arazten diegu: modu irekian erantzun beharreko lau galdera labur. Inkestatxo horren helburua da, besteak beste, jakitea zergatik ikasi nahi duten Ikus-entzuneko Komunikazioa gradua, zergatik aukeratu duten MONDRAGON UNIBERTSITATEA beroi egiteko, non eta nola jaso duten gure berri, zein ezaugarriekin lotzen duten gure unibertsitatea eta zeintzuk diren euren gustuko lan-esparruak ikus-entzunezkoen munduan.

Urtetik urtea gorabeherak egoten dira erantzunetan, batez ere, ikasle berrien intereseko esparruak definitzerakoan eta etorkizuneko gustuko lanbidea aukeratzerakoan. Hala, azken urteotan ikusi izan dugu telebistarekin zerikusia duten gaiek gero eta gustukoagoak dituztela eta, aldiz, zinemak (bere horretan) beheranzko bidea hartu duela ikasle berrien intereseko ranking-ean. Aldiz, gorabehera txikiagoak egoten dira azaltzerakoan non jaso duten graduaren berri edo zein ezaugarriekin lotzen dute MONDRAGON UNIBERTSITATEA. Horietan, apenas egon da alderik azken urteotako erantzunetan.

Baina, bereziki bitxiak izan dira oraingoan jasotako erantzunak lanbide berri bat azaleratu delako etorkizuneko gustuko lanbideen zerrenda luzean: Youtuberra. 50 ikasleen artean, bik esan dute etorkizunean Youtuberrak izan nahi dutela. Alegia, nahi dute Youtuben kanal propioa eta jarraitzaile mordoa izan eta lanbide (?) berri horretan jardun.

Hemen, aurten jasotako erantzunen laburpena. Galdera modu irekian eginda daudenez, aukera batzuk bereziki nabarmendu dira.

1) Non izan duzu ikasketa hauen berri?

  • Lagun baten bidez: 22
  • Institutuan edo eskolan (irakasleak esanda / hitzaldien bidez): 18
  • Interneten bidez: 11
  • Publizitatearen bidez: 3

Urtetik urtera errepikatzen den erantzuna da “lagunaren” garrantzia preskripzio lan horretan. Agerikoa da, beraz, gure ikasleek ematen duten ahoz-ahoko informazioak sekulako garrantzia duela.

2) Zergatik ikasi Ikus-entzunezko Komunikazioa MONDRAGON UNIBERTSITATEAn?

  • Irakasleen gertutasunagatik: 13
  • Hezkuntza ereduagatik: 10
  • Etxetik hurbil dagoela: 8
  • Baliabideengatik: 6
  • Ikasketak praktikoak direlako: 5
  • Ikasketa planagatik: 2
  • Tamainagatik: 2
  • Kalitateagatik: 1

Hitz desberdinak erabilita, baina, MONDRAGON UNIBERTSITATEa aukeratzerakoan, ikasleek eman diote garrantzia, batez ere, hezkuntza ereduari.

3) Zeintzuk dira MONDRAGON UNIBERTSITATEAren ezaugarri nagusiak?

  • Talde lanaren garrantzia: 12
  • Euskalduna: 11
  • Kooperatiba izatea: 11
  • Metodologia berritzailea: 10
  • Ikasketa praktikoak: 9
  • Lan mundutik gertu: 7
  • Ekintzailetasuna: 4
  • Hizkuntzen garrantzia: 3
  • Elkartasuna:  3

Beste hainbeste gertatzen da unibertsitateari jartzen dizkieten kategoriekin: hezkuntza ereduak sekulako garrantzia du ikasle berrien pertzepzioan (talde lana, metodologia, ikasketa praktikoak…).

4) Behin gradua bukatu eta gero, zertan egingo zenuke gustura lan?

  • Telebistan: 10
  • Prentsan: 9
  • Irratian: 8
  • Kameralari: 7
  • Zineman: 7
  • Bideo edizioan: 6
  • Soinuan: 5
  • Argazkilaritzan: 5
  • Musikan: 4
  • Zuzendari: 3
  • Aurkezle: 2
  • Youtuber: 2
  • Gidoilari: 2
  • Animazioan: 1

Esan bezala, galdera honetan berrikuntza nagusia izan da Youtuberren agerpena, baina, beste alde batetik, oraingoan, aurreko urteetan baino dezente gorago iritsi da “prentsa” esparrua gustuko alor moduan. Lehenengo postuei dagokionez, iaz, esaterako, gorenen zegoen lanbidea zen kameralariarena; orain bi urte dela, aldiz, bideo edizioarena zen lanbide gustukoena.

2 iruzkin daude

Zurea gehitu

+ Iruzkin bat laga