Artea ikusgai eta erakusgai


Hiru aste hauetan zehar, MONDRAGON UNIBERTSITATEko ikus-entzunezko 1. mailako ikasleak argazkigintzan murgilduta dabiltza. Proiektuaren helburu nagusia 10 argazkitako bilduma egitea da. Dagoeneko luze erakutsi dute argazki oso txukunak ateratzeko gai direla. Baina zailena oraintxe dator, alegia, argazki horiek nola erakutsi.

Irudiak modu digitalean erakusteko edota partekatzeko, egun tresna ugari dago erabilgarri, hala nola, Flickr, Instagram, Readymade, batzuk bakarrik aipatzearren. Haatik, ikasleei proiektu bat modu fisikoan erakustea eskatzen zaienean, oro har, nekez ateratzen dira erakusketaren formatu klasikotik. Horrela, argazkiak horman itsatsita egon behar dira, tamaina eta formatu berbera gorde behar dute, ondo lerrokatu behar dira, ahal bada modu simetrikoan, eta abar.

Horretaz guztiaz, noski, eskoletan hitz egin dugu. Eta asko harritu nau jakiteak ikasle gutxik ikusi duela inoiz aipatutako patroi klasiko horietatik aldentzen den erakusketarik. Zalantzarik gabe, eta harrigarria bada ere, oraindik horixe da gailentzen den eta arrunta den erakusketa-formatua, dela ohiko lekuetan, adibidez, museoetan, galerietan, aretoetan eta kulturetxeetan, dela informalagoak diren lekuetan, esate baterako, tabernetan.

Gainera, eredu hori behin eta berriz errepikatzen da ikastetxeetan ere, nahiz eta modu apalago batean izan. Bestela esateko, museoetako argazki-markoen baliokidetzat sarritan koloreetako kartulinak baizik ez dira baliatzen, gehienetan irudien eta marrazkien tamaina, halabeharrez, inprimagailuak eskaintzen duen DIN-A4 formatura egokitzen da, eta abar.

Ohiko eredua alda daiteke, baina zergatik egiten da hain zaila?

Captura de pantalla 2015-10-28 a las 13.54.34

(Argazkia: Julio Falagán, 2013).

Artea “erakustea” bera ere artetzat har daiteke, zergatik ez. Aditzaren etimo zaharrak salatzen duenez, gainera, erakusteak sakonean ikustea bera inplikatzen du. Eta, azken batean, arteaz denaz bezainbatean, erakusteak ez al du, bada, jarrera aktiborik eta nolabaiteko partizipaziorik eskatzen, hain zuzen ere, “ikusten” duenaren aldetik? Erakustea ez al da ikusaraztea?

Niri dagokidanez, bi termino horien orekan, ikuslearena izatea egokitu zaidan honetan, ikusteko irrikatan nago aurtengo ikasleek erakutsiko dizkidaten proiektuak nola ikusaraziko didaten.

Captura de pantalla 2015-10-28 a las 13.54.43

(Argazkia: Ibon Aranberri).

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu