Adierazpen askatasunerako eskubidea Espainiako prentsan


Demokrazia batek oinarrizkoak dituen eskubide bi dira, informaziorako eskubidea eta adierazpen askatasuna. Egiazkoa den informazioa eta iritzi publikoarentzat esanguratsua dena da, Espainiar Konstituzioak babesten duen informazio mota. Ezaugarri horiek dituen informazio horren gaineko iritzia era askean emateko eskubideak borobiltzen du, demokrazia heldu batek beharrezko duen zirkulua. Ardura eta botere publiko eta politikoa dutenen jokabidearen auto-arauketarako edo auto-zentsurarako oinarrizko zutabeak dira, bai informazioa eta baita beronen gainean iritzia askatasunez emateko eskubidea ere. Hedabideen eta bertan diharduten kazetarien profesionaltasunaren eta askatasunaren higatzeak ekarri du, egun Espainian adierazpen eta prentsa askatasunak bizi duen egoera larria. Lobby ekonomikoen morroi eta oro har, iruzurra estaltzeko Espainiar Gobernuak eragindako presioak elikatu du, Espainiar hedabide nagusiek duten mendekotasuna.

Espainiar Konstituzioaren 20. artikuluak honela dio:

1.- Hurrengo eskubideak aitortu eta babesten dira:

  1. a) Pentsamenduak, ideiak eta iritziak, idatziz nahiz beste edozein bidetatik askatasunez azaldu eta zabaltzeko.
  2. b) Ekoizpen eta sortze literario, artistiko, zientifiko eta teknikorako.
  3. c) Katedra eskubiderako .
  4. d) Edozein hedabidetatik askatasunez egiazko informazioa komunikatu eta jasotzeko. Legeak kontzientzia-klausularako eta lanbide-sekreturako eskubideak arautuko ditu, eskubide horiek egikaritzerako orduan.

1978ko Konstituzio Espainiarrak oinarrizko eskubideen artean jasotzen duen adierazpen askatasunaren inguruan hitz egin berri du  José Yoldik (2015: 9), Argiarako egindako elkarrizketan: “ El Paísen gisako hedabideetan ezin zaio sekula nagusiari pentsatutakoa osoki esan”. Luze hitz egiten du Yoldik, Espainian prentsa askatasunak dituen eta izan dituen muga eta oztopoen inguruan. Frankismo ondorenean ere ustelkeriak bere horretan segi zuela kontatzen du eta garbi azaltzen du, bai orduan eta baita orain ere, alderdi politiko baten inguruko ikerketa bat abiatzen denero ez dela Estatuaren kontrol egiturak zoli ibili direlako, sistema ustel horretatik kobratzen zuen eta baztertua izan den norbait hizketan hasi delako baizik. Estatuaren egiturak non dauden ez dakiela dio Yoldik.

Iritzi berekoa da Javier Salutregi (2015: 6) ere, Gara-ri azaroaren 8an eskainitako elkarrizketan:  “Salvo contadas excepciones, todos los periódicos están pegados a la hegemonía ideológica española”.

Bestalde, The New York Times-ek, nazioarteko ataleko  portada eskaini dio Espainian prentsa askatasunak dituen muga eta oztopoei; zehazki, Rajoyren gobernuak eragiten duen presioari eskaini dio erreportaje luzea aipatu hedabideak. Raphael Minder kazetariak sinatutako artikuluan argi geratzen da, Espainiako hedabide nagusien erronketako bat izan dela aro digitalera egokitzea. Hala ere, prentsa askatasunak izan duen mehatxu larriena, independentzia editorialaren galera izan dela azpimarratzen da artikuluan. Guzti hau finantza krisiaren erdian indartu egin da eta honek egoera larriagotu du. “Mordaza lege” deiturikoak ezartzen dituen mugez gain, larria da prentsa askatasunak jasotzen duen presioa, batez ere, eragin handiena duten hedabideen gainean.

Espainiako heldutasun demokratiko eza erpin askotatik aztertu daitekeen arren, prentsak Frankismo ondorenetik egunera arte izan duen askatasun defizita agerian jarri dute, beste behin ere, aipatu berri ditugun hiru hedabideok. Formalki onartuta izan arren, edukiz erdi-hutsik dauden beste bi eskubideren adibideak dira informazio eta adierazpen askatasunerako oinarrizko eskubideak.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu