Komunikabideen balio soziala neurtzen


Zein da euskarazko komunikabideek sortzen duten balio soziala? Galdera horri erantzunen diogu abenduaren 14an, Gertukom jardunaldien hirugarren edizioaren karietara, Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako campusean. Hats luzeko ikerketa prozesu baten lehen emaitzak azalduko ditugu. Konkretuki, erakundeen balio soziala neurtzeko metodologia bat (Retolaza et al., 2013) aplikatu dugu Goiena eta Berria komunikabideetan.

Lehen emaitzek erakustera ematen dute euskarazko komunikabideek gizarteari gehiago ematen diotela, harengandik jasotzen dutena baino. Diruz laguntzen dira, bai, baina komunikabide horiei ematen zaien dirua inbertsio gisa ikusi behar da. Bai zergetan, bai gizarte segurantzan, zuzenean zein zeharka (beste enpresei ordaindutako fakturetatik), laguntzetatik jasotzen dutena baino gehiago ematen diote gizarteari. Balio sozialak badauka beste alde bat ere, kuantifikatu ohi ez dena: zein balio aitortzen diete komunikabide horien interes taldeek? Zein ekarpen egiten dute, adibidez, euskara arloan, modu batera edo bestera? Balio hori neurtzen ere ahalegindu gara. Kuantifikazio ahaleginaz gain, balioaren alde kualitatiboa ere sakondu dugu.

Abenduaren 14ko saioan emango ditugu lehen emaitzak, baina ikerketa proiektuak garapen handiagoa izanen du datozen hilabeteetan. Aurten egindako ikerketa-lanaren analisia eginen dugu, metodologia finduko dugu eta neurgailuak aberastuko, behin betiko tresna sortu ahal izateko.

+ Iruzkin bat laga