Akabo ratingak FOXentzat: ondo neurtzen al dira audientziak?


Aste honetan, AEBetako telebista kate garrantzitsu eta erreferente den FOX dago munduko hedabide askoren ahotan. Zergatik, bada? FOXek erabaki baituelako hemendik aurrera ez duela eskainiko aurreko eguneko audientzien daturik. Hollywood Reporterrek eman du albistea duela egun batzuk, eta bertan argitaratu da FOXeko langileei bidalitako mezua.

Testuak dio, erabaki hori hartzearen oinarrian dagoela “audientziak neurtzeko egungo sistemek ez dituztela ikusleen kontsumo-ohiturak islatzen”: kate pribatuko zazpi telesailetan, esaterako, plataforma anitzeko (telebista, ordenagailu, tablet, smartphonetako…) ikustaldiek bikoiztu egiten dute haien audientzia totala, eta FOX bera orokorrean hartuta, plataforma-anitzaren bidez lortutako audientziak %14ko igoera eduki du aurten aurreko denboraldiarekin alderatuta.

Badirudi, hortaz, publizitatea ordaintzen duten enpresengandik presioa jasateari utzi nahi diola FOXek, eta ez litzateke kate bakarra izango; badago hainbat aurrekari, esate baterako, ordainpeko FX edota HBO kateak. Dena den, FOXek bere audientzien daturik ez eskaintzeak ez du esan nahi ez dugunik haien berririk izango: Nielsen Media enpresa da neurketa horiek egitearen arduraduna eta telebista kateak berak ez bezala, Nielsenek FOXen audientziak eskaintzen jarraituko du antza denez.

Albiste hau dator, hain zuzen ere, audientziak neurtzen dituen Kantar Media enpresak onlineko audientziak neurtzen dituen tresna berri bat sortu eta urtebetera. 2014ko abenduaren 1ean, enpresa honek Kantar Twitter TV Ratings (KTTR) aurkeztu zion munduari, eta Espainian ordutik kontsultatu daiteke zeintzuk izan diren Twitterren zarata gehien ateratzen duten telebista saioak. Bi zerrenda mota berezi behar dira: lehena, eguneko inpaktu handiena izandako 5 saioekin, eta bigarrena, aste osoan zehar oihartzun handiena izandako 10 saioekin.

Captura de pantalla 2015-11-25 a las 16.44.41

Zer hartzen da kontutan onlineko audientzia neurtzeko? Zazpi irizpide nagusi daude:

  1. Txio eta bertxio kopurua osoa: telebista saio baten emanaldian zehar, hau baino lehenago eta saioaren ondoren argitaratutako txio eta bertxio guztiak
  2. Txio kopurua: saio baten inguruan argitaratutako txio originalen kopurua.
  3. Bertxio kopurua: saio baten inguruan argitaratutako txioak partekatu diren kopurua
  4. Egile bakarrak: telebista saioen inguruan txiokatzen duten erabiltzaile kopurua
  5. Audientzia bakarra: txioak irakurtzen dituen erabiltzaile
    kopurua
  6. Aztarnak (inpresioak): txio batek izandako ikustaldi kopurua
  7. ‘Peak Tweets’: minutuko txio kopuru handienen puntu gorenak

Ez dugu ahaztu behar baina, neurketa Twitterren soilik gauzatzen ari den heinean Kantar Mediak egiten duena audientzia sozialaren zatitxo bat neurtzea besterik ez dela. Eta FOXek hau bera pentsatu ote duelakoan nago, izan ere, Nielsen Mediak badu antzerako tresna bat onlineko audientzia neurtzeko, audientzia hibridoen neurketa deritzona.

Abiapuntu ona bada ere, badirudi audientziak neurtzen dituzten enpresek tresna berriak garatu beharrean daudela, egun bizi dugun paradigma berri honetan ikusleen kontsumo-ohiturak bere osotasunean ezagutu nahi badituzte behintzat. Eta bitartean, ia zalantzarik gabe esango nuke FOX erraldoiaren erabaki bera hartzen duen telebista kate mordoa etorriko dela atzetik.

Egin zeuen apustuak!

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu