“… ezagutzera nator!” , ikasleek Goienarako sortutako saio berria


Ikus-entzunezko Komunikazioko graduko ikasleei esan ohi diegu urtero graduan gauzatzen dituzten proiektuak benetakoak edo errealak izan behar dutela. Izan, badira egiazkoak, proiektuek antza dutelako edozein ekoiztetxe, enpresa edota komunikabidek ekoiztutakoei. Lan batzuk unibertsitatean aurkezten dira eta hor amaitzen da haien bizia, beste batzuk, ordea, unibertsitatetik kanpo ibilbide oparoa egiten dute (Huhezinema jaialdian, besteak beste), edota propio diseinatuta daude bezero baten beharrei erantzuteko (Gradu Bukaerako Lanen kasua da hori).

Aipatu ditudan proiektu-ereduen artean, laugarren mailan gauzatzen duten Telebista Saioaren proiektuak badu berezitasun bat: Goiena Komunikazio Taldea bilakatzen da proiekturako lan tresna eta aldi berean, bezero. Batetik, ikasleak kamera anitzeko errealizazioan trebatzen dira Goienako platoan hiru astez: fikziozko elkarrizketa-saio eta albistegia ekoizten dituzte. Eta bestetik, lan-sekuentziaren helburua da Goiena Telebistan emitituko den telebista programa bat ekoiztea. Ikasleek abiapuntu gisa proposamena jasotzen dute Goienatik: jorratu beharreko gai bat izan daiteke, edota kontuan hartu beharreko ikusle-profil bat; hori jakinda, ikasleena  da saioaren edukia, forma eta estiloa zehaztearen ardura eta saioa aurrera ateratzeko  hiru astez aritzen dira buru-belarri Goienako programazio buruarekin eta unibertsitateko tutorearekin elkarlanean, ideia findu, formatua erabaki eta ardurak banatzeko.

Aurtengo Goienaren proposamena izan da telebista programan agertuko direla Debagoiena osatzen duten bederatzi herriak. Taldea, beraz, bederatzi taldetxotan banatu eta zoriz banatu dira herriak. Bederatzi kapitulu izango ditu, beraz, telebista saioak, eta kapitulu bakoitzean herri bat agertuko da.

Hortik abiatuta sortu da aurtengo … ezagutzera nator!  saioa, otsailaren 18an estreinatuko dena Goienan. Astero-astero aldatuko da saioaren izena, bisitatuko den herria zein den kontuan hartuta: Aretxabaleta ezagutzera nator!, esaterako. Hasiera-hasieratik ikasleek garbi izan dute bi gauza: bata, entretenimenduzko saio bat egin nahi dutela, freskoa eta arina izango dena; bestea, Debagoiena osatzen duten pertsonak izango direla saioaren muina eta haien begiradatik erakutsiko dutela bailara.  Pertsonaiak aukeratzerako orduan, beraz, tentuz aztertu dituzte herri bakoitzaren bereizgarriak eta horiek ezagutarazteko aukeratuko dituzten ahotsak edota elkarrizketatuak; plurala izan nahi du saioak, eta aldi berean, dibertigarria.

Erronka, baina, ez da batere makala, hiru astetan programa diseinatu, kontaktuak egin, grabatu, editatu eta aurkeztu egin behar dutelako. Hortaz, denbora faltak eragindako dokumentazio fase estuak eta bailara ondo ez ezagutzeak, saioa ikuspegi orijinaletik irudikatu dute ikasleek: astero-astero kamera aurrean egongo den aurkezleak ez du kazetari rolik hartuko, ikaslea bera izango da protagonista saioan, Mondragon Unibertsitatean ikasten duen ikasle ez-debagoiendarra, hain zuzen. Ezjakinaren ikuspuntu inuzentetik abiatuta, ikasleak rol aktiboa izango du kamera aurrean, eta elkarrizketatuekin batera egingo du herrian barna bere ibilbidea.

Grabazio fasean dago saioa asteon, beraz, ikusteke dago proiektuak hartuko duen forma. Oraingoz, behintzat, hartu-emanean aritu garenon arreta piztea lortu du saioak.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu