Argazkien benetakotasuna


Egunotan luze eztabaidatu da Daniel Otxoa de Olza argazkilariaren lanari buruz. Otxoa de Olzak aurtengo World Press Photo saria eskuratu berri du, hain zuzen ere, “Jendea” atalean, baina segidan erretiratu egin diote, irudien egile-eskubideak direla tarteko.

Atabala

Argazkiak: Daniel Otxoa de Olza.

Argazki horietan azaroaren 13an Parisen gertatutako atentatuen biktimak azaltzen dira. Jendeak omenaldi gisa erasoen lekuan lurrean utzitako argazki fisikoen argazkiak ziren, euri tantaz bustita zeudenak; funtsean, argazki batzuei ateratako argazkiak ziren.

Halatan, eztabaida piztu duena argazki horien egile-eskubidea izan da. Izan ere, norenak dira argazkiak, Otxoa de Olzarenak edo jatorrizko argazki fisikoen egilearenak? Horra auzia. Gertatutakoak aspaldi irakurritako liburu bat ekarri dit gogora: El beso de Judas, Fotografia y verdad (Joan Fontcuberta, 1997).

Liburu horretako kapitulu batean, Fontcubertak aspaldi gertatutako kasu bat deskribatzen du. Espainian bazegoen argazki-lehiaketa bat Fotopres izena zuena eta foto-kazetaritzako lan bikainenak saritzea helburu zuena. Lehen saria Jaume Muntainer Comellas argazkilariak irabazi zuen 1986an, Me’n vaig amb la meva mare (Banoa nire amarekin) izenburua zuen argazkiarekin.

Atabala

Me`n vaig amb la meva mare (Jaume Muntainer Comellas, 1986).

Argazkian ezkondu berri den emakume bat ikusten dugu korrika, soinekoa jantzita eta lore-sorta eskuetan daramala. Senarra atzetik dauka jarraika, geldiarazteko asmoarekin edo, nonbait. Urte hartan epaimahaikideek argazkiaren kalitatea eta unearen egokitasuna azpimarratu zuten, bereziki, saria eman ziotenean.

Ordea, saria jaso eta egun batzuetara, eskandalua izan zen! Eszena ez omen zegokion “bizitza errealeko” irudi bati, baizik eta “La Cubana” izeneko antzerki-talde baten antzezlanaren une baten irudiari. Antzerki esperimental horren ezaugarri nagusietako bat inprobisazioa zen, eta horretarako kalea eta espazio publikoak baliatzen zituzten eskenatoki bezala, nolabait ere, kaleko jendea errealitatearen eta fikzioaren artean nahastea bilatzen baitzuten. Bestela esateko, beraientzat, errealitatea eta errealitatearen errepresentazioa bat zetozen. Autoreak zintzo jokatu zuela aldarrikatu zuen, berak ez zekiela zinez egoera “erreala” ez zenik; baina epaimahaiak izan zuen azkeneko hitza eta saria kendu zioten.

Baina kasu horretan epaimahaiak erabaki zuena zera izan zen zehazki, argazkia ez zela “erreala”, baizik eta errepresentazio hutsa; eta beraz, Muntainer Comellas-en lanak “errealitatea” islatzen ez zuenez gero, ez bide zuen saririk merezi. Baina argazki oro ez al da, azken buruan, errealitatearen errepresentazio bat hutsean eta soilean? Benetako ezkontza bateko argazkia errealagoa da izatez? Orduan, lehenetsi behar da kasu horretan “benetako” ezkontza bati ateratako argazkia?

Eztabaida polita iruditu zait Muntair Comellas kasuari dagokiona, eta baita Otxoa Olzaren lanari dagokiona ere, noski. Nik ez dut zalantzatan jartzen autore bien zintzotasuna. Baina, sari-kontuez eta lehiaketa-irizpideez haratago, hausnartu beharreko gaia da lan baten benetakotasuna zertan datzan.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu