Mugikorraren erabilera ikasgelan


Irakasleon arteko eztabaidagai izan da azken urteotan, ikasgelan ikasleei mugikorra eta ordenagailua erabiltzen utzi behar zaien ala. Klasea ematerako orduan, irakasleok sarritan bizi izan dugu mugikor eta ordenagailuen erabilera desegokiak ikasleengan eragiten duen arreta galtzeak sortzen digun enbarazua. Garbi dago, klase baten arrakastaren gakoa ikasle-irakasle arteko interakzioaren baitan dagoela. Azken urteotako garapen teknologikoak, norbanakoen arteko komunikaziorako bideak erraztu ditu. Hala ere, bide teknologikoen ugaritzeak, izan du aurrez-aurreko komunikazioan eraginik. Aurrez-aurreko komunikazioa ordezkaezina da ene aburuz eta konpetentzia hau neurri batean bederen, higatu du komunikazio digitalak. Gailu hauen eta zehazki mugikorra klasean erabiltzearen inguruko eztabaida, aditu askoren berbarako gaia izan da. Mugikorraren erabilerak klaseak aberastu ala kaltetu egiten ditu?

atabala

Espainiako estatuan eta Latinoamerikan hezkuntza 2.0n aditu diren hamabost irakaslek eman diote erantzuna gaiari. Aditu guztiak bat datoz klasean eta hezkuntzan orokorrean mugikorra erabiltzea baimentzeak dituen alderdi positiboak azpimarratzerako orduan. Zergatik daude irasle-aditu hauek klasean mugikorra erabiltzearen alde?   Hona hemen eman dituzten argudiotako batzuk:

1.- Unibertsitate mailan mugikorra debekatzeak ez dauka zentzurik, ikasleen egunerokoaren parte delako. Nonbaiten debekatu behar izatekotan, haurren hezkuntzan debekatu beharko litzateke eta ekintza zehatzetarako soilik.

2.- Komunikazio digitala lantzerako orduan, oso komenigarria da mugikorren erabilera sustatzea. Klaseak irauten duen bitartean, klaseko edukia txio bidez zabaltzeak balio bikoitza dauka: batetik, klaseko edukia bera hedatzen da eta bestetik, sare sozialen erabileran trebatzen da ikaslea.

3.- Mugikorra klasean erabiltzea, jada ez aukera bat, beharrekoa da.

4.- ‘M-learning’-a da, hezkuntzan gaur egun daukagun tresna indartsuenetako bat da eta pedagogikoki potentzial handia izateaz gain, ikasle-irakasle arteko harremana indartzeko tresna ere bada. Aukera paregabea eskaintzen du, mezu bidez, eskuliburu bateko egilearekin harreman zuzena izateko. Elkarrengandik oso urrun dauden irakasle eta ikasleen artean, harreman estatiko batetik, harreman dinamiko bat izatera pasatzeko aukera eskaintzen du. Bien artean mezu bidezko komunikazioa erabiliz, hezkuntzaren kalitateak eta motibazioak gora egiten dute.

5.- Mugikorrak dituen abantailen artean daude, hobeto antolatzeko aukera, ikaskideekin eta irakasleekin elkarlana eta komunikazioa sustatzeko aukera eta baita, horretarako dauden aplikazio berezien bidez, modu informalean ikasteko aukera ere.

Horra mugikorraren erabileraren alde emandako argudio batzuk. Azpimarratu beharra dago, desabantaila edo mehatxuen artean, mugikorraren erabilera desegokia aipatu zutela aditu elkarrizketatuek. Ekidin ezina den tresna dugu beraz mugikorra eta beroren erabilera egokian asmatzea da daukagun erronka.  Ordu eta piku luzeko klaseko edukia paperean jaso behar izatetik gatozen irakasleontzat, zaila da gailu teknologikoak irakaskuntzarako erabiltzera eta  sustatzera pasa den paradigmara salto egitea. Aipatzen ari garen erabilera egoki horretarako, irakasle zein ikasleok hezi beharko genuke, potentzialak baliatu eta erabilera desegokiaren kalteak ekiditeko.

Gaiak duen beste ertz bati helduz, oso interesgarria litzateke aztertzea gure ikasleek eskuartean darabiltzaten informazio iturri digitalen artean, zenbat diren euskaraz eta euskal identitatea eraikitzerako orduan eraginkor direnak. Sare sozialen eta informazio iturri digitalen artean, zeintzuk dira nagusi? Nondik ari dira euren identitatea eraikitzen?

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu