Multimedia erreportajeak


Kazetaritza idazketa arloko esperimentu bat egin dugu Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko komunikazioko graduko lehen mailako ikasleekin. Taldeka erreportaje sakon bat egin behar izan dute, nahi zuten gaiari buruz. Gisa orotako gaiak hautatu dituzte: euskal baserriaren etorkizuna, generoa eta transexualitatea, Trebiñu, jendeari buruzko aurreiritziak, etxe kaleratzeak, nerabe haurdunak… Erreportaje interaktibo bat egiteko sareko tresna bat erabiliz argitaratu dute. Tresna horiek, testuaz gain, aukera ematen dute edozein eduki mota jartzeko, embed kodeak txertatuz: argazkiak, argazki galeriak, bideoak, audioak eta edozein irudi interaktibo mota (denbora lerroak eta mapa interaktiboak, adibidez).

Gaur egun sarean dauden hainbeste tresnekin, aukera dago istorio bat gisa orotara kontatzeko. Alferrik da kronologia bat 5.000 karaktereko testu batean esplikatzea, bideoak, irudiak, audioak eta testu laburrak konbinatzeko aukera ematen duten denbora lerroak egin badaitezke. Kronologiak mapa batean ere koka daitezke, ibilbide bat azaltzeko, adibidez.

Tresna horiek guztiak eskuragarri daude (gehienek mugak dauzkate, ordea: eskaintzen dituzten aukera guztiez baliatu ahal izateko edo nahi adina eduki sortzeko, Premium hartu behar da) , eta oso erraz ikasten da erabiltzen. Agertu diren zailtasunak ez dira teknikoak, baizik eta edukiari lotutakoak: zer kontatu Storymap batean? Zertaz izango da denbora-lerroa eta zein multimedia osagairekin beteko dugu? Zein da irudi interaktibo baterako egokia, eta nola aberastuko dugu? Eta, oroz gainetik, zein da denen arteko kohesioa?

Horrelako erreportaje batek indar berezia eskatzen du egituraren diseinuan. Argi eduki behar da zein den helburu nagusia, zein den egin nahi den ekarpen informatiboa. Erreportajea luzea izanik, ongi pentsatu behar da kontakizun osoa, zati guztiak modu egokian harilkatuz. Testua eta elementu grafikoak osagarriak izan behar dira. Dena pentsatu, planifikatu eta diseinatu behar da batera, osotasuna helburu.

Kazetaritza kontsumitzeko ohiturak aldatzen ari diren garai hauetan, multimedia euskarriek eskaintzen dituzten aukerak erabiliz, litekeena da erreportajeen idazketak bilakaera hori izatea, New York Times edo The Guardian egiten ari diren moduan. Argazkiaz gain bideoa testuari uztartzea ohikoa bihurtzen ari da; horrek berak aldatzen du kazetariaren lana (telebistarako erreportajeak egitera ohitua denak, erreportaje sakonak idaztea ere pentsatu behar du; edo testuaz bakarrik kezkatzen den kazetariak bideoa ere hartu behar du kontuan). Ez dirudi irudi interaktiboek hainbesteko arrakasta dutenik oraingoz, egileen aldetik gutxienez. Gero hurbilean, nork daki?

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu