Lan-sekuentzia baten gaineko esperientzia: entretenimenduzko telebista programa bat sortzea


Amaitu berri ditugu lehenengo eta bigarren mailako eskolak Ikus-entzunezko Komunikazioan eta ikasturtearen balorazioa egiteko hilabetean murgildu gara orain, eguneroko eskolen lan martxa behin amaituta. Aurten, gainera, inoiz baino gehiago irentsi gaitu eguneroko martxa horrek, hedabideetan aditzera eman genuen lez, lehenengo aldia izan baita lan-sekuentzietan antolatu ditugunak lehenengo eta bigarren ikasmailak. Horren arabera, ikasturtea ez da ikasgaika edo materiaka antolatu, aldiz, ikasleak proiektu edo sekuentzia bakarrean jardun dira hiru, lau, bost edo sei astez, eta guztira, ikasturtea, hainbat lan sekuentziez osatuta egon da. Egunero, beraz, lau orduko jarduna izan dute unibertsitate barruan, eta beste lau ordukoa unibertsitatetik kanpo, beti ere proiektu edo helburu bakarrari erantzuna emateko asmoz.

Idoia Astigarraga lankideak eta biok gidatu dugu bigarren mailako azkenengo lan sekuentzia, eta helburua izan da entretenimenduzko programa bat sortzea telebistarako. Sei astez aritu gara bigarren mailako ikasleekin lanean, telebista-genero desberdinak ezagutzen eta telebistarako saio bat ekoizten. Aurreko ikasturteetako esperientziari jarraiki, Goienari proposatu genion elkarlana, esanez, entretenimenduzko saio bakarra ekoiztuko genuela Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, ikasle-talde haina kapitulu izango zituena (aurten zortzi izan dira). Lehenengo aldia zenez esperientzia hau bigarren mailan egiten genuena, ez genekien programa emititzeko modukoa izango zen ala ez. Hala ere, eta denon pozerako, balorazioa oso positiboa izan da eta ekainaren 16tik aurrera ostegunero emitituko da Bota Erronka telebista saioa Goienan.

Ez da lan makala izan sei aste irauten duen lan sekuentzia diseinatzea, kontuan hartu behar izan direlako, batetik, ikasleak behar dituen jakintza-multzoak landu behar izan direla eskolan, eta bestetik, dimentsio handiko proiektua izanik, beharrezkoak diren erremintak eskura jarri behar izan dizkiegula ikasleei. Horiek horrela, lan-sekuentziaren diseinuan asteroko programazioak berebiziko garrantzia izan du.

1.go astea

Lehenengo astearen helburua izan zen telebista-generoak ezagutzea. Telebistagintzaren eta genero eta formatuen ibilbidea landua zuten aurreko lan-sekuentzia baten, eta informazio generoarekin lotutako telebista saioak ere bai. Horiek horrela, entretenimenduarekin lotutako telebistagintzaren ezaugarriak lantzea izan zen abiapuntua eta taldez talde telebista-formatu desberdinak aztertu zituzten, gero klasekideekin partekatzeko.

Astearen amaierarako talde bakoitzak saio proposamen baten pentsatzen jarri behar izan zuen, bigarren asteko egitekoei hasiera emateko.

2. astea

Bigarren astearen helburua izan zen saio proposamen desberdinak lantzea. Esan bezala, zortzi talde egituratu ziren klasean eta talde bakoitzak diseinatu behar izan zuen Goienan emititzeko modukoa izango zen telesaio baten proposamena. Horretarako, ahozko aurkezpena edo pitching-a prestatu behar izan zuten, eta programa iragartzeko ikus-entzunezkoa edo teaser-a eta idatzizko dokumentua edo look book-a. Aldi bereran, gidoigintzarekin eta ikus-entzunezko lengoaiarekin loturiko tailerrak martxan jarri genituen, proiektuari begira ezinbestekoak ziren jakintzak jorratzeko.

Ostegunean ikasleek bikain aurkeztu zituzten haien saio proposamenak Goienako programazio buruaren, gidoigintzako irakaslearen eta lan-sekuentziako koordinatzaleon aurrean. Denetarikoak izan ziren proposamenak, musika saio batetik hasi eta reality edota lehiaketa herrikoi bateraino. Hona hemen proiektu proposamen batzuen irudiak:

Atabala. (Amaia)
Atabala. (Amaia)
Atabala. (Amaia)

Saio proposamen arrakastatsuena ikasleen artean Erronka EH erreportaje-saioa izan zen, zeinetan, Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzeko helburuarekin, bi aurkezlek hainbat erronka gainditu behar zituzten saioan zehar.

Behin saioa aukeratuta, zortzi taldeak telesaio bakarrera begira jarri genituen, bakoitzak saioaren kapitulu bat garatu behar zuelako; horretarako, talde bakoitzeko ordezkariekin bildu ginen, ziurtatzeko denok era beretsuan ulertu genuela zein zen programaren helburua.

3. astea

Hirugarren astetik aurrera buru-belarri murgildu ginen Erronka EH saioaren egikaritzan. Prozesuaren hasieran ezinbestekoa izan zen ikasleak gidoigintzan eta ikus-entzunezko errealizazioan trebatzea. Horretarako, Andoni de Carlos gidoilariarekin kapitulu bakoitzaren gidoia egituratzen hasi ziren, eta aldi berean, ikus-entzunezko froga desberdinak grabatu zituzten, saioaren errealizazio irizpideak adosteko balio izan zigutenak.

Prozesu guztian zehar ezinbestekoak izan ziren ordezkarien bilerak, izan ere, telebista programaren forma zein edukiaren gainean erabaki asko hartu behar izan ziren, eta 44 ikasleren artean erabakiak hartzeko egon zitezkeen trabak gainditzeko, ordezkarien bilerak erabili ziren kontu garrantzitsuenak adosteko. Besteak beste, erabaki zen kapitulu bakoitzean bi aurkezlek hiru erronka burutuko zituztela, eta telesaioaren izena aldatu genuen, Erronka EH-tik Bota Erronka-ra. Ondorioz, saioaren egikaritzaren ardura handia hartu zuten ikasleek, eta bereziki ordezkariek.

Aste amaieran Yera Sanchez lankidea gehitu zen lan-sekuentziara, telebista programaren grafismo elementuak (kareta, rafagak, tituluak, …) lantzen hasteko. Bigarren astean egin genuen lez, talde bakoitzari proposatu zitzaion grafismo eredu bat diseinatzea, aukera desberdinak mahai gaineratu eta egokiena aukeratzeko.

4. astea

Laugarren astean bost irakaslek hartu zuten parte aldi berean, proiektuak beharrezkoak zituen alor desberdinak lantzeko. Gidoigintzan, grafismoan eta ikus-entzunezko errealizazioan tutoretzak egin genituen, telebista programaren beharrei egokituta, eta irakasle bakoitza bere alorretik, ikasle-talde bakoitzaren lanaren feedback-a eman zitzaien tutoretzetan.

Horrekin batera, eta ikusita aurkezlearen rolak zein garrantzia izango zuen proiektuan, Ibon Gaztañazpi Herri People saioko zuzendaria eta aurkezlea gonbidatu genuen gurera, kamera aurreko lanen inguruko tailerra antolatzeko. Bota Erronka saioko 16 aurkezleak, beraz, Ibonen hainbat gomendio baliagarri entzuteko aukera izan zuten arratsalde batez.

Grafismoari dagokionez, aste amaieran aurkeztu ziren grafismo-eredu desberdinak hiru irakasleren aurrean, eta programari hobetoen egokitzen zitzaiona aukeratu zuten ikasleek. Hona hemen aurkeztu ziren logo batzuk: 

Atabala. (Amaia)
Atabala. (Amaia)
Atabala. (Amaia)
Atabala. (Amaia)

5. astea

Lan-sekuentziaren azken txanpan murgilduta, bostgarren asteko lehenengo hiru egunak saioa grabatzeko erabili ziren, eta azkenengo bi egunetan grabatutakoak ikusteaz gain tutoretzetan,  azken orduko grabaketak ere egon ziren. Berriz ere, ordezkarien bilerak antolatu ziren azken fase honetan, saioaren egitura erabakita bazegoen ere, komenigarria izan zelako edizio desberdinak ikustea eta iritziak partekatzea, ikasleek jakin zezaten bide onetik editatzen ari ziren ala ez.

Talde bakoitzak Bota Erronkaren kapitulu bat ekoizteaz gain, spota ere egin behar izan zuten saioa promozionatzeko, eta horri forma eman genion azken ordezkarien bileretan.

6. astea

Seigarren eta azkenengo aste erdia erabili genuen tutoretzak egiteko. Lan-sekuentziaren koordinatzaile ginen Idoia eta biok eta bakoitzak lau talderi egin genion jarraipen zehatza, lanak banatuta edizio prozesuari jarraipen estuagoa egiteko aukera izan baikenuen.

Ostegun eta ostiralean aurkeztu ziren behin betiko telesaioak, eta Oihane Agirre Goienako programazio buruaren gonbidatu genuen bertara. Aurkezpenetan, saioak ikusteaz gain, tartea izan genuen ondo egindakoak txalotzeko eta oker egindakoez hitz egin eta hausnartzeko.

Duda barik, lan-martxa gogorra izan da ikasle zein irakasleontzat, denok ere nekatu samar amaitu baitugu sekuentzia. Eguneroko lan-dinamikak ere badu nondik hobetu, datorren ikasturterako birplanteatu behar diren jarduerak egon badaudelako. Hala eta guztiz ere, egon diren emaitza bikainak kontuan hartuta, eta ikasleen gogobetetze maila ikusirik, arrakastatsua izan da lan-sekuentziaren lehenengo saiakera.

3 iruzkin daude

Zurea gehitu
  1. 1
    Oihane Agirre

    Neu ere lan sekuentzia hontako partaide izan naiz (zatitxo batetan) eta gertutik bizi izan dut esperientzia hau. Zoriondu nahi ditut, irakasle eta ikasleak; lan handia egin dute biek ala biek eta emaitza da hurren erakusle. Goiena telebistak zortzi saio fresko jaso ditu eta datorren egunenetik aurrera hasiko gara astero emititzen (22:00). Eskerrik asko!

  2. 2
    ENEKOITZ ZATIKA ELORZA

    Zorionak danori,ikasle eta irakasleoi. Holako ekimenak aberatsak diraz.

    Guk be Tolosaldea LHII holako zeozer eiten dogu (Sekuentzia barik Erronka deitzen dotzagu). Arazorik gehien emoten deuskuna ebaluazioa da, oraindik zehazten eta probaten gabiltz.

    Nola ebaluatzen dozue? Ebaluazio horretan emon beharreko feedback-anola ematen dozue?Zein unetan?

    Eskerrikasko

  3. 3
    Amaia Pavon Arrizabalaga

    Aupa Enekoitz, eskerrik asko erakutsitako interesagatik. Gurea ere lehenengo urteko saiakera izan da eta ebaluazioak buruhauste asko eman dizkigu ere bai.

    Ikaste-emaitzak ebaluatzen ditugu eta ikaste-emaitza bakoitzaren atzean hainbat jarduera daude.

    Dena den, patxadaz hitz egin dezakegu kontuaz nahi izanez gero: apavon@mondragon.edu

    Ondo segi!

+ Iruzkin bat laga