Back to basics


Back to basics, hala esan ohi dute anglosaxoiek konturen batean oinarrietara, funtsezkora, muinera itzuli beharra dagoela deritzotenean, eta esamolde hori etorri zait niri burura  Sherry Turkle-ren liburu hau irakurritakoan:

Captura de pantalla 2017-09-28 a las 11.05.13

Atentzioa ematen didan kontua da, bestalde, unibertso birtualaren sorrera eta garapenean gehien eragin duen herrialdetik datozkigula beroni buruzko kritika zorrotzenetakoak ere (oraintsu kaleratu den ikerketa hau edo bere garaian komentatu genuen Nicholas Carr-en The Shallows bera, berbarako).

Zer dio, baina Turkle andereak? Funtsean, une oro konektatuta egotearen poderioz, momentuan esku artean dugunari ez diogula behar besteko arretarik eskaintzen, burua beti beste zerbaitetan daukagula, bileretan zein ikasgeletan dagoeneko ia inork ez duela bost minututik haragoko atentziorik eskaintzen, gogoa etengabe saltoka dabilkigula, sare sozialek eta Internetek alerta iraunkorrean gauzkatela eta makina-eremura garamatzatela (“eremu bat”, diosku egileak, “non pertsonek ez dakiten non dagoen makinen eta euren arteko muga”).

Captura de pantalla 2017-09-28 a las 11.05.19

Ez da hor amaitzen bere diagnostikoa: gaineratzen du, era berean, aurrez aurreko solaserako ahalmena nabarmen galdu dugula, eta baita enpatizatzeko ahalmena ere. Zelan iritsi da baina horrelako ondorio potoloetara? Turklek bizitza guztia eman du MITen ikertzen, fokua makinen eta pertsonen arteko interakzioan jarrita. Azken liburu hau, berriz, 2008 eta 2015 bitartean buruturiko ikerketa baten emaitza da: denbora-tarte horretan elkarrizketatu ditu 13-30 urte bitarteko ia 500 gazte (haiekin denbora dezente eman eta behaketak burutzeaz batera), lehen eta bigarren hezkuntzako 64 hezitzaile eta, azkenik, 202 profesional (programatzaileak, doktoreak, abokatuak, enpresaburuak…). Horrez gain, hainbat psikologo, soziologo eta neurozientzialariren ikerketei ere erreparatu die.

Apokaliptiko samarrak direla ondorioak? Ezetz dio berak, ez dagoela ordenagailu, tableta eta mugikorren kontra, haien erabilera egokiago baten alde baizik. Teknologia neutroa ez dela eta gure pentsatzeko, antolatzeko eta jarduteko moduak goitik behera moldatzen dituela McLuhanek abisatu zigun duela mende erdi, eta Turkle ere iritzi berekoa da: hori horrela, eten etengabeen ekosistema teknologikoan arrakalak zabaltzea proposatzen du, gune batzuk mugikorren erabilerarik gabeko gune gisa blindatzea, tarteka gailurik gabeko bilerak egitea, aurrez aurreko elkarrizketari berriz ere lehentasuna ematea (hainbat ikerketaren arabera hala ez egiteak umeen garapena trabatzen ei du), multitask-etik (mito hori biluzten duten hainbat ikerketa aipatzen ditu) single task-era pasatzea, zeregin bakarrean zentratu eta berau behar den moduan hasi eta amaitzea… eta bakardadeari eta asperdurari ere tarteak uztea, egilearen ustez bata zein bestea elementu funtsezkoak direlako bai nortasunaren eraikuntzan, bai sormena eta berrikuntza hauspotzerakoan.

Atabala Aitor Zuberogoita

Bere errotikako kritika eta zorroztasuna gorabehera, itxaropentsu ageri da Turkle, besteak beste zenbait ikastetxe hasi direlako ikasleen ongizate psikologikoaz eta elkarrizketaren onurez arduratzen eta puntu horiek euren curriculumetan zelan landu pentsatzen, eta geroz eta hezkuntza-zentro eta enpresa gehiago ari direlako mindfulness-aren gisako praktikak euren jardunean integratzen. “Konektatzeko deskonektatu” izeneko nazioarteko kongresu handi batean izana dela diosku egileak, eta ondorioztatzen du teknologia arbuiatzeko unea baino, geure buruak aurkitzeko momentua dela,  teknologia geuk nahi dugun moduan erabil dezagun, eta ez gaitezen ibili une oro hark markaturiko erritmoan dantzan. Patxadaz irakurtzea merezi duen liburua, funtsean, norbere gogoan arrastoa uzten duten horietakoa.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu