Egiak berak aski indar duenean…


Asko zegoen kontatzeko astelehenean, bezperan Katalunian gertatu zenaren inguruan. Komunikabide batzuek erabaki zuten albiste garrantzitsuenen artean jartzea sarean zabaldu ziren argazki faltsuen aipamena. Joan den igandean Twitterren, Facebooken edo Whatsapp bidez zabaldu ziren lau argazki zaharragoak zirela zehaztu beharra sentitu zuten batzuek, beti egiaren bila eta informazio faltsua gezurtatzeko ardura daukanaren plantak eginez. Ederki dakite, ordea, lau argazki gezurtatuz, hein batez gutxietsi nahi izan zituztela beste ehunka edo milaka irudi zinez errealak. Igandean gertatu zen salbaikeriaz jabetuz gero, zenbateko garrantzia ote dauka irudi batzuk faltsuak izateak?

Gaur egun, ohikoa bihurtu da irudi eta informazio faltsuaren zabalkundea sare sozialetan, bereziki oihartzun handiko gertakarien harira. Hots, giro horretan zenbait irudi faltsu zabaldu direlako albisteek ez dute gehiago deus berririk ekartzen. Horrelakoa da gaur egungo mundua. Ohitu gara. Ohitu gara, ongi dakigun bezala komunikabide tradizionalek berek informazioa beren interesen arabera moldatzeko joera dutela, egiaren kaltetan.

Horrek ez du kentzen, sare sozialetatik heltzen zaizkigun edukiekiko franko sinesbera garela, komunikabide tradizionalekiko mesfidati garen modu berean. Whatsappetik zabaldu dira gisa orotako argazki eta bideoak, azken egun eta asteetan bereziki. Ez dugu jakiten nondik eta nola heldu zaizkigun, baina erraz sinesten dugu benetakoak direla: “bai, bai, halakoak bidali zidan…”. Eta halakoari nork bidali zion? Non hasten da katea? Batzuetan, minutu batzuen buruan heltzen da barkamen mezua: bideoa zaharra omen zen…

Horrelako uneetan, egokia da kazetaritzaren defentsa egitea. Gure telefonora datorkigun edukiaren iturria ez badugu identifikatzen, komeni zaigu erne egotea, egiazko informazioa denean ere. Haatik, badakigu euskal komunikabideetako berri-emaileek (izen-abizenekin) zabaldu dituzten argazkiak, bideoak edo mezu laburrak fidagarriak direla, berek sortuak direlako, sinatu dituztenez geroz. Badakigu seriotasunez egindako kazetaritza baten emaitza direla.

Horregatik, “denak kazetari” garen garaian (edo inor ez benetako kazetari identifikagarri eta, beraz, fidagarri), aldarrikatu nahi dut kazetaritza profesionala babestearen beharra. Prekarietatera kondenatzen den prentsa, ahulago dago egiaren bila joateko. Zoriontzekoa da Euskal Herriko kazetariek Kataluniatik eta Kataluniaz egin duten lana, dauzkaten zailtasun guztien gainetik. Egiaren aldeko lan hori egin ahal izan dezaten, lagundu behar dira, bistan denez.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu