Ikasleak animazio teknikak ezagutzen


Laugarren mailako ikasleekin Animazio Tailerreko lan-sekuentzia bukatu berri dugu ikus-entzunezko Komunikazioa Graduan. Bi astez egon gara animazioaren ingurukoak ezagutzen, animazio teknika desberdinak lantzen bukaerako proiektua sortzeko. Lan-sekuentzia honek bi helburu nagusi izan ditu; batetik, helduentzako ekoitzitako animaziozko filmak ikasleei ezagutaraztea, gerturatzea; eta bestetik, animaziozko produktu propio bat ikasleek ekoiztea. Azken proiektua gauzatzeko, AnimaDebak (helduentzako animaziozko zinemaldiak) antolatzen duen gortina lehiaketan parte hartzeko aitzakia erabili da gortinak ekoizteko. Hiruko lan-taldeak sortu dira 30 segundoko gortina egiteko eta erronka zaila izan bada ere, ikasleek lan ona egin dutela uste dut.

Animazioa, marrazki bizidunak egiteko erabiltzen den teknika izanik, arte mundutik gertuago dagoela usten dut nik. Teknika desberdinak erabiliz, istorio konplexuak kontatu daitezke eta begira bestela: Anomalisa, Persepolis, La triplettes de Belleville, Arrugas… Marrazki bizidunen teknikarekin helduentzako istorio konplexuak kontatzen dira horietan.

Lan-sekuentzia honetan, istorioak kontatzeko animazio teknika desberdinak erabili dira. Izan ere, animazioa entretenitzeko medio ezin hobea da, nahiz eta askok umeei bideratuta dagoen zerbait dela pentsatu. Baina zeinek esan du marrazki bizidunak umeentzako soilik eginak daudela? Jendearen artean ideia hau oso zabalduta dagoela uste dut; adin nagusiko pertsona batek marrazki bizidunak ikusten dituela esaten duenean, arraro begiratzen zaiola konturatuta nago. Baina zergatik pentsatzen du gizarteak, bizia duten marrazki horiek umeek ikusteko soilik direla? Hartzailea beti etxeko txikia dela?

Esango nuke telebistan ikusi daitekeen animazio gehiena etxeko txikiei bideratuta dagoela: Doraemon, Dora, Dumbo, Heidi, eta abar. Telebistan emititzen den ehuneko altu bat etxeko txikientzako marrazki bizidunak dira eta aldiz, oso portzentaje baxua da helduei bideratuta dagoena. Telebistan ez ezik, zineman ere antzeko zerbait gertatzen dela esango nuke. Helduentzako animaziozko pelikula gutxiago ekoizten dira. Kopuruaren kontua ez da arrazoi bakarra animazioa txikienekin lotzeko; izan ere, marrazkia txikien kontua dela pentsatzen du gizarteak, konturako gabe, animaziozko lan baten atzean helduontzako istorio zoragarriak kontatu daitezkeela.

Gaiarekiko dauden aurreiritzi eta moldeak aldatzeko asmoz, duela jada hamar urte Deban, AnimaDeba helduentzako animazio zinemaldia sortu zen, eta Aitor Oñederrakin batera proiektu horretan murgilduta nago azken zortzi urteotan. Adin nagusiko pertsonak animaziozko pelikula gehiago ikusi ahal izateko eta animaziozko filmak etxeko txikientzat soilik diren pentsaera hori aldatzeko sortu zen zinemaldia da. Aurten, abenduaren 26tik 29ra ospatuko da eta 4.mailako ikasleek egin dituzten gortinak ikusteaz gain, hainbat animaziozko film ikusteko aukera izango da.

Entretenitzeko eta istorioak beste era batera kontatzeko teknika ezin hobea da animazioa. Gainera, aukera dago animazioarekin existitzen ez direnak sortzeko, ezagutzen ditugun egitura denak hautsi eta magiaz mundua irudikatzeko.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu