Nartzisoren mitoa eta pantaila


􏰀􏰁􏰂􏰃􏰄􏰅􏰆􏰇􏰂􏰈􏰉􏰊􏰅􏰃􏰇􏰁􏰈􏰃􏰁􏰋􏰁􏰉􏰃􏰁Pantaila osteko komunikazioan ematen dugu denbora asko eta honek pentsatzeko denbora kentzen digu, gure buruarekin egoteko denbora xurgatzen digu pantailak (Turkle, 2017). Ahalegin handia egin behar izaten dugu gure mugikorretik aldenduta mantentzen. Zahar eta gazte, denok egin behar izaten dugu ahalegina gure aparatu mugikorretatik urrun mantentzeko. Telefonoa etxean ahazten bazaigu edo bateria gabe geratzen bagara, funtsezko gorputzeko atal baten faltaren pareko bizipena izaten dugu. Turklen esanetan, kasu gehienetan aurrez aurreko elkarrizketa baino nahiago izaten dugu testuen bitartez komunikatzea, idazteak denbora ematen duelako erantzuna patxadaz pentsatzeko. Aurrez aurreko komunikazioaren defendatzaileen esanetan, pantailaren osteko komunikazioarekin pertsonen arteko harremanek asko galtzen dute bidean, konexio emozionala esaterako. Aurrez aurreko elkarrizketak sendatu egiten dutela dio Turklek.  Egile hauek ez dute euren burua teknologiaren kontran kokatzen, elkarrizketaren alde baizik.

Ezta soilik komunikatzeko moduen eta kanalen paradigma aldaketa bat gertatu, norbanakoen identitateen garapenean ere eragina izan du pantailak. Onlineak identitate anitzak eraikitzeko aukera eskaintzen digu eta bide batez, egunerokotasun aspergarritik ihes egiteko eta amets egiteko aukera paregabea sortzen digu. Carok dioenez (Donath eta Boyd, 2004 aipatzen den bezala) sare sozialak dira besteen begietara identitatea eraikitzeko gailuak eta kontaktu sareek norbere perfilaren balidazioa egiten dute. Autoreak azaltzen duenez, norbere luzapen bat gertatzen da sarean eta horrek berorrek zirrara eragiten dio norbanakoari, Nartzisoren mitoak azaltzen duen moduan. Gainera eskura dauka subjektuak bere izaera moldatzeko eta erakargarriago egiteko aukera eta dinamika horretan sartzeak gozamena eragiten dio. Caroren esanetan (Turkle, 2011 aipatzen den bezala) sare sozialek jarrera nartzisistak bultzatzen dituzte, identitateen sorkuntza eta errepresentazioa egitea ahalbidetzen duten neurrian eta honek guztiak, zuzeneko eragina dauka nerabeen heltze prozesuan. Kontutan izanik nerabeek egun sozializaziorako duten tresna nagusia direla sare sozialak, honek dituen ondorioak aztertzea oso interesgarria da. Autoreak elkarrizketatutako gazteek aitortzen dute, antsietatea eragiten diela besteentzat eraiki duten identitatearen kudeaketak eta baita euren perfila aktibo mantentzeko derrigortasunak ere; plataforma desberdinetan eraiki duten errepresentazioak antsietatea eragiten die.

Alone together adierazpidearekin deitzen ditu Turklek (2012:2) sarean sortzen diren bakardadearen eta laguntasunaren arteko harreman hibridatu hauek. Turkleren esanetan (Sibilia, 2008an aipatzen den bezala) Web 2.0ak subjektua esposizio konstante batean egotera bultzatzen du eta honek publiko-pribatu mugak hausten ditu eta baita garrantzitsua denaren eta ez denaren arteko mugak ere. Honek aldi berean intimitate kontzeptua eraldatzen du eta berak “extimitate” deitzen duena sortzen da. Norberaren garapenerako eta zoriontasunerako beraz, ezinbesteko bilakatzen da besteen begiradaren onespena jasotzea. Zentzu honetan interakzionismo sinbolikoak planteatzen duena da, norbanakoak bere izanaren zentzua aurkitzen duela besteekiko harremanen bitartez. Norabide horretan, komunikazio hiperpertsonalak (ordenagailuaren bidez gertatzen dena) aukera eskaintzen du nia luzatzeko eta estilizatzeko; askatasuna eta kontrola eskaintzen du norbere izaera eta besteekiko harremana nahieran kudeatzeko. Gutako bakoitzak norbere mitologia propioa eraikitzen du, eguneroko errelatu txiki eta fragmentatuak baliabide teknikoen bidez sareratuz.

Ikus-entzunezko lehen mailan Txema Egañak eta biok emango dugun “Komunikazioaren bilakaera eta paradigma berriak” lan-sekuentzian funtsezkoa iruditu zaigu sareak eta orokorrean pantailek gure eguneroko bizitzan izan duten eragina aztertzea. Autore eta adituen testuak oinarri hartuta, ikasleen bizipenak ezagutzea eta fenomeno honen inguruan hausnartzeko tresnak eskaintzea izango da gure helburua.

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu