Ikus-entzunezkoen berrikuntzari buruzko jardunaldia


Pasa den urriaren 31an Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu zuen ikus-entzunezkoen berrikuntzaz eztabaidatzeko jardunaldi baten egon ginen. Nazioarteko hainbat adituren testigantzekin aztertu zen Europan zertan den ikus-entzunezkoen berrikuntza, eta ondoren, Aldundiak esku artean duen ikus-entzunezkoen Gipuzkoalab proiektuan lagundutako hainbat ekimen aurkeztu ziren.

European Broadcasting Unioneko Elena Puigrefagutek ireki zuen jardunaldia. Oso ondo testuinguratu zuen gaur egungo telebista kontsumitzailearen profila, esaten, audientziak gero eta gehiago hautatzen duela zer ikusi nahi duen, telebistako programazio taulari lotuta egon beharrean. Horri gehitu zion geroz eta ikus-entzunezko gehiago ikusten direla Smartphone-an. Telebista aparailuak horren aurrean bestelako zerbitzuak eskaintzeko premia duela-eta, Elenak azaldu zuen broadcasting klasikoaren erronka garrantzitsuenak zirela, batetik, eskaintzaren pertsonalizazioa eta bestetik, irudi eta soinu kalitate hobeagoa eskaintzea, eta hori lortzeko, ekoizpenerako azpiegiturak modernizatu beharra.

Nabaria da telebistaren industria arduratuta dagoela telebistaren aurreko eserialdi hori esperientzia aberasgarriagoa bihurtzen. Kontraesankorra dirudi, hala ere, dirutza horretan inbertitzea, ikus-entzunezkoen kontsumoa geroz eta pantaila txikiagoetan egiten dela kontuan hartuta.

Alderdi teknikoa albo batera utzita, hurrengo hitzaldi-sortan ikus-enzunezko edukien sormena egon zen erdigunean. Horrekin lotuta, Finlandiako, Eskoziako eta Norvegiako kasuak aztertu ziren. Hiru herrialdeetako telebista publikoak urteak daramatzate lanean ikus-entzunezkoak audientziaren kontsumo ohitura berrietara egokitzeko. Eta horrekin lotuta ikusi genituen, besteak beste, honako adibideak:

  • Salla-Rosa Leinonen-ek Finlandiako telesailen adibideak erakutsi zituen, azalduz, fikziozko lan berri bakoitzaren abiapuntuan aztertzen dela zein izango den jarraituko den online estrategia. Alperrikakoa da, bere ustez, telebistarako telesaila grabatu ondoren pentsatzen jartzea interneten hartu beharreko hautuez, istorioa ez delako hasieratik formulatua izan multimedia edo crossmedia izateko. Horren adibide bezala, oraindik telebistan estreinatu barik dagoen telesail batez hitz egin zigun, esanez, ia urtebete daramatzatela istorioa lantzen Instagramen, fikziozko pertsonaia horrek bere bizitzaren nondik norakoak kontatzen ditu Instagram bidez. Jarraitzaileek badakite fizkiozkoa dela, eta telesaila estreinatu aurretik lortu du honezkero audientziaren arreta.
  • Eskoziako BBCren proiektu arrakastatsu bat erakutsi zigun Anthony Brownek: BBC The Social. Eskoziako influencer desberdinen plataforma osatu du BBCk, tematika erabat desberdineko hainbat gazterekin elkarlanean sortutakoa. Astean behin bi bideo berri eskaintzen dituzte sare sozialetan, gazte protagonista desberdinek ekoiztutakoak. Orotara, 1600 bideo baino gehiago ekoiztu dira, 160tik gora kolaboratzaile dituzte eta mundu osoko jarraitzeak ditu BBC The Social proiektuak.
  • Norvegiako Skam telesaila nazioartean oso ezagun egin da eta haren ekoizleak, Ingvill Marie Nyborgek, azaldu zigun zer zegoen arrakasta horren atzean. NABC metodologiaz hitz egin zuen, audientziaren beharrak sakonean aztertu eta ezagutzeko metodologia berau. Metodologia horrekin egiten dute lan NRK Norvegiako telebista publikoan, eta Nyborgek ez zuen zalantzarik izan aitortzerakoan sormen prozesuan garrantzitsuena dela audientzia ondo ezagutzea. Zentzu horretan, merkatuak hartu duen marketinaren logika berberean murgildu da ikus-entzunezko sektorea, gaur egungo gehiegizko eskaintzaren aurrean, nabarmentzeko aukera bakarra da audientziaren informazio ahalik eta zehatzena edukitzea. Internetek eta Big Datak, noski, asko laguntzen du hori lortzera.

Euskal ikus-entzunezko sektorean ere ematen ari dira hainbat esperientzia ikus-entzunezkoen berrikuntzan eta labur aurkeztu ziren, besteak beste, honakoak:

  • Josu Bilbao ETBko fikzio-edukien arduradunak Go!azen telesailaren denboraldi berriarekin lotutako aplikazio bat erakutsi zuen. Telesailari izaera transmedia emateko asmoz, telebistaz gaindi pertsonaien arteko istorioak ezagutzeko aukera dago App-ean.
  • Euskarazko websail baten ekoizpenerako lehiaketa antolatu dute hainbat ekoizlek eta Telmo Trenado influencer-ak eman zuen Next Station lehiaketaren berri. Lehiaketaren helburua da websail bat sortzeko ideiak jasotzea, eta horietatik hiru ideia onenak aukeratzea, horiek garatzeko. Lehiaketaren sari bezela, websailik onena ekoiztu egingo da.
  • Codesyntax enpresa garatzen ari da euskarazko ikus-entzunezkoak biltzeko Chromecast Garapen fasean dagoen arren, Luistxo Fernandezek erakutsi zuen nola izango den posible chromecast sistemaren bitartez telebistan ikusi ahal izatea mugikorretik aukeratutako bideoak.

Esperimentazioz beteriko aroa bizi du ikus-entzunezkoarenak eta jardunaldian aipatu zirenak adibide batzuk besterik ez dira, ikusteko ikus-entzunezkoen digitalizazioak nola irauli duen sektore honetan ere eskaintzaren eta eskariaren logika, hedabideak protagonista izatetik, audientziaren beharrak erdigunean jartzeraino.

Jardunaldian egindako aurkezpenak: Etorkizuna eraikiz: euskarazko ikus-entzuneko edukiak.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu