Ikasleen lanak, ‘bide batez’, Goiena Telebistako programazioan


Dagoeneko badira bi ikasturte Ikus-entzunezko Komunikazioa graduan martxan jarri genuela proiektuetan oinarritutako diseinu metodologikoa. Komunikazio eremuko proiektu errealak egitea ipar hartuta, diseinu berri honetan ikasleek proiektuak gauzatzeko beharrezkoak dauzkaten ezagutzak era monografikoan jasotzen dituzte; hau da, emango diren edukiak modu isolatuan eta lau hilabetez jaso beharrekoan, aste gutxi batzuetan biltzen dira berauek, eta ezagutza hori, jaso ahala, proiektuan aplikatzeko aukera daukate ikasleek.

Bigarren mailako proiektuetako bat da entretenimenduzko telebista-programa bat ekoiztea, eta proiektua erreala izateko xedeak zentzu guztia hartzen du ikasleek egindako lan horiek telebista-kate baten programazioaren baitan emititzen direnean (gure kasuan, Goiena Telebistan). Horrela gertatu zen duela bi ikasturte ikasleek sortutako Bota erronka saioarekin, eta esperientzia hori errepikatu egin da joan den ikasturte amaieran ekoitzitako Bide batez programarekin. Telebista-programa baten estreinaldirako uda da sasoirik txarrena, eguraldi ona eta egun luzeak tarteko, nabarmen jaisten delako ikusle-kopurua; horregatik, Goiena Telebistako arduradunek Bide batez saioaren emisioa udazkenera atzeratzea erabaki zuten: urri honen hasieran emititu zen lehen atala eta joan den ostiral gauean, azaroak 17, eskaini zuten azkena.

Jakina denez, telebista-programazioan edukiak, oro har, modu seriatuan eskaintzen dira; hau da, sortzen diren saioek atalak dituzte, eta maiztasun jakin batekin eskaintzen dira berauek. Hori horrela izanik, lan-sekuentzia honetan ezinbestekoa da ikasle guztiak programa berean aritzea lanean, eta talde txikietan antolatuta, talde bakoitzak programaren atal bat ekoiztea (proiektuaren antolamenduaren zehaztapenak ezagutzeko, ikus Amaia Pavon irakasleak idatzitako artikulua lan-sekuentzia abian jarri genuen lehen aldian).

Bide batez saioak, talde bakoitzeko bi kideren eskutik Euskal Herriko txoko desberdinetan barrena bidaiatzeko aukera ematen digu, bi aurkezleok, bi egunetan zehar, oinez egingo duten ibilbidea aitzakia hartuta. Adibide gisa, hemen duzue Goiena Telebistak emititutako azken atala, ezagutu gura baduzue Ikus-entzunezko Komunizazioko ikasleek euren ikasketa-prozesuan eginiko proiektu bat, bide batez, telebista-kate baten programazioan eskaini dena.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu