ETB1, mariatxiak eta euskal musika


Duela zenbait urte, ETBk iragarri zuen larunbat arratsetan “Oholtzan” saioa programatuko zuela. Itxura batean, eskaintza interesgarria: Euskal Herriko kontzertu edo antzerkien ikusteko mentura zegoela pentsatu genuen. Berehala ohartu ginen usteak erdi ustel gelditu zirela. Mariatxiak bihurtu dira ETB1eko larunbateko programazioaren ikur, anitzen etsipenerako.

Euskarazko telebista publiko gisa, ETBren betekizuna izan behar luke inguruko kultura hegemonikoek itotzen duten euskal kultura babestea. Gisa horretan, programazio orduak betetzeagatik egiten den programazio hori antzua da euskal musikarentzat edo euskal antzerkiarentzat; baina, batez ere, telebistatik desagertuta egotea kaltegarri ere izan daiteke. Euskal musikak eta antzerkiak behar du tokia hedabideetan.

Jakinik euskal musikari eta kantari anitz badagoela gaur egun, gazteak, aspaldikoak edo desagertutako taldeak edo zendutako kantariak, penagarria eta deitoragarria da telebistan ez dezaten tokirik izan, eta haien ordez mariatxiak edukitzea, behin eta berriz. Komunikabideek funtsezko papera betetzen dute gizarte baten eraketan. Ez dira eragile bakarrak, baina eragin handia daukate herri baten egituraketan edo desegituraketan: zein informazio ematen den edo ez, zein mapa erakusten den, nongo berriak ematen diren, zein balio transmititzen den… Bistan da, zabaltzen den kultura ereduak ere eragina dauka.

Horra proposamen bat: “Oholtzan” saioan programatzea euskal kantari eta musikarien kontzertuak, euskal antzerkiak, eta artista horiekin egindako elkarrizketak. Kontzertuak eta antzerkiak izan daitezke oraingoak edo artxibokoak. “Hitzetik Hortzera” saioak, Bertsozale Elkartearen partaidetzan, bertsolaritzari leiho bat eskaintzen dion gisan, edo “Sautrela” saioak literaturari, euskal musikari eta antzerkiari eman dakioke toki duin bat. Lan egin lezake, adibidez, Badok.eus atariarekin edota Euskal Herriko AntzerkiZale Elkartearekin (EHAZE).
“Bai, baina”-rik ez! Arazoek beti badituzte aterabideak. Telebista publikoak zerbitzu hori eskaini behar du. Arriskuan dagoen gure hizkuntza eta kultura babestu behar ditu. Erakunde publikoek sustatu eta lagundu behar dute horrelako programazio bat.

Iruzkin 1 dago

Zurea gehitu
  1. 1
    Oskar Goni

    Gogoan dut Udalbiltzak “Xiberoa Garatzen” sustatu zuenean ETBn publizitatea erosi (diru truk) nahi izan zuela eta ezin izan zuen, bertako nagusiei ez zitzaiolako egoki iruditu…Ekimen hura ederra zen berez baina Eusko Txiringitoaren lurraldetasun kontraesanetan behatza sartzen zuenez zentsuratu zuten. Hortik kontuak atera…
    Gaur gaurkoz Eitb estrategikoa da hizkuntzaren biziberritzean eta beharrik ETBn profesional zintzo anitz dagoen …Garai gozoagoan gaude jakina, baina hala ere Alderdiaren teilatura harriak bota dezaketeen sortzaileek ez dute iluntzeko tenorerik onenean minutu gehiegi izanen.

+ Iruzkin bat laga