Hedabideen fidagarritasuna eta kontu-emate tresnak


Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak 67. Euskal Soziometroa eman zuen argitara iazko ekainean. Ikerketa horren berezitasuna da hedabideetan zentratua dagoela (ohiko prentsa, irratia, berriemaile elektronikoak eta telebista). Datu interesgarriak ageri dira bertan: esate baterako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek hedabideen jardunarekiko daukaten konfiantza-maila Europako Batasuneko herritarren batez bestekoa baino apalagoa dela, baina Espainia eta Frantziako batez besteko konfiantza-mailen gainetik dagoela (frantses prentsarena da salbuespena; honi buruz gehiago: Prospekzio Soziologikoen Kabinetea, 2018: 13-22).

EITBren fidagarritasuna Europako Batasuneko beste herrialde batzuetako hedabide-sistemen fidagarritasunarekin ere alderatzen da ikerketan. Alderaketa horretan atentzioa eman didan datua da Eskandinaviako herritarrek erakusten dituztela konfiantza-mailarik altuenak euren hedabideekiko: Finlandia ageri da lehen postuan sailkapenean, Danimarka bigarren eta Suedia hirugarren.

Ez da kasualitatea Eskandinaviako herritarrek euren hedabideekiko erakusten duten konfiantza-maila altua: izan ere, herrialde haietan aspalditik datorren media accountability tradizio sendoa daukate, hots, oso errotuta daudela bazter haietan hedabideen gardentasuna bermatu eta herritarrei kazetari-jardunaren berri emateko tresna eta erakundeak.

Suediako kasua, berbarako, paradigmatikoa da: berriemaileek argi ibili behar dute informazioa lantzerakoan, bertako hedabide-sistemaren oinarrian baitaude…

  • Kode etiko nazional goiztiarra
  • Hedabideen kritikarako zenbait erakunde
  • Prentsa Kontseilu Nazionala (informazio faltsu edo desegokia argitaratu duenari isunak jartzeko ahalmena dauka; suediar ikerlariek diotenez, orain beronen jarduna gainerako hedabideen azterketara zabaltzea dute erronka)
  • Ombudsman edo irakurleen defendatzaile nazionala
  • Gobernuaren ohiko esku-hartzea informazio-ekosistema arautu eta bertako orekak bermatzeko
  • Ikus-entzunezkoen Batzorde Nazionala
  • Last but not least, sarean bolo-bolo dabilen informazioa aztertzeko kontu-emate tresna berriak.

Katalanek eredu horretan inspiratuta eratu zituzten, besteak beste, erakunde hauek:

Erakundeok Kataluniako komunikazio-sistemaren zutabe sendo dira. Gure kasuan, aldiz, mugimendu interesgarriak izan dira azken urteotan (arlokako kode etiko batzuen sorrera edota EITBk zein Berria taldeak sarean jarritako estilo liburuak, adibidez), baina Suedia eta Kataluniako kasuetan aipaturiko erakunde eta tresnak ez dira existitzen oraindik Euskal Herrian. Badago, beraz, zeri ekin…

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu