Ikasleen emanaldi grafiko-literarioa


Emanaldi grafiko-literarioa izen bera daraman lan-sekuentzia baten proiektua da. Izenak adierazten duenez, beraz, emanaldi bat da ikasleek prestatu behar dutena, hain zuzen ere. Horretarako, 4 aste dituzte, eta bertan sortzen dituzte irudi grafikoak (esaterako, ilustrazioak, collageak, argazkiak, gif animatuak eta bideoak) eta literatur sorkuntzak (adibidez, poemak, ipuinak, narrazioak edota abestiak). Helburua da hitzak eta irudiak ondo uztartzea, eta hori, noski, modu sortzaile batean aurkeztea.

Aurtengoa laugarren saioa izan dugu emanaldi grafiko-literarioari dagokionez. Ordea, berezia izan da aurtengo erronka, izan ere, aurreko urteetan ez bezala, ikasleek publiko baten aurrean eskaini dute emanaldia. Gure publikoa, zehazki, Eskoriatzako Hezkuntzako ikasleak izan dira, eta bide batez, IKO eta Hezkuntzako gradukoak era gerturatu dira.

Prozedurari dagokionez, egin beharrekoen artean, emanaldiaren gaia aukeratu behar izan dute; “gorputza” izan da aurten guztien artean hautatu dutena. Gaia zehaztu ondoren, talde txikitan bildu dira eta gaiarekin lotutako hainbat ideia landu dituzte. Era berean, izenburua eman diote emanaldiari, kartela diseinatu dute eta abar.

Guztira 11 talde aritu dira lanean, bakoitzak bere erara gaiaren interpretazioa egiten eta 5 minutuko ikuskizuna prestatzen (emanaldia ordu eta erdikoa izan da guztira). Nabarmentzekoa da musika (zuzenekoa) oso presente egoten dela urtero; besteak beste, dantzak eta kantuak izaten dira nagusi.

Harrigarria da zenbat musikari eta artista izaten ditugun 1. mailako taldean! Urtero, gainera. Eta harrigarria da, halaber, ikasleek zelako prestutasuna eta gogoa erakusten duten lan-sekuentzia horretan.

Bi irakasle aritzen gara sekuentzia hori koordinatzen, eta gehien pozten gaituena zera da, ematen du ikasleek une batez ikasgaiaren notaz ahaztu egiten direla, ez dutela aipatu ere egiten ebaluazioa, buru-belarri murgiltzen dira euren emanaldian, eta helburu nagusia lan txukuna egitea izan ohi da.

Urtez urte emanaldiak bikainak izaten dira. Irakasle gisa horrek izugarri pozten gaitu eta, zer esanik ez, datozen emanaldietarako ilusioa areagotzen.
Emanaldi grafiko litearioa 2019

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu