Hizkuntzaren erabilera sexista, emakumeei buruz sexuaren inguruan egiten diren txantxak eta txisteak, jeloskortasuna maitasunaren berezko zati gisa defendatzea, bikotekidearen gaineko kontrola (ordutegiak, ekintzak, harreman sozialak, hitzorduak…), ardura falta zaintza lanetan edo etxeko lanetan, desteinazko isiluneak manipulazio moduan erabilita, larderia, adierazpen iraingarriak, gaitzespena eta desbalorizazioa, xantaia emozionala, kontrol ekonomikoa, paternalismoa…. (Bonino, 2005: 98-100). Jarrera mikromatxisten zerrendak ez du amaierarik.
Praktika sotilak baina ikaragarri eraginkorrak
Praktika horietako batzuk hain dira sotilak oharkabean pasatu ohi dira, eta salatzen direnean exajeraziotzat jotzen dira, edo garrantzia kentzen zaie. Bien bitartean, bere ondorioek emakumearen osasun mentalari eragiten diote, eta autoestimua urritzen eta energia eta bere buruarenganako segurtasuna kentzen.
Jarrera horiek indarkeria ikusezin bihurtzen dira edo, hobeto esanda, ikusezin izatera behartzen dira, botere desoreketan oinarrituta daude, eta gure gizarteetan androzentrismoa indarrean dagoela erakusten dute. Hain zuzen ere, izaera mikro eta inplizitu horrek eragiten du mikromatxismoak gutxien nabaritzen diren menperatze matxistazko portaerak izatea, zoritxarrez, gizarte patriarkal baten barruan normalizatuenak. Horregatik, boterea horrela erabiltzearen arazo nagusia da ekintza horiek antzemateko eta salatzeko dagoen kontzientzia falta eta zailtasunak.
Jarrera horietako gehienak historian zehar emakumeei eta gizonei ezarri zaizkien antzinako genero estereotipoetan eta rol tradizionaletan oinarritzen dira. Herrialde askotan gizona emakumea baino gehiago dela ozen esatea dagoeneko politikoki zuzena ez den arren, abusuak gertatzen dira oraindik ere, eta indarkeria matxista hainbat trikimailu eta maniobraren bitartez justifikatzen jarraitzen da, trikimailuok oharkabean igarotzen diren arren, oso eraginkorrak izanik.
Lehen esan denez, lortutako berdintasunaren ilusioak, batez ere gizarte demokratiko esaten zaienetan, nolabaiteko laino gaizto eta itxi bat sortu du eguneroko matxismoaren inguruan, eta feminismoaren eta genero berdintasunaren aurkako borroka elikatu du, matxismoaren salaketa beharrezkoa ez balitz bezala, gehiegizkoa balitz bezala.