Azken urteotan Goi mailako heziketaren baitan gertatutako paradigma-aldaketa ikaslearen ikaskuntzan (eta konpetentzien garapenean) zentratutako paradigma bilakatu da, eta ikusi da elementu garrantzitsu eta baliotsua dela ikaskuntzarako bizitza osoan zehar. Paradigma horren arabera, ezinbestekoa da erronka berriaz jabetzea: aldatu beharra dago edukietan oinarritutako hezkuntza-eredutik konpetentzietan oinarritutako hezkuntza eredura. Aldi berean, beharrizan argi bat antzematen da: ikaslearen ikasketa-prozesua sakonago ezagutzeko beharra, hain zuzen ere. Arlo biak (konpetentzien garapena eta ikasleen ikaskuntza) estu doaz lotuta, eta horiek izaten ari dira HUHEZIko hainbat ikerketen ardatzak.
Mondragon Unibertsitatean 2000. urtean diseinutako Mendeberri Proiektuaren zutabe garrantzitsu bat konpetentziak izan ziren, eta horien artean, zeharkako konpetentziak. Zeharkako konpetentziez edo konpetentzia generikoez hitz egitean, “ikasten ikastea” izeneko konpetentzia ezinbestean agertzen zitzaigun. Nolabait, bere izaeragatik, konpetentzia generiko honek eragina dauka gainontzeko konpetentziengan; izan ere, metakognizioaren ikuspegitik, konpetentzia honexek ematen dio aukera banakoari bere ezaugarri eta konpetentzien berri izateko ikasle gisa, eta aldi berean, bide ematen dio erregulatzeko ikasketa-prozesuan parte hartzen duten prozesu guztiak (ezagutzarenak eta ezagutzarenak ez direnak) Hortaz, konpetentzia hau ahalik eta ondoen garatzea ikaslearen iparrorratz bihurtzen da nolabait; hark lagunduko dio erregulatzen gainontzeko konpetentzien garapenean parte hartuko duten prozesu guztiak, direla espezifikoak direla generikoak.
Ikaste-irakaste prozesua hobetu nahi badugu, ikasleen eta beren ikas-prozesuari buruzko teorietan, batetik, eta ikasleen ikaste prozesuari buruzko esperientzietan, bestetik, sakondu behar dugu. Ikasleen eta beren ikas-prozesuari buruzko teorien azterketa eta ezagutza aspaldi HUHEZIn interesgune garrantzitsuak badira; berriz, ikasleen ikaste prozesuari buruzko esperientziei agian ez zitzaien eman hauek behar duten denbora. Eta beharra agerian dago. Aztertutako teoriekin koherente jokatu nahi badugu, lehen eskutik jakin beharko dugu ikasleak berau nola antzematen duen bere ikaskuntza prozesua, azken finean bera baita prozesuaren protagonista nagusia: irakasteak ez du zentzurik baldin eta ez badago potentzialki ikas dezakeen inor. Azken alderdi honi dagokienez, ikasleen ikaste-prozesuari buruzko pertzepzioa ezinbesteko adierazle edo “input” bihurtzen da Unibertsitate ikasketaren kalitatea hobetzeko.
Azken urteotako ikerketak agerian uzten ari dira ezin dela konpetentzien garapenaz eta lanketaz hitz egin testuinguru akademikoan, ez bada metodologia “aktiboetan” oinarritutako planteamendu batetik abiatuta (hots, arazoetan, kasuetan, proiektuetan, eta abarretan oinarritutako metodologietan). Metodologia horiek ikaslearen inplikazioa eta arduratze aktiboa eskatzen dute ikasketa-prozesuan zehar; eta hauexek dira, hain zuzen, ezinbesteko baldintzak ikasten ikasi konpetentziaren garapenerako.
Arestian esandakoak ikerketa askoren oinarrizko ondorioak dira, non, laburbilduz, honako ideia zentrala irakur daiteke: ikaskuntza-prozesuan aldagai asko sartzen dira jokoan (aldagai pertsonalak, pertsonen artekoak, hezkuntza-testuingurukoak, eta abar), elkarlotuta daudenak. Beraz, ezin dugu definitu eta hobetu ikasleen ikaskuntza-prozesua aldagai-mota bakar baten arabera, eta era berean, ezin dugu prozesua ulertu elementu guztien elkarrekintzaren barruan ez bada. Beraz, “guztia” bihurtzen da ikergai: eskainitako testuinguruko aldagaiak, aldagai pertsonalagoak, eta baita ikasleak aldagai horien guztien gainean hautematen duena eta egiten duen gogoeta ere.
Aldagai guzti hauetatik abiatuta, hainbat ikerketa burutu izan dira HUHEZIn 2010-2011 ikasturtetik hona, gure hezkuntzaren kalitatearen norabidea nolakoa izaten ari den hobeto ezagutzeko input oso baliagarriak izan daitezkeenak. Horrez gain, aurten Berrimet masterrean Master Bukaerako Lan bat aipaturiko gaiak uztartuz aurkeztu da.