Biteri Experience

Eguneroko bizitza

Etxeko sutondoko berotasunaren mundu txikian Laboak izendatutako “bizitzarako armak” ikasten dira. Libururik gabe, ikasmahairik gabe, uniformerik gabe. Nola egiten den konturatu gabe, zein ordutan ematen den neurtu gabe, bazkalondoetan, maitasun fereken eta begirada gogor eta gaitzusteen artean. Etxearen lau paretak munduarekiko osatzen dugun lehenengo irudia izango da. Balioak, jarrerak, izateko moduak, sentitzeko eta pentsatzeko moduak, begirasunak, lehen eskola horretan dituzte zuztarrak, non oraindik ere teknologia berrien aurrerapenak ez diren heldu. Zorionez.

Etxeetan ez da helburuez hitz egiten, ezta halanolako metodologiez ere, emaitzak ere ez dira aldizka neurtzen, ezta txostenik eskatzen ere. Bizi egiten da, bizitza dago jokoan, eta planifikaturik gabeko bizikorronte jario horretan pertsona hazi egiten da. Eta hezi. Eskolak asko zor dio sistema pedagogiko honi eta bekaizkeriaz begiratzen du. Badu zer ikasi eta azken aldi honetan baita egin ere.

Orain ikasketak taldeka egiten dira, pertsonen (ikasleen) arteko harremanaz baliatzen da, bata bestearekiko hartu eman eta partekatze horretan jakintza lortzea eta sortzea askoz aberasgarriagoa delako. Orain proiektuetan lan egiten da, arazoak planteatuz eta horiei irtenbideak bilatuz, errealitatetik hartutako benetako egoeretatik abiatuta. Orain feed back-ak egiten dira, non ikasle eta irakaslearen artean hartu eman bat bilatzen den eta jakituria partekatu egiten da eta eztabaidaren objetu bihurtzen da.

Ia beti bezala, Biretiexperience erdi bideko bat da. 

 

 

 

Exit mobile version