Kaixo, Asier Galdos naiz, MAGNET enpresaren sortzailea.
MAGNETen arazo konplexuei soluzio sinpleak ematen saiatzen ari gara, gure erara.
Urte dezente pasatu dira MUko MGEP Ingenieraritza Informatikako ikasketak bukatu nituenetik, eta nostalgikoa ez naizenez, atzera begiratu beharrean, aurrera begiratzea da nire asmoa post honetan. Nostalgia ez baina memoria defendatzen dut, memoria baita inteligentzia ahalbidetzen duena (“La inteligencia es el arte de usar la memoria”).
MAGNET da gure kooperatibaren izena. Talde sendoa gara, Europan zehar (Oñati, Iruñea eta Polonia) banatutako garatzailez, diseinatzailez eta kontsultorez osatutakoa. Adin, kultura, ezagutza eta genero anitzekoa, guretzako aniztasuna balio eta indar ezinbestekoa delarik.
Guk ere MAGNET–en memoria erabiltzen dugu gure proiektuetan, bai pertsonen memoria eta baita makinena ere. Memoria da gakoa, esperientzia. Software-aren paradigma aldaketa memoriaren kudeaketari esker etorri da (adimen artifiziala) eta baita ere sektore honek talentu ugari erakartzen dituelako.
Talentu asko dago sektore honetan. Nik MAGNET sortu nuenean arau bat jarri nuen: enpresara etorri berriak ni baino argiagoak eta hobeak izan behar dira. “Oso erraza da”, pentsatuko duzue arrazoi osoz; ala eta guztiz ere, ogibide honek talentu askoko pertsonak erakartzen ditu. Pasioa eta ikasteko grina funtsezko oinarriak dira. Hire for character, train for knowledge, esaten dut sarritan.
Gurea bezalako herri txikietan asmo handiko gauzak egitea posible da. Bai lehen eta baita orain ere. Ezagutza denontzako dago eskuragarri eta software-a da gaur egun eta etorkizunean mundua aldatzen ariko den protagonista nagusia.
Etorkizunean zure garuneko atal asko erabili beharko dituzu lanean eta horregatik bai pertsonak eta bai enpresak, arazo konplexuei soluzio sinpleak ematen saiatu behar dira.
Guk MAGNET-ekin helburu berdina finkatu dugu eta horregatik proiektu holistiko eta pertsona eklektioz osatutako lantaldea sortzen saiatu gara, teknologia, diseinua, aniztasuna, ikasteko grina eta open source komunitatea erabiliz pertsonendako produktu eta zerbitzuak sortuz.
Hona iristea ez da erraza izan, gorabeherak, buruhausteak, soldata txikiak… ekintzailea izatea ez nuke arinki gomendatuko orokorrean eta hemengo inguruneak ere ez du laguntzen, diskurtso ofizialek kontrakoa dioten arren.
Nire ibilbide profesionalean bizipen desberdinak izan ditut, atzerrian enpresa handietan adibidez, baina beti izan dut buruan neure proiektua garatzeko determinazioa. Orain momentu goxoan gaude, ilusio handiekin eta etorkizunerako potentzial handia duen proiektu batekin, esperientziaren memoria erabiliz ziztu bizian aldatzen ari den etorkizunean parte hartzeko asmoz.