Mondragon Unibertsitateko MU Ingeniaritza informatikoko 4.maila egiten ari diren Eñaut Mendiluze eta Joritz Galarraga gara. Gure erasmus esperientziari dagokionez, gradu bukaerako lana atzerrian egitea erabaki genuen, hau da, lehenik ikasketak Arrasaten bukatu eta GBL-a egitera atzerrira joan.
Aldez aurretik aipatu beharra dugu gure kasua berezi samarra dela, COVID-aren agerraldiarekin hainbat aldaketa eta egoera berri bizi behar izan baitugu, agian ez direnak Erasmus egoera arrunt batekoak. Gure kasuan konfinamentuaren eta gizartean zegoen ziurgabetasunaren eraginez Erasmus aukerak asko murriztu ziren, herrialde bakoitzak bere neurriak baititu. Hala ere, enpresa batera lanera etortzekoak ginenez hainbat abantaila izan ditugu bidaiatzeko garaian, era justifikatu batean herrialdera sartzeko eskubidea baigenuen. Norvegiara etortzea erabaki genuen gehienbat bertako kulturak eta naturak bultzatuta, eta ez gara batere damutu. Gizarte bezala nahiz eta itxiak izan oso jende jatorra da, beti laguntzeko prest eta gehiengoak ingelesez hitz egiteko erraztasun handia du, bai gazte zein heldu, oso lagungarria Erasmuseko ikasleentzat.
Nahiz eta herrialdeko hiriburuan egon, gertutasun ikaragarria dago naturarekiko, garraio publikoa asko bultzatzen dute eta honekin edozein lekutara joan zaitezke; metroa har dezakezu hiriaren punta batetik bestera joateko edota mendietara gerturatzeko, edo nahi izanez gero, ferrya dago bertako irla desberdinetara mugitzeko. COVID-aren eragina dela eta, ezin izan dugu Erasmus arrunt bati dagokion esperientzia erabat bizi. Tabernak itxita eta jende kopuru mugatuarekin ibili behar izateak pixka bat zaildu du beste ikasleekin erlazionatzea, baina hala ere, egoera ikusita esan genezake munduko herrialderik hoberenetako batean pasa dugula pandemiaren garai hau. Hemen neurriak askoz arinagoak izan dira eta asko bultzatu dute aire libreko aisia. Norvegiarrek ohitura handia dute aisia aire librean egiteko. Neguan hainbat jarduera ezberdin aurki daitezke Euskal Herrian ez direnak horren ohikoak. Gure kasuan egoera hau ahal bezain beste aprobetxatzen saiatu gara. Gure zorterako, gobernuak hainbat alokairu puntu ditu hirian zehar neguko aisirako materiala dohainik eskuratzeko, hala nola eskiak, izotzetako patinak zein lerak. Neguko asteburu gehienak elurretan pasa ditugu, hainbat iraupen-eskiko bide eginez, laku izoztuetan patinatuz eta noiz edo noiz bertan bainu bat hartuz, norvegiar esperientzia topera biziz.
Oslon bertan, garraio publikoari esker hiriko erdigunetik 20 minututan iritsi zaitezke bi laku ezberdinetara eta bertatik hainbat eski ibilbide egin. Eski alpinoa gustoko dutenentzako ere, eski estazio bat dago autobusez 30 minututara. Horrez gain, metroa hartuta, 2km-ko jeitsiera batera joan zaitezke, bereziki lerarekin jeisteko. Noizbehinka. pandemia aurreko festa giroa faltan botatzen genuenez, lakuren baten ertzean sua egin eta inguruan elkartzen ginen garagardo batzuekin gauaz eta lagunarteko giroaz gozatzera. Zorte handia eduki dugu Norvegiak ezarritako Covid-aren aurkako neurriekin. Nahiz eta herrialdera sartu ostean berrogeialdia egin behar izan genuen, behin herrialde barruan egonda nahi adina bidaiatu ahal izan dugu.
Gabonetan Tromso-ra joan ginen, ipar polotik 2000km tara dagoen hiri batera. Bertan, iparraldeko argiak ikusteko aukera izan genuen, bizitzan inoiz ahaztuko ez dugun esperientzia bat. Ikusgarria da zeru ilunean horrelako argi berdexkak olatuen moduan mugitzen ikustea. Bertan Sami gida batekin harremanetan jarri ginen, Norvegiako antzinako tribuetako bat, beraien aintzinako ohiturak, kantuak eta orein zaintza erakutsi zizkigun. Ehundaka oreinen artean ibili ginen hauei jana emanez eta adar ikusgarriekin liluratuz.
Behin Norvegiako iparraldea ezagututa eta udaberria gerturatzen zihoan heinean, fiordoak ikusteko garaia zela erabaki genuen. Bergen eta Trondheim bisitatu genituen bertako mendi, urjauzi eta fiordo ikusgarriak bisitatuz. Jada udaberrian sartuta eta elurra alde batera utziz mendi irteera gehiago egiten ari gara, Novegiako naturaz gozatuz eta ahal bezain beste aprobetxatuz.
Enpresari dagokionez, Simulan gaude, ikerketa zentru bat da diru publikoz finantzatuta dagoena. Simula beste hainbat enpresekin batera kokakuta dago Oslotik kanpoaldera, autobusean 30 minutu inguru dira, baina astean zehar lan orduetan (goizean eta arratsaldean) autobus bereziak jartzen dituztenez 20 minututan iritsi ohi gara. Technopolis enpresa talde barruan dago Simula, eta bertan hainbat zerbitzu ditugu eskuragarri: kantina, supermerkatua, gimnasioa, etab… Simulak langileekiko laguntza ugari eskaintzen ditu, hala nola, garraio publikorako eta otorduetarako diru laguntza, etxerako internet sarea edota mugikor sarea. Enpresak gure ongizatean interesa duela somatzen dugu, eta benetan baloratuak sentitzen gara. Proiektuei dagokienez ikerketa zentru bat izateak gai berritzaile bat izatea ziurtatzen digu. Orokorrean oso gustura gaude bi proiektuekin, benetan gizartean garrantzia izan dezaketela ikusten baitugu.
Proiektu bat programazio kuantikoaren ingurukoa da eta bestea Euskal Herriko Orona enpresarekin bat igogailuen inguruko testeoena GA (genetic algotihm) erabiliz. Biok aurretik Euskal Herrian beste enpresa batzutan egondakoak gara, (Joritz MGEPen eta ALMIS enpresan egin bait zuen Lan Ikaste Partekatzea eta Eñautek UlmaHandling Systemen). Eta Eñautek DUAL zigilua lortzeko prest dago, 2.,3. eta 4. mailak lana eta ikasketan DUAL formatuan egin dituelako. Orokorrean Simulako esperientziarekin biok pozik gaude, bai lan giroari zein sozialari dagokionez. Proiektu batean, igogailuen simuladore bat erabiltzen da, Elevate izenekoa. Simuladore horretan Orona enpresak utzitako kodea ezartzen da, eta kodea horrekin igogailua erabiliko duten bidaiarien profil ezberdinak dituzten hainbat fitxategi testeatu edo simulatu ahal dira. Modu honetan, bizitza errealean bulego, ospitale… batean egon ahal diren igogailuaen funtzionamendua simulatzen da. Helburua, adimen artifiziala (bereziki genetic algorithm) erabiliz, bidaiariek igogailuaren zain egon behar duten denbora txikitzea da, modu honetan, igogailuei beraien funtzionamendua konplexuago eginez.
Programazio kuantikoaren proiektuari dagokionez, aldez aurretik hau zer den azaldu beharra dago. Programazio kuantikoa konputazio kuantikoan oinarritzen den programazioa da, bertan konputazio klasikoko bit en ordez Qubit ak erabiltzen dira. Hauek bit klasikoen 2 egoerez gain (0 eta 1) hauen arteko konbinazio posible guztiak eduki ditzakete, ala nola fisika kuantikoan oinarrituriko hainbat fenomeno (superposizio egoera, korapilo kuantikoa, etab…). Honen ondorioz konputazio klasikoak baino kapazitate haundiagoa du eta etorkizun batean oso lagungarriak izan daiteke algoritmo konplexuak ebazteko. Proiektuaren funtsa mutante sortzaile bat garatzea da, horrela programa kuantiko bat oinarritzat hartuz eta aldaketa txikiak eginez honen akats nagusiak aztertu ahal izateko.
Beraz, ikusten duzuen moduan, esan beharra dugu oso gustura gaudela hartutako erabakiarekin, nahiz eta munduko egoera ez izan egokiena, zaila izango da Norvegia baina hobeto dagoen herrialderen bat aurkitzea.