Batxilergoa bukatu nuenean, garbi neukan informatika ikasiko nuela. Ez neukan argi, Ingeniaritza teknikoa egingo nuen, edo Goi mailako ingeniaritza, baina gauza bat argi neukan, informatikarekin erlazionatutako zerbait ikasi nahi nuela. Hasi eta gutxira, hemendik kanpo ikasten zuen jendea ezagutu nuen, eta baita doktoradutza egiten ari zen norbait ere. Eta burura etorri zitzaidan lehenengo gauza… “ni kanpora? Ez, ez, etxean ondo nago. Doktoradutza? Hori gehiegi da guretzako, niretzako behintzat bai”.
Karrerako lehenengo hiru urteak pasa ziren, Sistemen informatikan ingeniaritza teknikoa bukatu eta erabaki bat hartu behar izan nuen. Goi mailako ingeniaritzara pasako al naiz? Inguruko lagun asko lanean zebiltzan jada, baina ikasketak gustuko nituenez, aurrera jarraitu nuen.
“Erasmus programa, munduari buruzko ikuspegia aldatzeko aukera aparta”
5. mailara iritsi eta espero ez nuen aukera bat aurkeztu zitzaigun Eskolan, GEP-MUn : informatikan Erasmusera joateko aukera izango genuen lehenak ginen! Eta zortez, aukeratuetako bat izan nintzen. Inoiz ahaztuko ez ditudan hilabeteak pasa nituen Athlone-go AIT Unibertsitatean, Irlandan.
Duda mudatan egon nintzen, baina inoiz ahaztuko ez ditudan hilabeteak pasa nituen Irlandan Erasmus programari esker. Jende berria ezagutu, kultura berriak ezagutu, beste unibertsitate batzuetan nola ikasten den ikusi… eta ez hori bakarrik, informatika ikasten zuten kanpoko ikasleekin ikasteko aukera izan nuen.
Informatikako ikasketak beste hizkuntza batean egiteaz gain, beste pertsonekiko jarrera irekiago bat izatera bultzatzen zaitu, eta alde batetik bestera zure kabuz mugitzea ere badakar. Hau, liburuetan nekez aurkituko duzun zerbait da, eta etorkizunean asko eskertzen den zerbait. 2008 urtea pasa eta ikasketak bukatuta (hori uste nuen orduan), lan munduan murgiltzeko ordua iritsi zen.
“Ikerkuntzaren mundua”
Ikasketetan zehar, bekadun moduan, lan ikaste prtekatzea aukera bitartez, lan batzuk eginak nituen, eta akademia batean ere irakasle moduan egon nintzen. Baina, karrera bukatu ondoren lanean “benetan” hasteko garaia zen. Erasmusetik bueltatua nintzenez, Arrasatetik irtetzeko grinak bultzatuta, Espainian zehar (Valentzia, Madril eta Bartzelonan) elkarrizketak egiteko aukera izan nuen. Baina azkenean CEIT ikerkuntza zentroan lanean hasi nintzen.
Ikerkuntza mundua berria zen niretzat, eta baita simulazio eta simulagailuen mundua. Bat-batean mundu berri baten aurrean aurkitu nintzen. Eta hori da informatikaren abantailetako bat. Horren aukera zabala eskaintzen du, beti gauza berriak ikasteko aukera dagoela, teknologia berriak, lan eremu desberdinak… nik, gutxienez, ez dut aspertzeko betarik izan.
Ikerkuntza munduan murgilduta negoenez, doktoradutza egiteko hauta ere eduki nuen (asko pentsatu ondoren). Eta honetaz ere ez nintzen damutu. Momentu gogorrak pasatzen diren arren, aurrez aipatu dudan moduan, liburuetan aurkituko ez dituzun trebeziak aurkituko dituzu ikerkuntzaren munduan. Adibidez, arazoak zure kabuz konpontzen, proiektu berriak proposatzen eta sormena izaten.
“Ekintzailetasuna”
Doktoradutza egiten ari nintzen bitartean, ideia berri ugari izan genituen, eta horien arteko bat burutu eta startup bat sortzea erabaki genuen: Langademy, hizkuntzak ikasteko sare sozial bat. Startup teknologiko bat izan arren, arlo desberdinetan lan egin behar izan dut etapa honetan: diseinuan, komertzial lanetan eta finantzen arloan besteak beste.
Zure kabuz lana egiteak abantaila ugari ditu: flexibilitatea, zure ideiak eta produktuak garatzeko aukera, aurrez aipatutako moduan eremu desberdinetan lana egitea eta abar. Azkenean, zeure buruaren jabe zara. Baina inbertsoreak eta enpresen azeleragailuak ere inguruan egoten dira beharra izan ezkero. Gure kasuan, guztia geure kabuz egitea erabaki genuen, eta lana ere sozioetako baten etxean edo geure etxetik bertatik egiten genuen, hasierako momentu horretan guretzat hobeena zela erabaki genuelako. Hala ere, inguruan genituen beste startup batzuk Saiolan eta BIC bezalako erakunde eta inkubagailuen laguntza jaso zuten.
Kasu hauetan gauza bat argi izan behar da. Startup bakoitzak bere bidea egin behar du, aurrera irten nahi badu. Batzuetan, kanpotik eskainitako laguntza oso baliagarria izan daiteke. Bestetan, zure inguruan inork egin ez duen bide bat egiten ariko zara, eta kanpoko laguntza jasotzea ez da erraza izango. Ez da larrosaz beteriko bide bat. Batzuk badaude, bai, baina kontu izan arantzekin.
Aspektu filosofikoak alde batera utzita, aipatu beharra dago arlo honetan ere informatika ikasteak abantaila ugari ematen dituela. Produktu asko garatzerako orduan, informatikak bere garrantzia dauka. Beti egoten da web, app edo programa bat garatzeko beharra, eta zer esanik ez startup teknologiko bat garatzea nahi bada. Esparru honetan, negozioaren oinarria den lan hau subkontratatzeak arrisku ugari izan ditzake enpresa hasi berri batentzat, eta ekonomikoki, ez dago edozeinen esku.
Honezkero, uste dut argi geratu dela ingeniaritza informatikoa ikasi eta ondoren doktoradutza egiteak nire bizitzan izan duen eragina. Gaur egun, guzti hau hasi zen lekuan bueltan nago, Mondragon Unibertsitatean dihardut ikerkuntza lanetan Telematikako ikerketako lerroan. Datuen analisi eta gaur egun horren modan jarri den Big Dataren arloan murgildu naiz. Esan bezala, informatikaren mundu honetan inoiz ez dakizu non bukatuko duzu.
Nire gomendioa: informatika gustuko baduzue, jo aurrera, mundu honek eskaintzen dituen aukerak ez baitdituzue beste arlo askotan aurkituko. Eta kanpora irten eta ikasten jarraitzeko aukera baduzue, ez bitan pentsatu!