Kaixo.
Jon Gabarain nauzue. 10 urte daramazkit Oronan lanean, igogailuen munduan, eta beti enpresa berean egon izan arren, hiru departamentuetan lan egin ahal izan dut. Mondragon Unibertsitatean ingenieritza informatikoa ikasteak asko lagundu dit ibilbide hontan.
Euskarri Industrial sailean hasi nintzen lanean. Produktuaren estrukturazioa egiten da hemen. Bertan datu basea eta aplikazio korporatiboak ezagutu ahal izan nituen, eta oso erabilgarria izan zait beti, datu basetik ze informazio jaso edo datu horiek nola erabili daitezkeen jakin ahal izateko.
Exportazio departamentuan jarraitu nuen nere ibilbidea. Gure produktuen banatzailekin erlazioa mantentzen dugu hemen, proiektu berrien konfigurazioan laguntzen, eskaintza ekonomikoak prestatzen, eta eskabideak burutzen. Informatikarekin zerikusirik ez duen alor bat izan arren, hau izan da ikasketa hauek egin izanak gehien lagundu nauen lekua. Eskaintza eta eskabideak tramitatzeko ERP baten modulo bat erabiltzen zen, gure salmenta prozesurako oso ezegokia zena, eta tramitazio guztia asko moteltzen zuena. Prozesuen automatizaziorako aukerak errezago ikustean, aplikazio berri baten garapena proposatu eta diseinatzeko aukera izan nuen, gure lan prozesura moldatzen zena, alderantziz izan beharrean. Emaitza oso ona izan zen, prozesu guztia erabat azkartu zelako, eta horrek denbora gehiago utzi zigun benetan beharrezkoa zen puntuetan ekarpenak egiteko.
Orain departamentu teknikoan dihardut. Hemen, espezialitate guztietako 60 ingeniarik egiten dugu lan. Igogailuen fabrikazioaren planifikazioa, muntaia planoak, trafiko eta bideragarritasun estudioak, igogailuen modernizazioak, eta salmentarako kontsulta teknikoak argitzen ditugu bertan. Oso eremu zabala da eginkizun asko burutzen baitira, eta informatika beti dago bertan. Momentu askotan oso lagungarria da informatikaria izatea, bai norberarentzat, bai lankideentzat, agian azken hau, informatikari guztiok dakigun bezela, guretzako gustokoena ez den arren.
Departamentu teknikoan hobekuntza proiektu ezberdinak ere garatzen ditugu. Proiektu horietako bat bezeroei zuzenduta dagoen web aplikazio berri baten garapena da, eta gaur egun ni naiz proiektu horren arduraduna, alde batetik, informatika ikasketei esker.
Informatika departamentuan lan egiten ez duen informatikoa izanik, Oronan proiektu askotan parte hartzeko aukera eman didate, bai informatika bai negozioaren alor ezberdinak ezagutzeak asko laguntzen baitu soluzioak bilatzerakoan. Eta hori, lanbide-karrera arrakastatsu bat izateko aukera paregabea dela deritzot.