Pablo Valle Mondragon Unibertsitateko ( MU) Goi Eskola Politeknikoan (GEP) Ingeniaritza Informatikoa Gradua 3.maila ikasten ari da. 2.mailan zegoela, duela urte eta erdi, hain zuzen, ikasketak eta lana partekatzen hasi zen (Lan Ikaste Partekatzea edo LIP bitartez) . Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko Softtware eta Sistemen Ingeniaritza ikerketa-taldean hainbat proiektutan kolaboratzen dago, Aitor Arrieta irakasle eta ikerlariaren tutoretzapean. Irailetik gaur egun arte, Ibilgailu Autonomoei buruzko proiektu bat landu du Aitor Arrieta eta Jon Ayerdi doktoregaiarekin. Pablok proiektu hori buruzko ikerketa-artikulu bat idatzi du eta Nazioarteko “ICSE 2021 SRC – ACM Student Research Competition” konferentzian onartu eta argitaratu dute.
Pablo Valle, Mondragon Unibertsitateko eraikinean
Zorionak Pablo egindako lanagatik, eta nola ez, zure lorpenagatik!! Ezagutu dezagun zure ibilbidea orain arte:
- Zergatik aukeratu zenuen Ingeniaritza Informatikoa ikastea? Eta zergatik Mondragon Unibertsitatean?
Txikitatik teknologia mundua asko erakarri egin nau. Hasiera batean tresnak erabiltzen ikasi nuen, horren ondoren teknologia garatzen eta nire inguruan agertzen zihoan heinean teknologia berri horiek nire kuriositatea pizten joan ziren. 18 urte nituela, bigarren batxilergoa ikasten nengoen eta hurrengo urteetan ikasiko nuen Gradua eta Unibertsitatea aukeratu behar nuen. Teknologia oso gogoko nuenez ingeniaritza bat ikasi behar nuela argi neukan, hala ere Informatika eta telekomunikazioen artean dudatan nengoen.
Orduan, hainbat unibertsitateetako ate irekietara joan nintzen eta bertan argi geratu zitzaidan Ingeniaritza Informatikoa ikasi nahi nuela, batez ere nire gaitasunekin eta erakartzen ninduten gauzekin bat zetorren ingeniaritza zelako. Aukeratzeko nituen unibertsitate guztien artean Mondragon Unibertsitatea bi arrazoiengatik aukeratu nuen. Alde batetik, enpresarekin daukan lotura sendoa ikusita etorkizun batean lana edukitzeko aukera gehien ematen zidan unibertsitatea zen eta beste aldetik nire etxetik gertuen dagoen Unibertsitatea delako. Eibarren bizi naizenez egunero joan-etorriak egitea beharrezkoa da edo pisu bat alokatzea eta unibertsitatetik kanpo denbora gutxi dakadanez hau aprobetxatzeko aukera oso garrantzitsua zen.
Pablo Laborategian lanean
- Zelan hasi zinen LIP egiten? Zelan daramazu zure eguneroko denboraren kudeaketa?
Ingeniaritza Informatikoko lehenengo maila amaitzerakoan feedback-a jaso genuen eta momentu horretan zegoen irakaslearekin hitz egin nuen bigarren mailan lanean hasi nahi nuela. Handik gutxira Unibertsitatean elkarrizketa bat eduki nuen Aitor Arrieta eta Goiuriarekin, Software eta Sistemen Ingeniaritza ikerketa-taldeko koordinatzailea, eta bigarren mailako irailean bertan LIP-arekin hasi nintzen. Handik aurrera egunero klaseko 5 ordu eta laneko 4 ordu egiten ditut.
Hasieran zaila da ohitura hartzea, izan ere arratsaldeak libre edukitzetik arratsaldeak lana egitera pasa nuen. Hala ere, graduan ematen diren ikasgaietako eduki asko lantzen ditut lanean (LIPean) eta ez bakarrik klasean emandakoa baizik eta sakonago lantzen ditut. Behin ohitura hartuta lana eta ikasketa partekatzea nahiko erreza eta eramangarri bihurtzen da.
- Zer egiten duzu zure lanean?
Lanean Software eta Sistemen Ingeniaritza ikerketa-taldean barruan egonda softwareen eta sistemen bizi zikloa eta horren balidazioaren kudeaketa egiten dut. Daraman urte eta erdian batez ere sistemen eta softwareen testeoan bideratu dut nire lana. Hasieran nik bakarrik egiten nuen lan, Aitorren laguntzarekin mundu honetan murgiltzea lortu nuen. Ikerketa taldean nirekin batera Jon Ayerdi dago, bera Tesia egiten dago eta honekin lotura handia du, beraz, hainbat proiektutan berarekin egin dut lan.
Orain amaitu berri dugun proiektua, ibilgailu autonomoen testeoak egiteko Testing Metamorfikoaren teknikaren ikerketa egin dugu, honekin Jon-ek bere tesiaren ikerketa kasuak handitzeko aukera dauka, hau gehitu dezake eta. Hortaz gain, proiektu honekin ateratako emaitzei buruzko ikerketa artikulu bat publikatu dugu: “Metamorphic Testing of Autonomous Vehicles: a case study on Simulink”.
- Zelan bururatu zitzaizuen artikulu bat argitaratzea? Zeri buruz hitz egiten duzue ikerketa artikulu horretan?
Egun baten lanera etorri nintzenean korreoa begiratu nuen eta Aitorren korreo baten esaten zuen konferentzia baten poriektuari buruzko artikulua bidali nahi zela ikerketa taldetik, beraz, egindako Proiektuan pentsatu zuten eta idazteari ekin genion.
Ibilgailu Autonomoek (AV) jendea autoz bidaiatzeko modua aldatuko dute. Hala ere, ibilgailu autonomoen erabilera handitzeko, proba-teknika eraginkorrak behar dira. AV baten gidatzeko kalitatea kontuan hartu behar da sistema horiek probatzerakoan. Hala ere, beste sistema konplexu batzuetan bezala, AV baten gidatze kalitatean probaren emaitza zehaztea oso konplexua izan daiteke. Arazo hau konpontzeko,Zerbitzuaren Kalitatea (QoS) metriken balioen azterketa metamorfikoen aplikazioa aztertzen dugu MATLAB / Simulink-en modelatutako AVak probatzeko, merkatuan modelatzeko tresna nagusietako bat. Lehenik eta behin, AVei aplikatutako QoS neurri multzoa definitu dugu, orain dela gutxi egindako ikerketa bat erreferentzia bezala edukita. Haiekin, erlazio metamorfikoak definitu ditugu. Azkenik, Simulink-en modelatutako AV batean planteamendua ebaluatzen dugu mutazio probak erabiliz. Lortutako emaitzak gure ikuspuntuarekin erroreak aurkitzeko eraginkorra dela adierazten dute.
- Zelan funtzionatzen du horrelako konferentzia bat?
Behin ikerketa artikulua ICSE 2021 SRC ACM Student Research Competition konferentziara bidalita hauen erantzuna itxaron behar da. Hainbat aste pasa ondoren erantzunan gure artikuluan hobetzeko hainbat iradokizun egiten dituzte eta hau onartuta dagoen edo ez esaten dizute, kasu honetan onartuta izan da.
Onartuta badago, artikulua hobetu ondoren berriz igo behar da eta konferentziaren eguna eta formatoa bidaltzen dute. Konferentzia horretan hautatuak izan diren artikuluen aurkezpena egiten da. Gure kasuan, konferentzia online izango da Covid-19-ren egoera dela eta, beraz, poster bat egin behar dugu eta honen aurkezpena grabatu eta beraien plataformara igo.
Maiatzaren 25ean posterrarekin aurkeztu behar da artikulua eta adituek hau baloratzen dute, hortaz gain, hainbat galdera egiten dituzte. Konferentzia osoa ingelesez izango da, noski, nazio arteko konferentzia izanda, onartutako artikuluak edozein herrialdetakoak izan daiteke.
Azkenik, konferentzian aurkeztutako artikulu guztien artean pare bat aukeratzen dituzte, 28-an aurkezpen zabalago bat egiteko eta horietatik “irabazlea” dena ICSE 2021 konferentzian beste arloetako irabazleekin aurkeztuko du bere artikulua.
Pablo Valle, Jon Ayerdi doktoragaiarekin lanean laborategian
- Zer sentitzen da horrelako konferentzia baten 20 urterekin parte hartzerakoan?
Horrelako lorpen baten aurrean izugarrizko ilusioa eta konfiantza ematen du, hala ere, gero birritan pentsatzen duzunean, beldurra sartzen zaizu. Izan ere, horrelako konferentza bat ematen dudan lehenengo aldia izanda eta kontuan hartuta 20 urte ditudala eta konferentzia baten aurkezten dutenak normalean doktorauak edo doktorautzako ikasleak ematen dutela agian handiegia geratzen zait. Baina, artikulua onartu baldin badute, lan ona delako izango da, beraz hain gazte izateak asko motibatzen nau.
Bestalde, konferentzia emateko irrikitan nago, ea zelakoa den, zer nolako sentsazioak ditudan momentuan eta ea ondo egiten dudan. Momentuan ikusiko dut zelan ateratzen den baina ziur nago momentua asko disfrutatuko dudala.
- Ziur baietz!! Eta amaitzeko, etorkizunera begira, zein asmo duzu hurrengoko urtetarako?
Etorkizunera begira ikasketekin jarraitzea gustatuko litzaidake. Gradua amaitzerakoan Masterra eta Doktorautza egiteko asmoa dakat, izan ere, egiten dudan ikerketa lanean oso gustora nago, bai lanakin baita lankideekin ere. Hortaz gain txikitatik nik dakizkidan gauzak besteei irakaztea gogoko izan dut, beraz aukera izanda irakasle/ikerlari lana egitea gustatuko litzaidake unibertsitatean. Horrela, egunero gauza berriak ikasi ahal izateko eta ikasitako gauza guzti horiek besteekin elkarbanatzeko. Momentuz Ingeniaritza Informatikoa gradua amaitu eta masterra hasteko helburua dakat, poliki-poliki nire bidea eraikiz.
Milesker Pablo gurekin zure bizipenak partekatzeagatik, eta hobena opa dizugu jarraian dituzun erronken aurrean!
Pablo Valle ikaslea Eta Kitto aldizkarian