Ni Oier Saizar naiz, Ingeniaritza informatikoko Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko (MU–GEP) ikaslea. Joan den urtean Erasmus programan parte hartzea erabaki nuen eta abuztutik Suediako Linköping hirian ari naiz nire ikasketak gauzatzen.
Egia esan, karrera hasi nuen momentutik aukera izanez gero Erasmusa egin nahi nuela garbi nuen. Bidaiatzea gustuko dut eta egon ez naizen herrialdeak ezagutzeko aukera ona iruditzen zitzaidan, Europa ekialdea edo iparraldea adibidez, urrutiago joateko arazorik ere ez nuen izango. Beraz, lehengo urtean Erasmus egiteko aukera eman zidatenean eta norakoa Suedia zela ikusita, izena eman nuen.
Beka eman zidaten eta abuztuko azken astean ezagutzen ez nuen herrialde batera abiatu nintzen ordura arte pare bat aldiz ikusi nuen lagun batekin (Kaixo Beñat!). Orduandik 9 hilabete pasa dira, oso azkar pasa ere, eta Linköping-en etxean bezala nagoela esan dezaket.
Nolakoa da Linköping? Linköping ikaslez betetako hiria da, ikasle ez direnak ere bizi dira bertan noski, baina hiriko zati garrantzitsuak dira unibertsitatea eta bertako 17.000 ikasleak. Hainbeste ikaslerekin giroa ezin hobea da, bai ikasteko eta bai aisialdirako ere. Izan ere, ikasle elkarte ezberdinek ekintza asko antolatzen dituzte eta astero dago zer egin. Kanpoko ikasleak ere asko gara eta leku askotakoak, Europa osoko jendea ezagutu dut hemen, baina baita Europa kanpokoak ere. Honek kanpoko ikasleon bizitza erraztu egiten du, zure egoera berdinean dauden ikasle asko ezagutzen dituzu eta.
Hemengo unibertsitateak “Linköping University” edo LiU du izena. Klaseak emateko modua eta ebaluazio sistema oso desberdinak ditu MU-rekin alderatuta. Hasteko, hemen ebaluazioak 2 hilabetekoak dira, urtean 4 ebaluazio osaturik. Ebaluazioak hain motzak izanda, normalena ebaluazio bakoitzean bi edo hiru ikasgai izatea da. Hau ona dela iruditzen zait, bi hilabetetan ikasgai gutxi batzuetan arreta jarrita asko ikasten da, baina baditu bere alde txarrak ere, 2 hilabetero azterketak izateak ez du atseden asko hartzeko denborarik ematen adibidez.
Beste ezberdintasun bat azterketak berak dira, hemen ikasgai osoko nota azterketa bakar batekin erabakitzen da. Hasieran hau gogorra iruditu zitzaidan, azterketak luzeak dira (4 ordu) eta ohitura faltagatik edo lehenengo ebaluazioan ez nuen oso ondo pasa. Denborarekin ohitu naiz sistema honetara, baina MU-ko POPBL-ak nahiago ditudala esan beharra daukat.
Bukatzeko, ezberdintasun handiena klaseen ordutegia da. Hemen egunero ordutegi ezberdina daukat, batzuetan 8 tatik 12 tara unibertsitatean nago, besteetan 10 etatik 17 etara… Ez dago ordutegi finko bat. Hau, arraroa dirudien arren, ona da. Arrasaten baina askoz klase ordu gutxiago ditut astean. Hau lana klasean egiten ez delako da, klaseak teoriarako bakarrik dira, lana etxean egingo dela suposatzen da eta ikasgaiak horretarako prestatuta daude. Ikasleok gure burua organizatzeko askatasun handiagoa dugu honela, gure denborari nahi dugun bezala etekina ateratzeko. Askatasun hau asko eskertzen da, baina festan ibili ondoren ez gainditzeko arriskua ere badakar.
Aipatu dudan moduan, 9 hilabete pasa ditut Suedian. Jada ez zait asko geratzen kurtsoa bukatu eta etxera itzultzeko. Asko ikasi dut hemen, bai unibertsitatean eta baita neure buruaz ere. Atzera begira, hemen egindako lagunak, izandako abenturak eta desbenturak etortzen zaizkit gogora. Ikasturte honen gorabeherak ikusita Suediara etortzea erabaki onena izan dela esan dezaket dudarik gabe.