Estudiar Informática

Ingeniari informatikaria hizkuntza-teknologien ikerketan

Igor Leturia AzkarateNire izena Igor Leturia Azkarate da eta 42 urteko arrasatearra naiz. Egin ditudan ikasketen artean lehenengoa eta, esango nuke, garrantzitsuena, Arrasateko Eskola Politeknikoan (gaur egun Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa) egindako informatikako ingeniaritza izan da. Lerro hauen bitartez azaldu nahiko nuke  lan munduan zein gauza egin ditudan eta egiten ari naizen. Bukaeran, erreflexio txiki batzuk:  zergatik egin nituen ikasketa horiek?

Nire lan esperientzia

Eskola Politeknikoan ingeniaritza informatikoko ikasketakegin ondoren, Goier programaren bidez Toulousen informatikako lizentziaturaren azken urtea egin nuen, eta gero elektronikako ingeniaritza sortu berri zen Mondragon Unibertsitatean. Baina nire burua informatikaritzat dut eta horretan egin izan dut beti lan. Informatikako ikasketek irtenbide asko izan ditzakete. Ordenagailu sareen administrazioa, webguneak eta web aplikazioak egitea, bideojokoak egitea, programak eta aplikazioakegitea, ikerketa (robotika, adimen artifiziala eta horrelako arloetan)… Ni horietako askotatik pasatu naiz.

Mondragon Unibertsitatean Ikasketak egiten nituen bitartean egun erdiz Ikerlanen aritu nintzen lanean. Lehenengo etapan 3 urtez Elektronika sailean, besteren artean sare neuronalekin ikertzen, eta bigarren etapan 2 urtez Adimen Artifiziala sailean, makinen autodiagnostikorako programak idazten.

Ikasketak amaitu ondoren, beste bi lagunekin batera SOME Software Innovation enpresa sortu genuen, enpresentzako neurrirako software garapena egiten duena. Zuzendari Teknikoa izan nintzen bertan. Hiru urtez aritu nintzen bertan utzi nuen arte.Hori egiteko arrazoia nire euskararengatiko zaletasuna izan zen. Euskararen normalizazioan jarduten duen EMUN Kooperatiba Elkartea sortu berria zen eta beraien informatika kontuak eramango zituen norbait behar zuten. Bost urtez izan nintzen bertako IKT Zuzendari, informatikarekin zerikusia zuen guztiaz arduratuz: sistemen administrazioa (sarea, ordenagailuak…), aplikazioak programatzea, webgunea egitea, intraneta…Gaur egungo lana, Elhuyar Fundazioan hizkuntza-teknologietan ikertzen. Geroztik eta gaur arte Usurbilen dagoen Elhuyar Fundazioan dihardut lanean. Bere jarduera ezagunenak hiztegigintza eta zientziaren dibulgazioa (Teknopolis telebistako programa, Norteko Ferrokarrilla irratsaioa, Zientzia.net webgunea…) badira ere, hizkuntza-teknologien sail bat ere badu eta bertan egiten dut lan nik.

Zer dira hizkuntza-teknologiak?  Hizkuntzen ordenagailu bidezko tratamendua da, makinek hizkuntzak “ulertzea” azken finean. Hizkuntza-teknologiak adimen artifizialaren azpiarlo bat dira, robot edo makina adimendunak egiteko beharrezkoa baitira. Oso erabiliak bihurtzen ari dira (Google-ren itzulpen automatikoa, telefono mugikorretako ahots-ezagutza…) eta etorkizunean garrantzi are handiagoa izango dute, mundu geroz eta globalizatuago, gailuz beteago eta interkonektatuago baterantz baikoaz.Horregatik, Elhuyar Fundazioak apustu egiten du euskarak ere bere tokia izan dezan teknologia hauetan. Gure sailean hizkuntza-teknologien prozesu osoa egiten dugu, ikerketatik hasi, garapenarekin jarraitu eta komertzializazioraino. Batez ere euskararentzat egiten dugu lan baina ez soilik, teknologia batzuk hizkuntzartekoak baitira. Hizkuntza-teknologien barruan Elhuyarko gure sailean lantzen ditugun arloak ondokoak dira:

Hizkuntza-teknologien inguruan karreran ez da gehiegi ematen, baina horretan trebatzeko EHUko Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua masterra dago (master horren lehenengo promoziokoa naiz ni).

Nik 10 urte daramatzat sail honetan lanean. Ikerketako fasean aritu naiz gehienbat, edozein ikerketa-zentrotan egiten diren moduko lanak egiten: hipotesi bat edo teknologia bat probatu edo garatzeko, esperimentuak diseinatu, programak idatzi eta esperimentua aurrera eraman, emaitzak ebaluatu eta kongresu edo aldizkari espezializatuetan emaitzak argitaratu. Elhuyarren egin ditudan ikerketekin lotuta, nire tesia amaitzen ari naiz “Web-a euskarazko corpus gisa” gaia hartuta. Gaur egun hizkuntza-teknologien saileko arduraduna naiz.

Nire lanak nire bi pasio uztartzen ditu, informatika eta euskara. Baina informatika oso arlo zabala da eta arlo askotan dauka aplikazioa, edonork bere gustuko arloa aurkitzeko modukoa: webguneak, bideojokoak, robotika, industria… Eta alor gutxi egongo dira informatika bezain aldakorrak, beraz beti gauza berriak ikasten eta probatzen aritzea maite dutenentzako oso egokia da. Apur bat hacker izanez gero (zentzurik zabalenean, hau da, beti posible denaren mugak esploratzen aritzen dena eta arazoei konponbideak aurkitzen aritzea atsegin duena), informatika da irtenbiderik onena.

Elhuyar Fundazioko lankideak

Zergatik aukeratu nuen informatika ikastea?
Nire garaian Arrasateko jende asko sartu ohi zen Eskola Politeknikoan ikasketak egitera ia inertziaz. Azken finean, etxean bertan ikasten zen, izen ona zuen zentro batean, eta inguruko kooperatibetan lana egiteko aukera ematen zuen. Beraz, bestelako bokazio argirik izan ezean, errazena, normalena eta logikoena hori egitea zen, nahiz eta kasu batzuetan argi ez izan zer den ingeniari izatea (ez da mediku, abokatu edo horrelako lanbideetan bezain argi ikusten zer den ingeniari baten lana, are gutxiago kontuan hartuta zenbat espezialitate ezberdin zeuden…).

Hori ez zen nire kasua izan. 13 urte nituenean gurasoek Sinclair ZX Spectrum 48K ordenagailu bat erosi ziguten, aurreko udan Ingalaterran oporretan ezagutu genuena. Herriko lehenengotako etxeko ordenagailua izango zen. Ezin da hura konparatu gaur egungo ordenagailuekin ezaugarriei eta ahalmenari dagokionez (16 KB ROM zituen, 25KB RAM, 256x192ko bereizmeneko eta 8 koloreko pantaila memoria telebista bati konektatzeko, disko gogorraren ordez kasetea erabiltzen zen…), baina garai hartarako kristorena zen. Haur batentzat harekin programatzen eta, azken finean, hackeatzen ikastea (benetako hackeatzea baitzen hain ahalmen gutxiko makina bati ateratzen zitzaion errendimendua ateratzea) ikaragarria zen, ni markatu egin ninduen. 20 urte ingururekin lehen PCa izan genuen arte milaka ordu egin nituen harekin, jolasten eta programatzen. Adibidez, batxilergoan informatikako klaseetan PCetan ikasten genuen Karel robota programazio-lengoaiaren editore, konpilatzaile eta simulatzailea egin nituen Spectrum-arentzat! Tira, kontua da 13 urte nituenetik argi nuela informatikari izan nahi nuela, eta Arrasateko Eskolan bertan hori egin zitekeenez, hori aukeratu nuen.

Zer ikasten da informatikako ikasketetan?
Ez naiz inoiz damutu informatika-ikasketak egitea aukeratu izanaz. Edozein ikasketa araututan bezala, beti daude ikasgai batzuk ongi ez daudenak edo ongi ematen ez direnak, baina orokorrean ikasten dena oso interesgarria da. Ordenagailuek nola funtzionatzen duten ikasten da, berauek nola programatu eta nola probetxua atera.

Uste okerra dago informatika-ikasketen inguruan. Azken bi urteetan parte hartu izan dut Eureka!Zientzia Museoak gazteak zientzia-ikasketetara bideratzeko orientazio-jardunaldietan, eta bertan gazte asko hurbildu izan zaizkit esanez ordenagailuak atsegin dituztela baina informatikako ikasgaian eman izan dutena ez. Izan ere, ofimatika ematen dute, edo blog bat egiten ikasten dute eta horrelako gauzak, hau da, ordenagailuak erabiltzen irakasten diete. Hau aspergarria zaie (bestela ere ikasten baita hori) eta beldur dira karreran ere hori egingo ote den… Informatika ez da ordenagailuak erabiltzen ikastea; informatika ordenagailuek nola funtzionatzen duten eta berauek programatzen ikastea da. Nire ustez lehen eta bigarren hezkuntzan oker egiten da horrela jokatzean. Erresuma Batuan bezala egin beharko litzateke, batxilergoan programatzen ikastea derrigorrezko ikasgaia da. Hori komentatu izan dudanetan, askok esan didate programatzea etorkizunean ez zaiola baliagarria izango ia inori, ez badu informatika karrera egiten behintzat. Baina berdin gertatzen da fisika, kimika, biologia eta beste askorekin, eta berdin ematen dira…

Informatikako ingeniaritzan ikasten diren gaietara itzuliz, hauek dira, besteren artean:

Azken batean, esan bezala, ordenagailuak menperatzen, programatzen eta berauei zukua ateratzen ikasten da. Eta ordenagailuz inguratuta bizi garen mundu honetan (ia edozein gailu elektroniko baita ordenagailu bat gaur egun), hori superbotere bat izatea bezalakoa da! 😉

Salir de la versión móvil