Kaixo, Aitor Urbieta naiz eta Ingeniaritza Informatikoa ikasi nuen Mondragon Unibertsitatean 1999tik 2005ra. Informatikak eskaintzen dituen bide ezberdin guztien artean software ingeniaritza eta sistema txertatuak ziren gehien interesatzen zitzaizkidanak.
Ingeniaritza egiten nengoela ikerketaren munduarekiko interesa sentitzen hasi nintzela ikusi nuen eta Ingeniaritza amaitu ondoren Mondragon Unibertsitatean bertan doktoretza egiten hasi nintzen 2005ko Azaroan eta 2010ko Ekainean aurkeztu nuen berau. Doktoretzak Ingurune Adimentsuetako gailuen arteko koordinaziorako beharrezkoak ziren teknologiak ikertzea eta garatzea izan zuen oinarri.
Doktoretzako lehen bi urteak unibertsitatean bertan egin nituen eta bertan nengoela 6 hilabeteko egonaldia egin nuen Frantziar errepublikaren INRIA ikerketa zentro batean, INRIA-Roquencourten zehazki. Ondoren, behin ikerketa proiektua aurkeztuta, IK4-Ikerlanera joan nintzen tesia amaitzera, beti ere Mondragon Unibertsitateko doktoretza ikasle bezala. Ikerlanen nengoela ere beste 6 hilabeteko egonaldi bat egin nuen Londresko UCL unibertsitatean (University College London).
IK4-Ikerlanen nengoela eta tesia amaitu baino 6 hilabete lehenago (2010ko Otsailean) doktoretza ikasle izateari utzi eta kontratatu izatera pasa nintzen, sistema txertatuen taldean eta bertan bezeroentzako proiektu konkretuak egiten hasi nintzen (hau da, oinarrizko ikerketa egitetik ikerketa aplikatua egitera pasa nintzen), tesian zehar eta ingeniaritza ikasketak egiterakoan ikasitakoak aplikatuaz.
Kontratatu bezala lehen urte eta erdian (2010ko Otsaila eta 2011ko Ekaina bitartean) M2M (Machine To Machine) inguruko teknologietan lan egiten ibili nintzen, Web Zerbitzuak (SOAP zein RESTful zerbitzuak) baliabide urriko gailuetan integratuaz (Arduino bezalako gailuak erabiliaz). Proiektu mota honek ahalbidetu zidan tesian maila teorikoan gauzak egitetik maila praktikoago batera trantsizioa egitea.
Gaur egun berriz eta duela 2 urte eta erditik CAF enpresarentzako proiektu handi batetan aurkitzen naiz lanean, bertan garatzen dabiltzan softwareren (segurtasun maila altuena duena) balidazio taldean nabil lanean. Hau da, gure taldeak helburu bezala dauka bermatzea ea garatzen den softwareak bezeroak/estandarrak definitutako errekisitoak betetzen dituen ala ez.
Duela urtebete baino zerbait gehiago IK4-Ikerlango bazkide egin ninduten eta gaur egun oso gustura aurkitzen naiz bertan lanean. Momentu honetan gabiltzan proiektua amaitzen denean ez dakit zertan lan egiten jarraituko dudan, baina argi daukadana da proiektu interesgarriren bat izango dela eta bertatik gauza asko ikasteko aukera izango dudala. Hori baitauka IK4-Ikerlanek abantaila bezala, proiektu bakoitza gauza guztiz ezberdin bat izan daiteke eta lehenago etzenituen baliabide eta ezagutzak erabili eta ikastera behartzen zaitu, etengabeko formakutzan prozesuan murgilduta.