Estudiar Informática

Ingenieria Informatikaria mugikorren aplikazioak garatzen

Kaixo, Itxaso Ibarruri naiz eta Ingeniaritza Informatikoa ikasi nuen Mondragon Unibertsitatean 2000tik 2006ra. Informatikak dituen bide ezberdin guztien artean programazioa da gustukoen dudan atala.

Ikasketak amaitu eta berehala GFI Norte-n hasi nintzen lanean Vodafone-ko tarifen datu-basearen mantentze lanetan. Lehenengo lan hau topatzea asko kostatu ez arren, baliteke aukerarik onena ez izana. Hilabeteak pasa ahala, lana gero eta monotonoagoa egin zitzaidan eta aldaketa baten beharra sentitu nuen.

Urte bete pasa ondoren lanez aldatu eta Bilbomatica-n GIS taldean (Geographic Information System) hasi nintzen lanean Bizkaiko Foru Aldundiarentzat aplikazioak garatzen. Lan baldintzak hobetu eta erronka interesgarriagoak eskaini zizkidan. Bertan beste mota bateko aplikazioen garapen eta mantentze lanetan aritu nintzan, mapak eta geolokalizazioarekin zerikusia zutenekin hain zuzen. Proiektu handien kudeaketan esperientzia eta teknologia desberdinak ikasi eta aplikatzeko aukera eman zidan.

Azken hiru urtetan ETIC – Embedded Technologies Innovation Center -en (sistema txertatuen berrikuntza zentroa) ikertzaile lanetan nabil. ETIC, Garaia Berrikuntza Gunean kokaturiko enpresa zerbitzuen kooperatiba bat da.

2008. urtean sortu zen eta Microsoftekin daukan akordio baten bitartez Microsoft Innovation Center gisa dihardu. Hemen Microsoft-en punta-puntako produktu berriekin jolastu eta hauekin enpresentzako garatu daitezken soluzioak ikertzen ditugu. Momentuan Web Aplikazioetan, Windows 8 eta Mugikorretako aplikazioen garapenean murgilduta nabil.

Hau da informatika munduan izan dudan esperientzia, baina nork daki etorkizunak zer dakarkidan. Etengabe eraberritzen dabilen informatika mundu honetan, ikuspegi zabala eta aldaketei aurre egiteko gaitasuna edukiz gero, lanik ez zaigu faltako!

Salir de la versión móvil