– Hurrengo astean hasiko da Pello eskolan. 1.go egunean 30’ egon beharko da gelan, nirekin.
– Ba, Nahiaren irakasleak ez dit zehaztu zenbat denbora egongo den…
– Xabatek egokitzapena egin zuenean, bere egoeraren araberakoa izaten zen. Gustura bazegoen, han jarraitzen zuen jolasten… eta negarrez hasiz gero, berehala eramaten nuen.
– Kontu horiek guztiek ez dute ezertarako balio. Nik argi esan diot irakasleari ez dugula berak esandako egokitzapenik egingo. Guk zerbitzu bat ordaintzen dugu haurra nonbait uzteko. Ez daukat aukerarik umea beste inorekin uzteko… beraz, lehenengo egunetik goiz osoa pasako du Maddik.
Nabardurekin baina antzeko elkarrizketak entzuten dira egunotan Euskal Herriko txoko askotan. Haur txikiak dituzten gurasoen artean, hizketa-gai nagusienetakoa da euren seme-alaben eskolako hasiera eta horri atxikitako egokitzapena. Nola egin, nola antolatu, noiz arte… buru-hausterako gaia da guraso askorentzat. Gainera, egiteko moduak, antolatzeko era eta iraupena oso bestelakoak izaten dira, familietan zein eskoletan.
Oraingo honetan ez dugu hitz egingo eskolako hasiera egiteko modurik aproposenaz, luze joko bailuke eta gainera, egoera eta haurraren arabera moldatu beharko baikenukeelako. Aldiz, testu hau baliatu nahi dugu egokitzapena, adaptazioa edo nahi duzuen izeneko prozesu hori aldarrikatzeko.
Haur Hezkuntzan egiten den egokitzapena beharrezkoa da haurrak behar duelako erreferentziazko pertsona bat eskolan, atxikimendu irudi seguru bat; hau da, testuinguru berri horrek eskaintzen dizkion aukerak esploratzera abiatzeko oinarri seguru bat.
Eta denbora behar-beharrezkoa da Haur Hezkuntzako profesionala umearentzat oinarri seguru bihurtzeko. Elkar ezagutzeko ere denbora behar da, baita tokia eta gainerako haurrak ezagutzeko ere.
Honez gain, sarritan haurrak bere erritmo biologikoak ere egokitu behar izaten ditu. Ordutegi jakin batzuk jarraitu izan ditu familian eta eskolan hasteak ekar liezaioke goizago esnatzea, lehenago bazkaltzea… Esan gabe doa horrek ere denbora eskatzen duela.
Egokitzapena ez da txorakeri bat, Idoia Etxeberriak 2011ko irailaren 9ko Goiena paperean zioen bezala; ezta Haur Hezkuntzako profesionalek lan gutxiago egiteko darabilten estrategia ere. Arrazoi sendoak daude horretarako. Hala diote nazioartean eginiko ikerketek (Anhert autorea har daiteke erreferentziatzat).
Idoia, egia da orain dela urte batzuk horrelakorik ez zela egiten Haur Hezkuntzan. Baina egia da, baita ere, dentistek, argazkilariek, sendagileek, kotxe konpontzaileek, ingeniariek, ardo egileek, idazleek… guztiek ez dutela egun lan egiten orain 20 urte bezala. Aldatu dute euren lana egiteko modua ezagutza handiagoa dutelako, badakitelako nola hobetu beren lana. Beraz, langile horiekiko daukagun begirune eta errespetu bera eskatu nahi dugu Haur Hezkuntzan lanean ari diren profesionalentzat. Zorionez, gauzak modu berean ez errepikatzeagatik hobetzen da, berritzeagatik.